Igartubeitiko baratzea eta ingurunea irailean
BARATZEA
Udarako azken uztak jaso ondoren, udazken eta neguko landaketekin hasi behar da, besteak beste: aza, azalorea, porrua, aza, azalorea, borraja, kardua, zerba, brokolia, eskarola...
Udako uzta jasotzeko garaia udazkena etorri aurretik
Batetik azaloreak landatzeko garaian gaude. Azalorearen inguruko lehen aipamenak XII. mendean zientzialari arabiarrek eginak dira, eta aipatzen denez Sirian du bere jatorria. Landaketari dagokionez, lur aberatsa behar du, ongarri organiko asko duena alegia, eta aldi berean ur asko behar duen barazkia da. Eta kontuz, asko handitzen denez, landatzerako garaian batetik bestera distantzia pixka bat utzi, hobeto hazi dadin. Berezitasun bezala, azaloretik jaten duguna bere lorea da. Hau da, heltzen zaion fruta mamitsu hori litzateke lorea.
Bestetik, azak landatzen hasteko ere ez da sasoi txarra. Aza, lur hauetan oso ongi hazten da, eta neguko garai txarrenetan oso jaki estimatua izan da. Landaketari dagokionean, ez zaio lur irauli berria gustatzen ezta azidoa ere, hori dela eta karea botatako eta egonkortutako lurrean landatzea komeni da. Kontutan hartu, azak tximeletak eta euliak erakartzen dituela, eta hori dela eta ondoan erromeroa, kamamila, salbia edota ezkaia landatzea ez zaigu gaizki etorriko.
Porruak, sasoi honetatik aurrera ezinbesteko garrantzia izango du baratzean. Izan ere, neguko hotza eta izotza hobekien jasaten dituen barazkia da, inguru honetarako ezin hobea beraz. Lur freskoa eta ur asko behar du ongi hazteko.
Oraingo honetan ere letxugek irudi ederra utzi digute Igartubeitiko baratzean. Zenbait letxuga burutu egin dira eta beraien presentzia ezinbestean nabarmentzen da baratzean, altuera izugarria hartu dute eta. Nahi izanez gero letxugak eman duen loretik haziak eskuratu ditzakegu hurrengo ereinaldirako.
Letxugak era guztietako formekin
INGURUNEA
Irail erditik aurrera, gure inguruneak udazken kutsua hartzen hasiko dira, eta ongi begiratzen badugu, jada antzemango dugu udazkena datorrenaren arrastorik (garoa, korostia, intxaurrak, urrak, hego haizea…)
Baserritarrek meta edo zuhatzetan pilatzen zuten garoa lehortzeko, ondoren, ukuiluetan zabalduz. Ukuiluan erabilitako garoa, ondoren baratzerako ongarri bezala erabiltzen zen, landare honek magnesio ugari duenez lurra mineral honekin ornitzen zen.
Igartubeitiko meta
Igartubeitiko inguruneko gorostiek jada fruitu txiki gorrixka eman dute. Hegaztiek oso gustukoak dituzte. Gorostia arantza familiako landarea da, baserrietan heskaia edo itxitura naturala egiteko erabili izan da, baita sukarra jaisteko ere, idorgarria delako eta bere zura berriz makilak egiteko.
Amaitzeko, bitxikeria modura, elorri zuria ekarri nahi genuke gogora. Zuhaixka hau, arantzaren familiakoa da. Gure mendietan ugaria da, eta baserrietan heskai edo itxitura natural bezala erabili izan da, gorostiaren antzera. Irailean protagonismo berezia duela esan liteke, izan ere, eta kondairak dioenez, Arantzazuko ama irailaren bederatzi batean elorri zuri batean agertu omen zen. Hortik dator Arantzazu izena: “arantzan + zu” agertu izana.