Igartubeitiko baratzea eta ingurunea ekainean

2017/06/07
Honela dio esaerak: "Ekaina Eguzki Gaina". Eguzki ordu gehien dituen hilabetea da. Eta landa eremuko sineskerien arabera, hilabete magikoa da ekaina, eta ondorioz natura etengabe biziberritzen ari da sasoi honetan, misterioz eta magiaz beterik. Baratzean, tomateak, piperrak, alberjinia, albajaka, kalabazina, letxugak... landatzeko garaian gaude.

Baratzea

Igartubeitin, baratzeak mugimenduan darrai, eta pittinka-pittinka forma eta kolore berriak bereganatzen ari da. Artoa, lotsati baina azkenik agertu zaigu, eta indartsu datorrela dirudi gainera. Letxugak berriz, tonu berde eta morez jositako alfonbra baten gisan ageri zaizkigu, baratzeari freskura emanez. Piperrek ere, maiatzeko azken beroei ederki asko aurre egin diete. Hala ere, etenik gabe ureztatu beharko ditugu jaterakoan ahoa erre nahi ez  badugu behintzat. Eta berenjena eta kalabazina ere, ekaina erditik aurrera lehen loreekin agertuko zaizkigu, ori eta more kolore bizikoak, eta jangarriak dira gainera. Bestalde, lekak harro asko ari dira hazten, hurritz makiletan kiribildu dira eta askotariko figurak sortu dituzte.

Letxugek alfonbra baten modura estali dute baratzea

Bestalde, barazki berri bat landatu dugu aurtengo honetan: kukulua (cogollo), edo "lechuga romana" bezala ezagutua (Lactuca Sativa). Hauek gure etxeko sukaldeetan geroz eta presentzia gehiago hartu dute eta geure baratzeetan ere aldaketak sorrarazi ditu, baratzea joera berrietara egokituz. Besteak beste, gure mahaietako gustuen adierazpena baita baratzea. 

Nola ez, belar usaindunek ere beraien funtzioa dute baratzean. Hilabete honetan, batetik perejila aldatu dugu, gure sukaldeetan inoiz falta ez dena. Bestetik berriz albahaka. Bere izenak "usain onekoa" esan nahi du. Eta ez zaio arrazoirik falta. Gerturatuz gero, bere limoi aroma delikatuak bertan harrapatuko zaitu. Euliak eta zorriak uxatzeko erabiltzen da, eta batez ere tomate piper, babarrun, aza... artean landatzen da. Letxuga eta piperren ondoan erromeroa landatu dugu. Mediterraneo aldeko landarea izaki, eguzkia behar du hazteko. Bere usain fuerteak zorriak eta abar uxatzen lagunduko digu. Eta noski, beste zenbait sendabelarrekin batera infusio eta ukenduak egiteko erabiltzen da. 

Ingurunea

Baratzeaz gain, inguruarentzat ere garrantzitsua den sasoi-aldian sartu gara, batez ere sagarrondoentzako. Izan ere lehenengo sagar aleak ematen hasi dira eta uzta ona izango dela dirudi. Hala ere gertutik jarraituko ditugu, sagarrak indartsu hazteko euria behar eta ea aurtengo udara nola datorren. Bestela sagar ale txiki eta eskasak izango ditugu, eta hori datorren urteko sagardoan nabarituko dugu...

Garai honetan, gure zentzumenak pizten dituen zuhaitzetako bat gereziondoa da. Eta ekaina iristearekin batera, gereziondoak dotore asko jantzi zaizkigu keiza/gerezi gorri-gorriez. Gainera aurten zozoak “zozo” ibili dira eta keiza urtea izaten ari da. Gozatu beharko…

Baina, baratze inguruko  protagonismoa irabazi duena, basa-larrosa dugu. Ehunka lore arros ikusgarri loretu zaizkio, baserriko egur-marroiarekin kontrastea eginez.

Larrosak egur kolorearekin kontrastean

Azkenik, ezin gara ahaztu sendabelarrekin eta sineskeria magiko eta tradizioarekin lotuta dauden beste zenbait zuhaixkekin. Sendabelar ezberdinak biltzeko garaia baita, ukendu eta sendagai ezberdinak egiteko (Sanjuanera),  edota lizar adarrak biltzeko sasoia da, San Juan gauez, etxe eta baserrietako ateetan jartzeko. Honela, naturako indarren laguntzaz gure uzta eta etxea espiritu ilunetatik babestuko dugu.

Baratzearen zaintza. Jakoba Errekondorekin kolaborazioan

  • Beroaldi handien ondoren baratzea gogotik ureztatu. Ureztatzeko onena goizeko eta iluntzeko freskurak dira. Beroaldi handienean ureztatzen badugu baratzea, barazkiak “egosteko” arriskua baitago.
  • Ureztatzeko, baratze ondoan bidoi bat izatea ez da kalterako izango. Hau euri urarekin betetzen joan dadin, eta tarteka asun-belarra gehitzen badiogu are onuragarriagoa izango da gure ureztapena.

  • Xaboia, tabakoa eta azeri buztanarekin egindako nahaskia barazkien hostoetan eman zorriaren aurka.

  • Baratzeko belarrak kendu eta tarteka lurra arrotu atxurrarekin, urak errazago zirkula dezan.

  • Barraskilo eta bareak “kontrolatzeko” truku txiki bat: neguan piztu dugun beheko suaren hautsa zabaldu baratze ertzetan. Edota ontzi/botila ipurdiak lurrean sartu urez eta garagardoz beteta, barraskiloak eta bareak erakarriko ditu eta.

  • Belazeak eta soropilak moztu eta ongarritzeko garaia da.

Igartubeitiko baratzea eta ingurunea ekainean

Igartubeitiko baratzea ekainean