Igartubeitiko baratzea urrian
Baratzea
Baserrietan, urritik aurrera, udazken eta neguan, artoak berebiziko garrantzia izaten du. Izan ere arto uzta jasotzeko garaian gaude. Ez da lan makala alajaina. Artaburu guztiak jaso eta ganbarara eraman, neguko gau luzeetan artazuriketari ekiteko. Igartubeitiko baratzean ere uda hasieran lur zatitxo bat eskaini genion artoari eta ongi asko heldu da. Orain, urri amaiera aldera, artaburuak jaso eta ganbaran gordeko ditugu. Artoak baserrian erabilera ugari izan ditu gainera; gizakiarentzat eta ganaduarentzat elikagai bezala, oheko koltxoiak egiteko, alfonbrak egiteko... Artoaren landaketari dagokionez, lur aberatsa behar du eta ur asko izatea komeni da. Gure ingurunean ez dago artoa ureztatu behar handirik, dugun eguraldiak ederki asko egiten du lan hori. Haizea gustuko duen arren, haizete zakarretatik babestea komenigarria litzateke.
Artoa
Igartubeitiko baratzean, ia ia ustekabean garai honetan estimu handiz hartzen den barazki bat agertu zaigu, borraja. Aurtengo honetan, landatu ordez, apiril-maiatza inguru horretan borrajaren hazia erein genuen, eta ezusteko handia eman digu bere hosto zabal eder horiekin etorri baita. Ez da barra barra jaten den barazkirik, baina Europako leku batzuetan luxu handikoa da, izan ere oso osasuntsua da. Landaketari dagokionez, ez du aparteko lanik behar, erraz etortzen den barazkia da. Lur hezeak eta eguzkia du atsegin, baina itzaletan ere ondo etortzen da. Hosto zabalak ematen dituen arren, jango duguna bere txortena izango da.
Borraja
Gaur egun jada baserriko baratzeetan ikusten ez dugun arren, urte sasoi hau lihoaren lanei ekiteko garaia izaten zen, lihoa ereiteko garaia hain zuzen ere. Esaera batek agerian uzten duenez, ez zen lan samurra hura, “lihoaren ehun penak”. Esan beharrik ez dago lihogintzak Euskal Herriko baserrietan izan duen garrantzia. Horren adierazle litzateke gaur egun euskal kulturaren iruditegi sozialean lihoak duen karga sinboliko eta emozionala. Izan ere langintza honek ezkutuan gordetzen duen historiak, modu batean edo bestean gure identitatearen eraikuntzan parte hartu du.
Ingurunea
Ez dago zalantzarik udazkena iritsi dela. Perretxiku garaia, hegaztiek ekin diote urteroko migrazioei, hego haizeak ere iritsi zaizkigu eta sagarra jotzeko garaia ere hemen da jada (kirikoketa). Igartubeitiko ingurunea ere udazkenerako prestatu dela dirudi.
Inguruko zuhaitzei dagokionez, fruta arbola jakin batzuk garrantzi nabarmena dute urtaro honetan. Horietako bat intxaurrondoa da. Duela bi mila urte inguru ekarri zuten erromatarrek. Beste zenbait fruta arbolekin batera, baserrietan antzinako urteetatik erabili izan da. Batetik intxaur uzta jasotzeko, fruitu hau ezinbestekoa izan baita baserrietan negu luzeak igarotzeko. Intxaurrak duen “burmuin” forma dela eta, adimenarentzako oso ona dela esaten dute, eta egunean hiru intxaur jatea gomendatzen dute. Bestetik, intxaurraren oskol berdea, antzina sorginek ardotan gorde eta pattarra egiteko erabiltzen omen zuten. Eta bestetik zuhaitzaren egurra altzari mota ezberdinak egiteko erabili izan da. Igartubeitin intxaur uzta ederra jasotzen ari gara.
Igartubeitiko hurritza
Urtaro honetan, garrantzia nabarmena duen beste zuhaitz bat hurritza da. Esaten denez, lizarra, haritza, pagoa edota haginarekin batera, Euskal Herriaren historiako zuhaitz garrantzitsuenetako bat da hurritza, milaka urte luzeetan zehar bertako gizakia mantendu duen zuhaitza izan baita. Izan ere, oraindik baratzerik ez zegoen garaian hurrekin asetzen zuten gizarte haiek gosea, intxaurra ondorengokoa baita. Hainbat antropologo, historialari eta filosofok aipatzen dutenez, euskarazko lehenengo hitz kontzienteetako bat UR litzateke, hurritzetik datorrena. Batetik fruitua bera adierazten du (hurra), eta bestetik edateko ura. Beraz, hitz batean nolabait ere beharrezkoak zituzten bi baliabide nagusi barne biltzen dituen hitza zen. Eta bestalde, hurritzaren egurra itxiturak egiteko, baserriko lanabesak eta zenbait horma egiteko beraien artean kiribilduz, edota artzai-makilak egiteko erabili izan da, oso malgua da eta.
Zumea
Igartubeiti aurreko zumeak ere altuera ikusgarria hartu du dagoeneko, baina ez du askorik iraungo hemendik aurrera. Izan ere, udazken negu aldean zumearen inausketa egin behar da. Honela, negu aldean ori kolore izugarria hartzen dute, eguzki argiaren tankerakoa, eta ikusgarria benetan. Gainera, zumearen adarrak ez dira alperrikakoak izan baserrietan. Izan ere saskiak edota aulkiak egiteko erabili izan dira, eta baita zesta puntan jokatzeko zestotxoak egiteko ere.
Amaitzeko, Igartubeitiko zelai inguruetan ezusteko ederra jaso dugu. Udazkenarekin batera, lehenengo perretxiko sortak atera zaizkigu, onak eta ez hain onak, gizakiarentzat behintzat (onddo beltza, pinu onddoa, txanpinoiak, galanpernak, apoxixak…) natura etengabeko jarioan dagoenaren seinale.
Baratzearen eta ingurunearen zaintza Jakoba Errekondorekin kolaborazioan
- Oraindik ere bero handiak egiten baditu, ureztatu lasai baratzea.
- Ureztatzeko, baratze ondoan bidoi bat izatea ez da kalterako izango. Hau euri urarekin betetzen joan dadin, eta tarteka asun-belarra gehitzen badiogu are onuragarriagoa izango da gure ureztapena.
- Baratzeko belarrak kendu eta tarteka lurra arrotu atxurrarekin, urak errazago zirkula dezan.
- Lurra lehorra badago, kendutako zenbait belar txar bertan utzi lurra goxatzeko eta hezetzeko.
- Hego haize zakarreko egunetan baratzeko barazkiak babestu.
- Adi ibili lehenengo hotz eta izotzaldiei. Landareak estalkiren batekin tapatzea komeni da.
- Neguko zenbait lora landatzeko garaia da: lilipa, nartzisoa, irisa...
- Belazeak eta soropilak moztu eta ongarritzeko garaia da, beldurrik gabe gainera.
- Azpitarako garoa biltzeko agaraia da.
- Negurako ganaduarentzako bazka bezala zenbait zuhaitzen aldaxkekin sortak egin, esaterako lizarrarekin.
- Fruta arbola gazteei egitura edo forma jakin bat emateko adarrak lotu.
- Fruta arbolen txertaketa egin.
- Su-egurretarako zuhaitz zehatzak mozteko azken txanpa.
- Usaindun loreak, sukalderako, sendabelarrak... biltzeko garaia amaitzear da, beraz orain biltzea komeni da.