Igartubeitiko baratzea eta bere ingurunea urtarrilean

2018/01/03
“Urtarril hotza, neguaren bihotza”. Urtarrila, “hilbeltza” bezala ere ezagutzen da. Oraindik neguan gaudenaren seinale, hotza eta iluna, hortik bere izena, eta esaeraren esanahia. Baratzean, urte hasiera lasaia izaten da. Beraz, patxadaz hartu eta ongi pentsatu urte honetako baratzea nola osatu nahi dezuten. Izan ere, oraindik negua da, eta lurrak lozorroan jarraitzen du. Lanik handienak lurra osasuntsu mantentzeko eginkizunek, neguko zuhaitzen landaketek eta fruta arbolen zaintzek emango digute.

 

Igartubeitiko elorria ostorik gabe

 

 

 

 

 

 

BARATZEA

Neguko laboreak erein: olo, gari, zekale, garagar... Baita baba handia, baba beltz txikia, ilarra, apioa, baratxuri freskotarako, erremolatxa edo beterraba, kertxuna edo berroa, getozka, mihilua, perrexila, zerba, perraitza edo apoperrexila eta tipula.
Landatu tipulina, tipulatxa, udaberriko aza, baratzuria, baba.
Sail libreak ongarritu: simaurra, luarra, zizare-lurra... Errautsa eta karea eman daitezke.

Urte hasierarekin batera, babak ereitetik hasi gaitezke, ez baitigu lan askorik emango eta gainera erraz etorriko da. Dirudienez, Afrika eta Asia aldetik dator. Euskal Herrian ere lagun zaharra dugu baba, batez ere baserrietan. Hortik baita ere bere inguruko zenbait esamolde “babalore”. Lekaduna da, eta beraz bere sustrai handiek nitrogeno ugari isuriko dute lurrera (kontuz beraz simaurrarekin). Hazia ereiten da. Errenkada luze bat zabaldu eta han hazia jarri. Errenkada batetik bestera 50-60 bat zentimetro utzi, eta aletik alera 10en bat zentimetroko tartea. Parra edo hesolatxoren batzuk jarri, landarea hazten denean erori ez dadin. Uzta udaberrian emango du, apiril-maiatz aldera edo. Ur asko behar du. Erdi itzaletan jarrita ere ongi etorriko da eta hotzari ez dio beldur handirik, -5C graduko tenperaturetan ere lasai egoten baita. Babaren kasuan zenbait izurriteri adi-adi egon beharko dugu. Hazia erein orduko zenbait hegazti berehala gerturatuko zaizkigu, eta lehenengo kimuak ateratzen direnean berriz, zorria gertu izango du, nitrogenoak erakarrita. Xaboia eta tabako saldarekin aurre egitea komenigarria da.

Baratxuria ere landatzeko sasoian gara oraindik. Gutxi gora behera azarotik urtarrilera arte landatu daiteke. Bere latinezko izen zientifikoa “Allium” da, eta dirudienez zelterako All hitzetik omen dator, eta mina, bizia edo pikantea esan nahi omen du. Duela mila urtetik landatzen da. Ez da Euskal Herriko zati hezeetarako egokiena, horregatik askotan nahiko buruhauste ematen dizkigu. Lur ondartsua eta arroa gustatzen zaio, urak erraz alde egiteko (hemengo lurrak ordea oso buztintsuak dira), eta simaurra ere justukoa eta zaharra bada hobe. Horregatik, baratxuria landatu aurretik, kare ondar piska bat botatzea ez legoke gaizki. Urtarrileko giroari dagokionean berriz, hotza egiten duen tokia ongi datorkio, horrek ematen omen dio eta min/pikante puntu hori. Ereiteko lanei dagokionean berriz, baratxuri-begia bera lurrean sartu behar da, 8 bat zentimetroko sakoneran, eta batetik bestera 15 bat zentimetroko tartea utziz. Ilara batetik bestera berriz 25 zentimetro utzi. Landarea hazten denean, tarteka inguruko belarrak kendu eta zenbait hosto ere bai, eguzkia barruraino sartu dadin. Gaitzen bat edo beste hartzeko arriskua duenez, tarteka errautsa zabaldu. Uzta jasotzerako garaian, egun batzuk lehenago (ekaina aldera), landarea bera zanpatu edota ondoan dauden hiru bat landara elkarrekin lotu. Hau eginez gero, esaten dutenez, burua edo alea handitu egiten omen da.

Euri asko egin duenez, gure lurrak denbora behar du ur guzti hori dena ongi xurgatu eta dosifikatzeko. Hori dela eta, sasoi honetan ez da komeni lurra asko mugitzea, lokaztu eta elkortu egingo baitugu. Esaterako, Igartubeitin eurite gogorren ondorioz, halako putzu batzuk sortu zaizkigu. Honen aurrean, lurra bere onean mantentzeko tarteka karea zabaltzea gomendagarria da. Kontuz, simaurra edo ongarriren bat bota badiogu ez da komeni karea nahastea. Biak batera ez dira bota behar. Ikusiko dugun moduan, kareak badu bere presentzia baserrian, jarduera ezberdinetan gainera. Baratzean, lurra harrotu, eta lurra errazago oxigenatu dadin laguntzen du. Izan ere, Euskal Herriko isurialde atlantiarreko ia lur gehienak bustintsuak dira. Lur mota hau aberatsa da, baina esan bezala, euriteek ez dute asko laguntzen. Lurra lokaztu eta lur itoago, itxiago eta azidoago bihurtzen dute. Eta ondorioz, lurreko mineral eta elikagaiak lurrean korapilatuta gelditzen dira, barazkiak horietara iristeko zailtasunak izaten dituzte. Kareak korapilo horiek askatzen lagunduko digu. Lurra harrotuko digu eta azidotasuna murriztu. Honela, aire gehiago sartuko da lurrera eta urak ere errazago zirkulatuko du. Honela, lurreko mikroorganismoak hobeto biziko dira, materia organikoa errazago deseginez eta lurraren kalitatea eta osasuna bermatuz.

Ura Igartubeitiko baratzean

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

INGURUNEA

Negu giroan erabat murgilduta gaude, erraietaraino. Eta ondorioz, izozteak, elurteak, euriteak eta hotzak inguruko zuhaizti eta loredien sustraietaraino sartu dira. Honek, geldialdia eta sosegua dakar, aktibitatea murriztuz (fotosintesia, izerdia, hostoak...zuhaitzak biluztu egiten dira), eta izaki bizidun ororengan eragiten du. Hala ere, gure inguruneak zenbait lan eskatuko dizkigu, sosegu hori aurrera begira bizigarri izan dadin. Eta neguko ilunari argi pixka bat emate aldera ere, biluzik geratzean Igartubeiti baserriaren aurrean kolore ikusgarriz agertu den zuhaixka bat ezagutuko dugu.

Dakigun bezala, sagarrondoak garrantzi berezia izan dute baserrietan, eta baita gaur egun ere, XVI. mendeko baserriak honen bueltan eraikitzeraino, dolare zaharrari astinaldi ederrak emateko asmoz. Baina, ez dago sagarrik sagarrondorik gabe. Sagarrondoak bere zainketak behar ditu, eta horietako bat orain egitea komeni da. Fruta arbolei, eta horien artean sagarrondoari, kare nahasketa bat, karesnea bota behar zaio. Kare bizia, uretan urtu eta hil egingo da, eta ondoren buztin hautsa edo behi simaurra nahastu dakioke (edo biak). Nahasketa hau enborrean eta adar nagusietan eman behar zaio, dena ongi argotuta utziz. Honela, zenbait xomorro (inurriak esaterako) atzeratuko ditu lehenengo kimu berriak irteten direnerako. Euririk egingo ez duen egunetan ematea komeni da.

Dagoeneko, karea birritan aipatu dugu urtarrileko hitzalditxo honetan. Historikoki kareak baserrian bere alea jarri du, erabilgarritasun ezberdinak izan ditu. Batetik, baratzeko lurraren mantentze lanak egiteko materiala da, materia organikoa errazago birrindu dadin eta lurreko mineralak askatu daitezen laguntzen du. Bestetik fruta arbolen zaintza egiteko ere erabili izan da, karesne nahasgai moduan. Eta azkenik karea baserriko hormak kareztatzeko ere erabili da. Baina, nondik ateratzen zuten baserriek karea? Bada, baserri inguruetan nonahi egon diren karobi, karobi zuola edo kisulabeetatik. Lurrean eginiko labe handi batzuk dira, baserri inguruetan egoten zirenak, beti ere baso alderantzago kokatzen ziren, eta bertan kareharria erretzen zen baserrietarako karea lortzeko. Kare-labeak, gure landa-paisaia osatzen duten elementuak dira. Paisaia ez dela natura soilik (zuhaitzak, mendiak, ibaiak, itsasoa, animaliak…) gogorarazten digutenak, baizik eta historian zehar gizakia “naturan” barrena ibili dela adierazten diguten eraikuntzatxoak dira, paisaia “antropizatuz” eta gure paisaia-kultural konkretuak sortuz.

Eta azkenik, neguko ilunari eta zuhaitzek duten biluztasunari argi pixka bat ematen dion zuhaixka bat aipatu nahiko genuke, Igartubeitin kolore izugarriz hasi duena 2018 urtea. Bai, zumea edo sahatsaz ari gara. Baserrietan, baratze inguruetan beti landatu izan dira zuhaixka eta landare ezberdinak heskai edo itxitura modura, zumea da horietako bat. 3 bat metro hazten den zuhaixka da, neguan hostoak galtzen dituena. Baina,orduan dator bere berezitasuna. Beste zuhaitzek hostoak galdu ondoren beren ikusgarritasuna galtzen duten moduan, sahatsak inguruko lilura guztia bereganatzen du. Izan ere agerian geratzen diren bere adaxkek, ori kolore bizi-bizia hartzen dute, sugarraren pare. Igartubeiti baserriaren aurrean zenbait zume ditugu, eta baserriaren egurrezko eraikuntzarekin kontraste ederra sortzen du, negua alaitzeko. Gainera, baserrian zumearen adar luzeak saskiak eta aulkien oinarriak egiteko erabili izan dira.

Igartubeitiko zumea

Igartubeitiko baratzea eta bere ingurunea urtarrilean

Igartubeitiko baratzea urtarrilean