Larreak eta ardiak
Ezkio-Itsason, Igartubeiti Baserri Museotik gertu, Berroeta baserria dago. Bertan, Urkiola-Zubillaga familiak ogiak eta gaztak egiten ditu. Gaur egun 1.400 bat ardi dituzte.
Urtero udaberrian, maiatzaren lehen egunetan, elurra gailurretan urtu denean eta larrea hazten denean, artaldeak Aralarreko mendiko larreetara udan zehar bazkatzera sarobeetara eramaten dituzte kamioietan. Honek baditu bere arrisku eta zailtasunak, izan ere batzuetan ahalik eta buru gehien sartu beharraren beharraz abereak itota iristen baitira larreetara, bero izugarria izan dutelako edota gehiegi sartu dituztelako. Garai batean, Izazpira, Ezkio-Itsasoko mendirik altuenera eramaten zituzten eta egunero igotzen ziren bertara, bordarik ez zutelako eta baserritik nahiko gertu zutelako. Duela 16 urte, berriz, artaldea handitu zenez, Aralarrera eramaten hasi ziren, bertan borda bat dute eta familiko pertsonaren bat edo langileren bat gelditzen da han. Ardiak mendian daudenean, baserri inguruko belarra hazi egiten da, neguan jan ahal izateko.
Argazkia: Gema Arrugaeta
Udaberri-udan artzaina oso goiz jaikitzen da eta lehenengo egiten duen gauza bere txakur batzuk hartuta txabola gainean duen mendira igo, ardiak bildu eta eskortara ekartzea da. Eskortan banaka-banaka ardi guztiak jezten ditu gaztak egiteko. Jateko zerbait prestatu eta gaztak egin ondoren, artaldea soltatu eta larrera eramaten du. Bazkaldu ondoren, lokuluxka egitera joaten da bostak aldera arte. Ordu horretan artaldea bildu, eskortara jaitsi eta jetzi egiten du. Ondoren, gaztak egin, afaldu, irratia entzun eta 11,30ak aldera ohera joaten da.
Argazkia: Gema Arrugaeta
Udazkenean, azaro hasieran, artaldea baserrira itzultzen da eta Berroetakoek orduan bai, oinez dakartzate ardiak Goierriko zenbait herri zeharkatuz, irudi bikaina eskainiz. Horretarako Trafikora baimena eskatu behar izaten dute eta tasa bat ordaindu. Familikoak, lagunak biltzen dira, guztira 12 bat, artaldea Aralartik Ezkio-Itsasora eramateko. Larunbatean irtetzen dira Aralartik, Lazkaora jaitsi eta lagun batek utzitako larrean igarotzen dute gaua. Hurrengo goizean Lazkaotik Ezkio-Itsasora doan ibilbidea burutzen dute, gutxi gora behera hiru ordu behar izaten dituzte. Beranduenik goizeko 8:00retan irtetzen dira trafikoa ahalik eta gutxien oztopatzeko asmoz, aurretik eta atzetik kotxe bana eramanez. Atzeko kotxeak atoia darama ardiren bat atzean gelditzen bada bertan eramateko. Lazkao, Olaberria, Salbatore eta Ormaiztegi zeharkatzen dituzte, jendearen kuriositatea piztuz. Jendeak argazkiak ateratzen dizkiete, balkoietara ateratzen dira.
Lan gogorrena ondoren hasiko da, umeak egiteko dauden arkumeak eta ardiak bereiztu behar dira, sendagaiak eman, garbitu....