Igartubeitiko Sagardo Astea TVE1eko "Aquí la tierra" saioan izango da gaur
Igartubeiti baserriko dolarea martxan ikusteko esperientzia eskainiko du TVE1eko "Aquí la tierra" saioan, gaur, azaroak 16an, 20:30etatik 21:00etara bitartean.
Erreportaian prozesu guztia ikusteko aukera izango da, dolareko langileak sagarra pisoiekin nola jotzen duten, patsa (sagar zanpatua) astintzen, patsaren gainean egur piramidea ipintzen eta beheko pisuan dagoen ardatza mugitzen, besteak beste. Bitartean, Iban Maizek, Igartubeiti Baserri Museoko Edukien arduradunak, baserri dolarearen kultur ondarea, hau da, dolarea martxan ipintzearen prozesua, testuinguru sozial, kultural eta jasangarriaren emaitza dela azalduko du. Sagarra dolarean jo aurretik, lan asko egin behar izaten direla, besteak beste, sagarrondoak zaindu, hauen izerdialdia, loraldia, sagar aleen hazkundea eta bilketa. Prentsatzea eta upeletan gertatzen den zukuaren hartziduraren ondoren, martxoan, Barrikote festa ospatzen dugula, sagardoaren dastaketa egiteko.