Ikazkinak

2020/12/28
Basoaren ustiaketan lan izugarria burutu zuten ikazkinek, egurra ikatz bihurtuz

Gabonetako Olentzeroren figurari esker eta Montxo Armendarizen Tasio filmari esker badakigu zertxobait ikazkin hauen inguruan, baina zer? Nor ziren? Nola lan egiten zuten? Zergatik hainbesteko lilura ikazkinaren figurak?

Egurra ikatz bihurtzeko, ikazkinak baso eta mendi aldera joaten ziren maiatza iritsi orduko, eta ia udaberrira arte bertan jarduten zuten. Hau da, hilabete hauetan zehar ikazkinen bizilekua basoa izaten zen. Oraindik orain, mendi magaletan ikus daitezke txondorren eta ikazkinak bizi izan ziren etxolen aztarnak. Ikazkin hauek, baserri eta herrixketako jendea ziren. Baserriko oinordekotzatik kanpo geratu eta ogibide baten beharrean ikazkin jarduten zuten, ugazabaren basoak ustiatuz ikatza egin eta berau ondoren burdinolei saltzeko.

Lehenik eta behin zuhaitzen adarrak moztu behar zituzten (“trasmoche” bezala ezagutua), izan haritza, pagoa, gaztainondoa, lizarra… eta neurri eta forma egokia eman behar zitzaion. Ondoren, egurra ikatz bihurtzeko lekua prestatu behar zuen. Esan bezala, lan guzti hau baso eta mendi inguruetan egiten zuten, ezin baitzuten hasi milaka kilo egur herrietara jaisten bertan ikatza egiteko, honek lana asko zaildu eta luzatuko baitzien. Beraz, baso eta mendi magaletan egiten zuten. Malkar ugariko lekuak zirenez, lurra berdindu eta borobil formako oinarri bat prestatu behar zuten, lurra ongi zapalduz. Bertan eraikiko baitzuten “txondorra” izenez ezagutzen den egurrezko mendia, egurra egosi eta ikatz bihurtzeko.

Borobil horren erdian makil luzeska bat jartzen zen zutika, 3 eta 6 m bitartekoa. Eta makila honen inguruan moztutako egur zatiak jartzen ziren. Beheko zatian oinarri zabala eginez borobil forman eta gero gorantza estutuz inbutu forma hartu arte. Ikatza lortzeko egurra egosi egin behar da, eta hori lortzeko eraikitako egitura guzti hori ongi estali behar da. Estalki bezala garoa, goroldioa eta lurra erabiltzen zuten. Lurrari dagokionean, ez zen komeni lur oso buztintsua izatea, eta beraz onena aurretik erabilitako lurra izaten zen. Bein dena ongi estalirik goialdean zuloa uzten zitzaion. Txondorraren ondoan su eder bat egiten zen eta bertako sugarrak txondorraren goikaldeko zulotik barrura bota behar ziren. Honela bero horrekin, erabat erre gabe, oxigenoari sarrerarik ez baitzitzaion uzten (zulo txikiren bat edo beste soilik). Ondoren goiko zulo hau ere garo eta lurrarekin estaltzen zen azkenik, barneko egur guztia egosi eta ikatz bihurtzeko.

Noski, prozesu honek ordea bere denbora behar zuen, gutxeienez egurra ongi egosteko bi aste behar izaten ziren, eta txondorrak zenbat egur zeukanaren arabera agian hilabete bat ere bai. Behin egosita eta egurra ikatz egin da, hozteko prozesua hasten zen. Goiko tapakia kendu eta piskanaka lur guztia kendu behar da barruko ikatza atera, zabaldu eta hoztu dadin. Ikatz guzti hau dena, zakuetan bildu eta idi pareekin menditik burdinoletara eta herrietara eramaten zuten.

Martin Beisagasti ikazkina

 

 

 

 

 

 

 

 

Martin Beisagasti ikazkina

Basoan hilabete luzez egoten zirenenez, esan liteke gaur egun halako misterio puntu bat duen ofizio bezala ere geratu dela, askotan Olentzerori lotutakoa. Baino misteriotsu izateaz gain, halako figura fantasmagoriko bat dela esan liteke ikazkinarena. Izan ere, 4 hilabetez basoan bizitzen ziren etxolatxo batean herrira jaitsi gabe eta bertakoekin harremanik izan gabe. Horren adibide bezala Ezkio eta Itsaso inguruan XVI. mendean zehar bizi izan zen Martin Beisagasti ikazkinaren kasua daukagu. Dokumentu batean aipatzen duenez, bere ugazabaren aginduz Kizkitza inguruetako basoetan jardun zuen lanean 500 karga ikatz ateratzeko. Esaten duenez, aizkora, manta eta lapiko bat soilik eman zizkion mendira joateko eta 4 hilabete igaro zituen garbitu gabe eta herrira jaitsi gabe, eta ikatzaren bila mendira igotzen zirenek kontatzen omen zioten bere herriko berri.

*Abenduko egun hauetan mendi aldera joaten bazarete adi ibili gero, ikazkin zaharren istorioak oraindik ere bertan gordeta baitaude..

Ikazkinak

Igartubeitiko txondorra