Koplaz kopla eta baserriz baserri: horrela ospatzen da Santa Ageda bezpera
Otsaila hirurren berezi batekin hasten da: Kandelario-eguna (otsailak 2an), non urte-liturgiko guztirako argizaria bedeinkatzen den; san Blas eguna (otsailak 3an), eztarriko minaren aurkako zaindaria; eta Santa Ageda bezpera (otsailak 4an). Otsailak 5ean ospatzen du Eliza Katolikoak Agate Deuna eguna, baina Euskal Herriko leku gehienetan, bezperan hasten da ospakizuna, iluntze-aldera.
Nor izan zen Santa Ageda eta nondik datorkigu honako tradizioa?
Laburrean esanda, Agate Deuna K. o. III. mendeko martiria izan zen, Siziliako Quinciano prokontsularen maitasuna atzera botatzeagatik bularrak moztera kondenatua izan zena. Hainbat botere egozten zaizkio: erupzio bolkanikoak eta suteak ekiditen ditu; ganadua ezpiritu txarren eta gaixotasunengandik babesten du eta nekazal ekoizpena bermatu eta sustatzen ditu.
Espainiako leku askotan emakumeen zaindari kontsideratua da, bereziki penintsularen ipar erdialdean. 80. eta 90. hamarkadetan ospakizun honen biziberritze bat eman zen aipatutako eremuan, trantsizio demokratikoaren ondoren eman zen prozesu politiko, ideologiko eta sozialari lotuta, eta zehatzago emakumezkoen jabetze prozesuaren ondorio gisa. Testuinguru honetan, festa honetan emakumezkoak bihurtu ziren antolatzaileak, zeregin aktiboa izatea lortu zuten eta egunerokotasunean gizonezkoentzat erreserbaturik zeuden jarduerak egiteaz gain ustez euren espazioak zirenak ere (jatetxeak, dantzalekuak…) hartzen hasi ziren.
Eta Euskal Herrian?
Garaiaren eta eskualdearen arabera, kutsu desberdinak eman zaizkio ospakizun honi Euskal Herrian. Alde batetik, inudeek bularren eta bularretako gaitzen zaindari izendatu zuten, bere martirioaren harira. Bestetik, kanpaigileek eta kanpai-joleek patroitzat hartu zuten Agata, eta bere omenez bezperan kanpai saioa jo ohi zuten gauerdira arte. Honelakoetan zentzu erlijiosoa baino konjuru-zentzua izango luke egun honek. Bere garaian elizkizunak, mezak eta prozesioak ospatzen ziren bere omenez, eta nahiz eta oinarrian kutsu erlijiosoa izan egun honek, jada ia erabat galdua du zentzu hori.
Herri askotan, ordea, eta bereziki landa eremuko herrietan, mutil ezkongabeen patroitzat ere hartu izan da Santa Ageda. Beraiek prestatzen eta burutzen zuten jai hau: auzuneetako mutilak biltzen ziren, taldeak egiten zituzten eta aurretiaz egingo zuten ibilbidea adostu ondoren etxez etxe abiatzen ziren, kantuan eta eskean. Kasu honetan anaitasun-zentzua izango luke festak, errondaren helburuetako bat betiere eskea izanik, baina jai giroan eta ospakizun berezi honen testuinguruan egiten den eskea dela ulertuz. Hasiera batean mutil kuadrillek jenerotan jasotzen zuten santaeskea: anaitasun merienda edo afari bat egiteko arrautzak, txorizoa, edana… Aurrerago, dirutan ere jasotzen zuten saria, esandako afaria antolatzeko edota beste zereginetarako.
Emakume taldeak ere ohikoak dira Euskal Herrian, eta mutil ezkongabeen gisan kantuan joaten dira etxez etxe, kopla zaharrak eta berriak abestuz eta horien trukean jan-edana edota dirua jasoz. Jatorriz landa eremuari lotutako erritua izan arren, gaur egun urbano ere bihurtu da.
Santa Ageda, errito paganoen antzaldatzearen eredu:
Santa Agedaren ospakizunak aurretiaz zeuden erritu paganoak hartu eta itxuraldatu egin zituen, hots, ospakizun horiek desagertu edo eraldatu egin ziren Elizaren boterearen aurrean. Negu giroan egiten ziren erritu eta ospakizun aurrekristauek (inauteriak eta maskaradak, esaterako) ziklo kosmologikoaren arabera egituratzen ziren eta negu luzearen amaiera eta udaberriaren itzulera bilatzen zuten, bi garai hauen arteko trantsizioa irudikatuz. Horretarako lurra makilez eta aitzurrez kolpatzen zen, pixkanaka hura esnatzen joateko, negu ilunari amaiera eman eta haziak ernamuinduko zituen argitasunari hasiera emateko.
Gaur egun ere, Santa Ageda bezperan kantatzera irteten direnek makilekin astintzen dute lurra, santuari ohore egiten dioten abestien erritmoa markatuz. Horrela, erritu pagano eta kristauak uztartzen ditu modu horizontalean antolatzen den jaiegun honek, komunitatearen arteko loturak sustatuz eta euren autonomia eta identitatea sendotzeko aukera emanez.
Santa Ageda ospakizuna Ezkion (otsailak 4):
11:30tan elkartuko dira Argindegi ostatuan, bertan pintxoa jan eta kantuan hasiko dira, Imanol Intsausti eta Iñaki Larrañaga trikitilariek lagunduta. Ondoren Santa Lutzian egingo dute erronda, eta azkenik Topan bilduko dira bazkarirako. Bazkal ostean erromeria izango dute trikitilariekin.
Bestalde, otsailaren 3tik 5era bitarte Matxinbentako Santa Ageda Jaiak ospatuko dira.