Igartubeitiko garia
Uztailean, San Fermin egunaren inguruan berriz, garia jasoko dugu, “Uztailean igitaia eskuan”. Uztaila udarako lehenengo uzta jasotzeko garaia da (uzta+ila). Zenbait lekutan “garila” bezala ezagutu izan da. Zereala moztu, lehortu eta larrainera eraman behar da, garia jotzeko, aletzeko, ondoren, errotara eramateko moduan izan zedin. Hortik Nafarroako Lizarra aldean egiten den larrain dantza (La era).
Gaur egun, merkatuaren eta lan ereduari dagokionez makinen laguntza ezinbestekoa da jasotzeko. Baina joan den mendearen erdialdera arte ordea, uztailean soroak nekazari eta jornaleriz beteko ziren, denak errenkada luzeetan jarriz igitaia eskuan garia mozteko… Lan haien aztarnak lirateke jardun hauen inguruan geratu zaizkigun kontakizun eta abestiak… Edota gure paisaiako ibai erroetan oraindik orain ikus daitezkeen errota zaharrak, udazkenetik aurrera gogotik lan egingo zutenak garaiko biztanleen elikadura asetzeko.
Hiru-lau bat baserrik elkar laguntzen zuten uzta jasotzerako garaian. Honela bateko uztak jasotakoan denak bestera igarotzen ziren, elkarrekikotasun printzipioa aktibatuz. Honi “igitai zorretan” egotea esaten zitzaion. Bada gariarena ez zen kontu makala (errenta, hamarrena) gariz ordaindu beharko zituzten eta. Ditxosozko ogi zuria! Hortik letozke Ataungo San Martin Txikik izandako buruhausteak, jentil eta basajaun zaharrei garia ereiteko sekretuak eskuratzeko egin ahalean.