Ingurunea: zer da zuhaitzez? Eta basoaz?
Garai honetan esan genuen bezala, arreta handia jarri behar diogu inguruneari. Hain zuzen, gure paisaia osatzen duten zuhaitz eta fruitu arbolei. Hauekin lan ugari egin ditzakegu, esate baterako, landaketa. Lehendabizi, zulo bat egin eta ateratako lurrari ondo deskonposatutako material organikoa nahas diezaokegu, honela lurra orekatzen baita, eta ondoren landaketa egin. Baina, beti ere, kontu handiz izotzarekin, ezen sustraiak kaltetu baititzake izoztutako lurrak.
Une aproposa ere egurra lortzeko. Horretarako, ezinbestekoa da ilargiari begiratzea, eta ilbehera profitatuz, materialetarako eta su egurretarako zuhaitzak bota ditzakegu: haritza, ametza, artea, lizarra,... Zergatik? Bada ilargiaren eraginari esker, izerdi gutxi izaten baitute ilbeheran zuhaitz hauek, eta horrek egur gogorra lortzen lagunduko digu sutarako, horrela su iraunkorragoa izateko neguko egun hotzetan. Hainbat baserritan, artea adibidez, labean erabiltzeko ohitura zegoen su geldoa eta iraunkorra ematen baitzuen. Bestalde, esnea berotzeko egiten zen suan ohikoa zen egur-puntak erabiltzea su arin bat lortzeko.
Esan bezala, neguan zaintza lanak garrantzitsuak dira eta basoa ere zaindu egin behar da. Horretaz jabetzeko 1933an idatzitako mendi-aldeko ikastolentzako “Nekazaritzako Irakurraldiak” liburuan dioena ikusi besterik ez dugu:
“Egoki esan izan da zugatza lurraren alaitasuna dala, ta, noski, guk ere ala diogu, guztien onerako bearrezkoak dirala zugatzak”
“Arbolak aizea ondu egiten dute, zelaiari txorien txiripititxoa pozgarrien bizitasuna ematen diote ta askotan aize usanduna uzten dute beren loreen usai gozoarekin. Ez bakarrik mendian edertasuna eman, baizik aldi berean bizitza eta aberastasuna eman dizkigute”
“Mendietako arbolak moztutzea ondamen aundienetako bat da”
Erdi Aroan esaterako ez zen baso-soiltze beldurrik. Garai hartan, baso-ugaritasuna zen, eta ez zen basoaren desagerpen beldurrik. Baina XVI. mende amaieran hau aldatzen hasten da. Garai honetan indar handia hartzen dute, olak, ontziolak, baserrien eraikuntzak,... eta egurra da gehien erabiltzen den materiala. Olak euren eskumenak hazteko nahia ere handitzen joan zen, eta horrek egurraren erabileran aldaketak ekarri zituen. Aldaketa horrek berak gizartean talka handia sortu zuen. Ikus dezagun zer dioen honi buruz Alvaro Aragon Ruano historialariak:
“Cuando el bosque comienza a escasear, se desata la lucha por hacerse con su aprovechamiento. Ello provoca el enfrentamiento entre los diversos sectores económicos y sociales, traducido en pleitos” (Aragon, 1998: 113)
Egurra eta suak, neguan, baserrietan aldaketa handia suposatu ohi zuen. Suak hotza pasa edo beroan sartzearen aldea, janari gordin eta sukaldatuen arteko aldea, edo mea eta burdinaren arte aldea ezartzen zituen, besteak beste. Eta neguan, bereziki, biziaren eta heriotzaren arteko aldea ezartzen zuen. Egurraren pilatzeak bazuen bere garrantzia etxeetan beraz. Pello Zabalak hau dio egurra eta euskaldunen arteko harremanaz:
“Euskaldunok naturarekiko eta zuhaitzekiko betidanik izan dugu erakarmen eta lotura apartekoa. Pentsa baserrietako su, laratz eta tximinia haiek, zenbat egur mota erre eta kiskalitakoak ziren, zenbat kontu gordetakoak, zenbat eltzeko han errosarioz ondutakoak, zenbat zur usain eta lurrin kedarretan usnatuak...” (Zabala, 2019 :25)
Gaur egun ordea, egurra beste energia iturri batzuek ordezkatu dute. Eta horrek, basoarekin dugun harremana ere aldatu du: zer landatu, zertarako, nola zaindu, nola erabili, eta nagusiki, nola ulertu. Baina, zein dira gaur egungo basoari begira euskal gizarteak dituen erronkak? Eta zein harreman nahi dugu etorkizuneko basoarekin?