Ingurua edertzen denean...
Hitzak dion bezala, arbiaren lorea da hau. Agian, askok ez duzue ezagutu ere egingo, baina badu zer esana lore honek. Lorea haztea garrantzitsua da, hain zuzen, bertatik hazia lortzen delako.
Garai batean, baserritarrek beti uzten zuten uztaren zati bat loratzen. Honela, haziak eurek lortzen zituzten eta jasotzen zituzten. Baina, nola lortu haziak ordea? Egia esan, ez da lan makala.
Lehendabizi, loratzen utzi beharko ditugu arbiak, edo beste edozein landare. Arbiaren kasuan, lore hori eder batzuk aterako zaizkigu, Igartubeitiko baratzan ikus ditzakegunak bezalakoak, adibidez. Aurrerago egingo dugun lana izango da landarea zurtoinetik moztu eta lehortzen jartzea buruz behera. Behin lehortu denean, haziak aterako dizkiogu. Baserritar batzuk arbiari landarea moztu eta lehortu gabe kentzen zizkien haziak. Landarea bere horretan lehortzen utzi eta tela bat azpietatik pasaz loreak astintzen zituzten. Ondoren, garbitu eta lehortzen uzten ziztuzten.
Hala ere, lore honek haziak emateaz gain, baditu beste erabilera batzuk. Aurrez aipatu izan dugun bezala Igartubeitin, arbilorea ere jaten omen zen. Jateaz gain ere, denboraren adierazle ere bazen, maiz baserritarrak inguruaren eraldaketaren bidez jakiten baitzuten zein garaitan zeuden; esaterako, arbiloreen garaian konfesatzera joaten omen ziren. Zergatik? Bada Pazkoastean loratzen direlako, eta garai batean, Pazkoa Garaiko konfesioa egitera joaten baitziren.