Igartubeitiko baratzea irailean

2017/09/04
Herri jakinduriaren arabera, iraila iratzearen hilabetea dela esaten da, eta arrazoi faltarik ez. Iratzea, garoa izendatzeko beste izen bat da. Ikusiko dugun moduan, irailean garoak garrantzia handia izan du historian zehar, udazkenerako eta negurako ezinbesteko konpainia izan baita baserritarrentzat. Garoak baserrietan izan duen garrantziaren adierazle da Txomin Agirre idazleak 1912. urtean argitaratu zuen "Garoa" izeneko eleberri ospetsua.

Baratzea

Udarako azken uztak jaso ondoren, udazken eta neguko landaketekin hasi behar da, besteak beste: aza, azalorea, porrua, aza, azalorea, borraja, kardua, zerba, brokolia, eskarola...

Batetik azaloreak landatu ditugu. Azalorearen inguruko lehen aipamenak XII. mendean zientzialari arabiarrek eginak dira, eta aipatzen denez Sirian du bere jatorria. Landaketari dagokionez, lur aberatsa behar du, ongarri organiko asko duena alegia, eta aldi berean ur asko behar duen barazkia da. Eta kontuz, asko handitzen denez, landatzerako garaian batetik bestera distantzia pixka bat utzi, hobeto hazi dadin. Berezitasun bezala, azaloretik jaten duguna bere lorea da. Hau da, heltzen zaion fruta mamitsu hori litzateke lorea.

Bestetik, azak landatu ditugu. Aza, lur hauetan oso ongi hazten da, eta neguko garai txarrenetan oso jaki estimatua izan da. Landaketari dagokionean, ez zaio lur irauli berria gustatzen ezta azidoa ere, hori dela eta karea botatako eta egonkortutako lurrean landatzea komeni da. Kontutan hartu, azak tximeletak eta euliak erakartzen dituela, eta hori dela eta ondoan erromeroa, kamamila, salbia edota ezkaia landatzea ez zaigu gaizki etorriko.

 

 

 

 

 

 

 

Azak eta azaloreak

Porruak, sasoi honetatik aurrera ezinbesteko garrantzia izango du baratzean. Izan ere, neguko hotza eta izotza hobekien jasaten dituen barazkia da, inguru honetarako ezin hobea beraz. Lur freskoa eta ur asko behar du ongi hazteko. Igartubeitiko baratzean,  loratuta zeuden porruak atera ditugu eta lehortzen  jarri ditugu, haziak eskuratu ahal izateko. 

Oraingo honetan ere letxugek irudi ederra utzi digute Igartubeitiko baratzean. Zenbait letxuga burutu egin dira eta beraien presentzia ezinbestean nabarmentzen da baratzean, altuera izugarria hartu dute eta. Nahi izanez gero letxugak eman duen loretik haziak eskuratu ditzakegu hurrengo ereinaldirako.

Ingurunea

Irail erditik aurrera, gure inguruneak udazken kutsua hartzen hasiko dira, eta ongi begiratzen badugu, jada antzemango dugu udazkena datorrenaren arrastorik (garoa, korostia, intxaurrak, urrak, hego haizea…)

Baserritarrek meta edo zuhatzetan pilatzen zuten garoa lehortzeko, ondoren, ukuiluetan zabalduz. Ukuiluan erabilitako garoa, ondoren baratzerako ongarri bezala erabiltzen zen, landare honek magnesio ugari duenez lurra mineral honekin ornitzen zen.

Igartubeitiko meta

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Meta edo zuhatza

Igartubeitiko inguruneko gorostiek jada fruitu txiki gorrixka eman dute. Hegaztiek oso gustukoak dituzte. Gorostia arantza familiako landarea da, baserrietan heskaia edo itxitura naturala egiteko erabili izan da, baita sukarra jaisteko ere, idorgarria delako eta bere zura berriz makilak egiteko.

Gure inguruetara begiratzen badugu, fruta arbola batek gure arreta bereganatuko du: sagarrondoak, inguruetako sagastiak sagarrez lepo daude. Edariei gagozkiolarik, iraila basarana (basoko + arana) biltzeko sasoia ere bada, ondoren patxarana egin ahal izateko. Aurten Igartubeitin zortea izan dugu, basaran uzta ederra baitugu.

Amaitzeko, bitxikeria modura, elorri zuria ekarri nahi genuke gogora. Zuhaixka hau, arantzaren familiakoa da. Gure mendietan ugaria da, eta baserrietan heskai edo itxitura natural bezala erabili izan da, gorostiaren antzera. Irailean protagonismo berezia duela esan liteke, izan ere, eta kondairak dioenez, Arantzazuko ama irailaren bederatzi batean elorri zuri batean agertu omen zen. Hortik dator Arantzazu izena: “arantzan + zu” agertu izana.

Igartubeitiko elorri zuria

 

 

 

 

 

 

 

 

Elorri zuria

Baratzearen eta ingurunearen zaintza Jakoba Errekondorekin kolaborazioan: 

  • Beroaldi handien ondoren baratzea gogotik ureztatu. Ureztatzeko onena goizeko eta iluntzeko freskurak dira. Beroaldi handienean ureztatzen badugu baratzea, barazkiak “egosteko” arriskua baitago.
  • Ureztatzeko, baratze ondoan bidoi bat izatea ez da kalterako izango. Hau euri urarekin betetzen joan dadin, eta tarteka asun-belarra gehitzen badiogu are onuragarriagoa izango da gure ureztapena.
  • Baratzeko belarrak kendu eta tarteka lurra arrotu atxurrarekin, urak errazago zirkula dezan. 
  • Lurra lehorra badago zenbait belar bertan utzi lurra goxatzeko. 
  • Belazeak eta soropilak moztu eta ongarritzeko garaia da.
  • Fruta arbolen udako inausketa egin.
  • Fruta arbola gazteei egitura edo forma jakin bat emateko adarrak lotu.
  • Fruta arbolen txertaketa egin.
  • Abuztuko beroen ondoren komposta edo luarra mugitu gupidarik gabe. Oso lehor dagoen kasuetan soilik gehitu ur pixka bat. 
  • Su-egurra lortzeko pagoa mozteko azken sasoia irail hasiera da. 
  • Usaindun loreak, sukalderako, sendabelarrak... biltzeko garaia amaitzear da, beraz orain biltzea komeni da.
Igartubeitiko baratzea irailean

Igartubeitiko baratzea irailean