Igartubeitiko baratzea eta ingurunea abuztuan

2018/08/06
Abuztuko esaerak honela dio: “abuztuan azkenerantz, eguna doa indar beherantz”. Abuztuan uda bete-betean gabiltza. Berau da, uztailarekin guretzako hilabeterik beroena. Baina baserri eta landa inguruetan ez da izango deskantsurako eta oporraldirako asti handirik. Izan ere, hotzari eta goseari aurre egiteko. negurako ganbara betetzeko egin ahaletan murgiltzen hasteko garaia da nekazarientzat.

BARATZEA

Besteak beste honako hauek landatzeko garaia da: aza, azalorea, erromaneskua, brokolia, uraza, kukulua, eskarola, kardua, zerba, erremolatxa, borraja, arbia…

Uztaileko egun nahasien ondoren, udazken eta negurako lanak egiten hasteko ez da sasoi txarra. Aukera zabala da esaterako akazietan, familia honen baitan landare mota asko bait ditugu: azalorea, aza bera, brusela aza, erromaneskua.. Abuztuan erditik aurrera landatu daitezke. Uzta udazken eta neguan emango dute. Agian garaiz dela usteko dugu baina landare hauek denbora behar dute hazteko eta fruitua emateko. Beraz, hasi gaitezen piskanaka ditugun uztak jasotzen eta akazientzako lekua prestatzen.

Aurtengo honetan, zortea izan duenak pipar ale ederrez goza dezala. Izan ere, udaberri eta udarak erakutsi digun aurpegi gogorraren ondorioz, Igartubeitiko piperrak iaz ez bezala, aurten kalbario latzak ari dira pasatzen. Zenbait pipar landara oraintsu hasi dira lorea ematen, berez berandu xamar denean. Eguzkia gustukua duten arren, aurtengo eguraldi aldrebesa medio, ez dira asko hazi landareak eta tamaina txikian geratu dira. Ikusi beharko dea ea nahiko indar izango ote duten piper aleak emateko. Abuztu hasiera honetan ematen ez badute aurten horrela konformatu beharko dugu.

Piperrak txiki geratu dira

Baina piperrak ez bezala, zerbak osasuntsu iraun dute. Hosto zabal ederrak dituzte eta berde kolore argi eta ederra. Izan ere, beraientzako eguraldi ezin hobea egin du. Hezetasun ugari eta egun freskoak tartekatuz.

Loratu diren porruak jasotzeko garaian gaude. Lehenago baserrietan, lortutako porruak moztu eta jaso egiten ziren. Lehortzeko zintzilikatu eta ondoren haziak jasotzen zituzten, hurrengo urtean berriro landatzeko. Berdina gertatzen zaio tipulari ere. Landareak hazten jarraitzen du eta adar moduko txorten edo enbor luzexka bat hazten zaio “gara” deitzen zaiona, hortik dator “garatu” hitza.

 Porrua garatuta loretan

INGURUNEA

Udaran ugariak izaten diren haizete handiek, kazkabarrak eta euriteek beraienak eta bi egin dituzte Igartubeitiko baratzean. Hala eta guztiz ere, ekaitzaren ostean hainbat lore eder erne zaizkigu.

Batetik, bazirudien pasio loreak  ez zuela lore gehiagorik emango, baina inguruko arbustuen artetik, lotsati bada ere, agertu dira hainbat pasio lore. Berdina gertatu da elorri zuriarekin. Lore zuri ederrak loratu zaizkio, baratzeko berdetasunari zuri tonalitatea emanez.

   

Pasio lorea eta elorriaren lorea

Bestetik, fruta landare batzuk abuztua dotore asko hasi dute. Batetik baratzeko arbusto ezberdinetan kiribiltzen ari den mahatsondoak mahats ale ederrak emango dituenaren seinaleak eman ditu. Lehengo baserrietan mahatsek baseririko horma guztia hartzen zuten. Hauek ordea ez dira ordea ardotarakoak, jan mahatsak dira.  Baina atentzioa beste mahats mota batek bereganatu du, “andere mahatsak, gazteleraz “grosella” bezala ezagutzen denak. Adaxka batzuk ihartuta dituen arren fruitu ederrak eman ditu. Izan ere etengabe berritzen ditu aldaxkak. Fruituak basaranaren antzekoak dira baina biguinagoak. Lehenago elikagai bezala erabiltzen ziren. Bizi biziak dira eta mermelada egiteko ere erabiltzen zen.  Oraindik mikatz samarrak dauden arren, laster jateko moduan egongo dira.

 Andere mahatsaren fruitua

Anekdota moduan, begiradarik finenak, historian zehar zeresana eman duen fruitu basatia begiztatzeko aukera du Igartubeitin. Hagiñaren fruitua. Fruitu txiki gorri bat da, eta adi adi begiratu behar da ikusi ahal izateko. Hainbat iturrik diotenaren arabera, fruitu hau sorginek erabiltzen zuten beraien akelarretan. Izan ere, fruitu honek propietate aluzinogenoak ditu, eta kantitate handietan jaten bada heriotza ere sor dezake. Akelarretan erabiltzen zenaren ustearekin, XVI, XVII eta XVII. mendeetan instituzio eta autoritate ezberdinek hagiñak errotik mozteko agindua eman zuten, honela sorginak eta sorginkeriak kontrolatu ahal izateko.

 Baratzearen eta ingurunearen zaintza Jakoba Errekondorekin kolaborazioan

  • Beroaldi handien ondoren baratzea gogotik ureztatu. Ureztatzeko onena goizeko eta iluntzeko freskurak dira. Beroaldi handienean ureztatzen badugu baratzea, barazkiak “egosteko” arriskua baitago.

  • Ureztatzeko, baratze ondoan bidoi bat izatea ez da kalterako izango. Hau euri urarekin betetzen joan dadin, eta tarteka asun-belarra gehitzen badiogu are onuragarriagoa izango da gure ureztapena.

  • Xaboia, tabakoa eta azeri buztanarekin egindako nahaskia barazkien hostoetan eman zorriaren aurka.

  • Baratzeko belarrak kendu eta tarteka lurra arrotu atxurrarekin, urak errazago zirkula dezan.

  • Barraskilo eta bareak “kontrolatzeko” truku txiki bat: neguan piztu dugun beheko suaren hautsa zabaldu baratze ertzetan. Edota ontzi/botila ipurdiak lurrean sartu urez eta garagardoz beteta, barraskiloak eta bareak erakarriko ditu eta.

  • Belazeak eta soropilak moztu eta ongarritzeko garaia da.

  • Tomateak kimatu

  • Fruta arbolen udako inausketa egin.

  • Piper eta tomateek altuera hartu badute parrak erantsi eta gogor lotu. Hurritzarekin eginak badira hobe.

 

Igartubeitiko baratzea eta ingurunea abuztuan

Porru lorea