Kizkitzako amaren eguna

2013/09/06 Ohiturak
Irailak, 8 igandean ospatuko da.

Igande honetan, irailak 8an ospatuko da Kizkitzako amaren eguna. Aurten garai bateko ohitura bat berreskuratu dute: jaia Itsason bukatuko dute. Bertako karpan, trikitilariek joko dute eta herritarrek etxetik eramandakoa afalduko dute.

 

Egitaraua honakoa izango da: 

  • 12:00. Meza nagusia.
  • Ondoren. Goierriko bertsolarien saioa.
  • Egun guztian zehar. Lutxurdiorekin erromeria.
  • Eguerditik aurrera. Elortza eta Iñaki Larrañaga trikitilariekin erromeria Mandubian.
  • Arratsaldean. Goierriko bertsolarien saioa Mandubian.
  • Iluntzean. Ohitura berreskuratuz, festak Itsason jarraituko du: trikitilariak eta afaria.
 
Kizkitzako ermita, Ezkio-Itsaso
 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Pagadi zaharrek babesten dute Ezkio-Itsasoko gain hau. Itsaso herriaren gainean, Urola eta Goierri bailaren artean kokatzen da Kizkitza (676 m). Mandubia gainetik, nahiz Ezkio eta Itsasoko herriguneetatik iritsi gaitezke bertara. 

Kizkitzan, 1622an eraikitako ermita eta itsasargia daude.  Ermitari dagokionez, 1818an Ezkioko “Juan Yon de Aranzady” parrokoak informe bat egin zuen,  Iruñako gotzainak eskatuta. Ermitaren egoera kaxkarra azaltzeaz gain, salatzen zuen erromeriako egunean dantza publiko lizunak, borrokak eta eztabaidak izaten zirela. Informe hau kontutan hartuta, ermita eraisteko agindu zuen Iruñako gotzaindegiak 1820an, bere materialekin lortzen zen dirua Alegiako Magdalena elizarekin zuen zorra kitatzeko, eta ama birjinaren irudia parrokiara jaisteko.

Irudia jaitsi zuten elizara, baina handik gutxira Kizkitzarako bidean agertu zen zuhaitz baten ondoan. Jendeak miraritzat hartu zuen, eta prozesio batean Kizkitzara itzuli zuten. 30 urte geroago herriko bi gaztek aitortu zuten beraiek utzi zutela zuhaitzaren ondoan. Kizkitzaraino eramateko asmoa zuten baina bidean beldurtu egin zirelako utzi zuten bertan.

Dirudienez, lehenengo irudi hau bigarren guda karlistan desagertu zen. Ondoren beste irudi bat ipini zen, baina behin berriztatzera eraman eta ez zen gehiago azaldu. 

Hirugarren irudia jantzitako ama birjina izan zen. 1959ko abenduaren 28ko suteak baseliza erabat hondatu zuen, baina irudia ez zen hondatu (gaur egun Itsasoko elizan dago jasota irudi hau). 

1962an baseliza berreraiki zenean, XVII. mendekoa den Arrosarioko ama birjinaren irudia jarri zen aldare nagusian, egurrezko itsasontzi baten gainean. Dirudienez, ama birjinaren irudi hau Itsasoko parrokian zegoen prozesio irudia da.

Ingurune hau Itsasoko biztanleek kudeatu dute historian zehar, gaur egunera arte mantendu diren hitzarmen, arau eta antzinako lan-moduen bitartez. Pagadia Itsasoko zenbait familiak landatu zuten, eta bertako egurra ustiatzeko eskubidea familia hauek izan dute, jatorrizko baserriko jarduerari eusteko baldintzarekin. Bestalde, auzolana funtsezkoa eta ezinbestekoa izan da ermita eta ingurunea mantentzeko, sutearen ondorengo berreraikitze osoa barne.

Itsasargiaren kontuan, berriz, misterioa da nagusi, marinelek itsasotik ikusten duten lehen argia dela, itsasontzietarako egurra Kizkitza inguruko basoetatik hartzen zutela eta abar. 

1964an ekarri zuten itsasargia Madrildik. Trenean Zumarragara ekarri eta hiru idi pareren artean igo zuten Kizkitzara 12 metroko faroa. 

Oso dokumentatuta dago ohituraz marinelak arraunak egiteko egur bila Kizkitzako basoetara etortzen zirela.. Dokumentazioa Itsasoko artxibategian aurki daiteke, eta Boletin de Amigos del Pais aldizkariko 1964. urteko zenbakian ere egiten zaio erreferentzia, Joxe Ignacio Telletxeak idazten duen artikulu batean. «Bere iritziz, Kizkitzako faroa, faro espirituala zen. Nonbait Kizkitzak itsasoarekin harreman espirituala zuen. Horrela, egur bila zihoazen marinelen kontuak entzunda, ahozko tradizioari, ideiari eta ohiturari, errealitate fisiko bat eman zion, faroarekin».