Iritsi da Igartubeitira Iriarte Erdikoa baserriko ur bedeinkatu ontzia
2023/07/19
Hemen da MusealiaK proiektuaren barruan landuko dugun pieza berria: Iriarte Erdikoa baserriko ur bedeinkatu ontzia. Gordailutik ekarri berri dugun pieza Igartubeiti baserri museoan izango dugu uztailetik azarora bitartean, erlijioak baserriko egunerokotasunean zuen garrantzia ezagutzeko helburuarekin.
Elizetako sarreretan egon ohi diren ur bedeinkatu pilen etxeko bertsioa dira, tradizioz leku erlijiosoen inguruan edo barrualdean dauden ur-iturriak gogorarazten dituzte. Etxeko erabilera herrikoian, sarrerako atearen ondoan edo logeletan jartzen dira, oheratzean edo jaikitzean etxeko biztanleek aitaren egin ahal izateko.
Igartubeitin ikusgai izango dugun ur bedeinkatu ontzi hau lurrez egina eta urdin eta zuriz esmaltatua dago, erronbo forma du eta punta-zorrotzeko ingurua. Erdialdean Ama Birjinaren erliebedun irudi bat ageri duelarik, beheko aurrealdean sakonera gutxiko ontzi bat du bertan ur bedeinkatua gordetzeko.