Iraila Igartubeitin

2019/08/30
Herri jakinduriaren arabera, iraila iratzearen hilabetea dela esaten da, eta arrazoi faltarik ez. Iratzea, garoa izendatzeko beste izen bat da. Ikusiko dugun moduan, irailean garoak garrantzia handia izan du historian zehar, udazkenerako eta negurako ezinbesteko konpainia izan baita baserritarrentzat. Garoak baserrietan izan duen garrantziaren adierazle da Txomin Agirre idazleak 1912. urtean argitaratu zuen Garoa izeneko eleberri ospetsua.

BARATZEA

Udarako azken uztak jaso ondoren, udazken eta neguko landaketekin  hasi behar da, besteak beste: aza, azalorea, porrua, aza, azalorea, borraja, kardua, zerba, brokolia, eskarola...

Igartubeitiko baratzean, udazkena datorrela sumaturik azak landatu ditugu. Aza, lur hauetan oso ongi hazten da, eta neguko garai txarrenetan oso jaki estimatua izan da. Landaketari dagokionean, ez zaio lur irauli berria gustatzen ezta azidoa ere, hori dela eta karea botatako eta egonkortutako lurrean landatzea komeni da.  Kontutan hartu, azak tximeletak eta euliak erakartzen dituela, eta horregatik, ondoan erromeroa, kamamila, salbia edota ezkaia landatzea ez zaigula gaizki etorriko.

Aza landarea

Porruak, sasoi honetatik aurrera ezinbesteko garrantzia izango du baratzean. Izan ere, neguko hotza eta izotza hobekien jasaten dituen barazkia da, inguru honetarako ezin hobea beraz. Lur freskoa eta ur asko behar du ongi hazteko. Igartubeitiko baratzean,  loratuta zeuden porruak atera ditugu eta lehortzen jarri ditugu, haziak eskuratu ahal izateko. Aldi berean, porru gehiago landatu ditugu. 

INGURUNEA

Irail erditik aurrera, gure inguruneak udazken kutsua hartzen hasiko da, eta ongi begiratzen badugu, jada antzemango dugu udazkena datorrenaren arrastorik (garoa, korostia,  intxaurrak, urrak, hego haizea…)

Baserritarrek meta edo zuhatzetan pilatzen zuten garoa lehortzeko, ondoren, ukuiluetan zabalduz. Ukuiluan erabilitako garoa, ondoren baratzerako ongarri bezala erabiltzen zen, landare honek magnesio ugari duenez lurra mineral honekin ornitzen zen. 

Zuhatza edo meta

Igartubeitiko inguruneko gorostiek jada fruitu txiki gorrixka eman dute. Hegaztiek oso gustukoak dituzte. Gorostia arantza familiako landarea da, baserrietan heskaia edo itxitura naturala egiteko erabili izan da, baita sukarra jaisteko ere, idorgarria delako eta bere zura berriz makilak egiteko. 

Korostia

Amaitzeko, bitxikeria modura, elorri zuria ekarri nahi genuke gogora. Zuhaixka hau, arantzaren familiakoa da. Gure mendietan ugaria da, eta baserrietan heskai edo itxitura natural bezala erabili izan da, gorostiaren antzera.  Irailean protagonismo berezia duela esan liteke, izan ere, eta kondairak dioenez, Arantzazuko ama irailaren bederatzi batean elorri zuri batean agertu omen zen. Hortik dator Arantzazu izena: “arantzan + zu” agertu izana.