Igartubeitiko baratzea eta bere ingurunea apirilean
BARATZEA
Landaketa errez batekin hasteko, letxugarekin has gaitezke. Ur asko behar du, batez ere udarako egun beroetan, hortik datorkio uraza izena (uretako aza), baina eguzki zalea ere bada. Hala ere, letxuga landatzen dugun lurra komeni da hezea egotea. Letxuga nahiko azkar heltzen denez, ez da komeni aldi batean ugari jartzea, hazi ahala eta jan ahala landatu. Kontutan izan, letxuga hazten denean tamaina dezentea hartzen duela, beraz batetik bestera toki piska bat uztea komeni da.
Lekadunak egon diren tokian (bainak, indabak, babarrunak…) landatzea egokia litzateke, hauek lurrean utzitako nitrogenoa xurgatzeko.
Igartubeitiko letxugak neguaren ondoren
Barazkiez eta elikagaiez gain, belar usaindunak edo landare aromatikoak ere baratzearen parte dira, etxerako ukenduak, xaboiak, infusio edo sendagai ezberdinak egin ahal izateko. Eta horretaz gain, baratzean bertan ere izurriteen aurkako zaintzaile naturalak dira.
Igartubeitin esaterako izpilikua daukagu, lehorreko landarea. Landaketa, udaberritik aurrera egin behar da eta landatuko dugun lurrean aurrez lurra botatzea komenigarria da. Hasieran, lur gozotan landatu, ontzi batean. Eta urte beteren ondoren, hurrengo udaberrian, lur lehorrago batean landatu, eguzkiak ematen dion tokian. Jasotzeko garaia berriz, loretan dagoenean da. Goizeko ihintzaren ondoren jasotzea gomendatzen da. Sortak egin eta buruz behera jarri lehortzeko, argiak ematen ez dion lekuan.
Izpilikua lagungarri izango zaigu txingurriak uxatzeko, eta beste alde batetik, amona mantangorria edota polinizatzaileak erakarriko ditu bere usainarengatik. Lasaigarria, hanturaren aurkakoa (ant iinflamatorio), digestiboa, antiseptikoa, zikatrizatzailea…osasun aldetik erabilera ugari ditu.
Erromeroa ere badaukagu, jatorriz mediterraneoko landarea. Asko irauten duen landarea da, udaerrian inausketa egin ondoko aldaxka landatu dezakegu. Lehenik loreontzi batean eta hurrengo udaberrian baratzean jarri.
Landare honek lore urdinxka bat ematen du, ia urte guztia irauten duena. Erromeroak halako esentzia berezi bat dauka, eta baratzean txingurriak erakartzen ditu, beste barazki edo frutetara joatea eragotziz. Eta aldi berean, antiseptikoa, hidratantea, digestiboa eta diuretikoa ere bada.
Izpilikua Igartubeitiko baratzean
INGURUNEA
Apirilarekin batera, gure ingurunea eraldatuko da, lorearen aldiari hasiera emanez.
Igartubeitiko loraldia
Igartubeiti inguruan, lore zuri txiki ikusgarriz janzten lehena basarana izan da. Basarana izenak berak esaten digu bere izaeraren berri, hau da “basoko arana” dela. Elorri beltza bezala ere ezagutu izan da. Askok eta askok ematen duen fruituagatik ezagutuko dute, patxarana egiteko erabiltzen baita. Baina lasai, lehenengo lorea dator eta ondoren fruitua, iraila aldera. Gaur egun mendi aldera joan beharko dugu aurkitu nahi badugu, baina antzina heskai natural gisara erabiltzen zuten baserri inguruetan. Gainera erlezaintzarako ere ezin hobea da, bere lore eta polena dela medio.
Basarana Loretan
Loraldiarekin batera, hegaztiak ere udaberriaren etorrera iragartzen digute.
Hegazti horietatik batzuk, berri onaren seinale dira edota udaberria datorrenaren iragarle. Hara hor horietako bat, kukua, udaberriko lehen erromako zubi edo ortzadarrarekin etortzen dena, eta orduan hasten omen da kantuan. Gainera, bere zorte onaren adierazle, kukua kantuan lehenaldiz entzuterakoan, txanponen bat edo beste aldean eramateak zorte ona ekartzen omen du, urte guztian diru faltarik izango ez denaren adierazle.
Baina kontuz, kukua kantuan haste hutsak ez du esan nahi dena eguzki izango dela. Izan ere, kukuak berak ere katarroa harrapatzen omen zuen eta. Hau da, udaberrian, apiril inguruan Euskal Herrian elurra egiten badakiela esan nahi du horrek, leku askotan “kuku-elurra” ere deitu izan zaio.
Baratzearen eta ingurunearen zaintza Jakoba Errekondorekin kolaborazioan:
- Baratzean landatuta ditugun landareak estalkiren batekin babesten jarraitu badaezpada, azken izozteren bat etorriz gero…
- Loreontzietan ditugun landareak babesera eraman, estalpe azpiren batera.
- Eguraldia epeldu duela ikusiz gero, landareak babesetik atera eguzkitara.
- Landatu gabeko lurrak simaurrez estali, beldurrik gabe.
- Belazeak eta soroak ongarritzeko garaia da, beldurrik gabe gainera.
- Sutako hautsa, kare hautsa edo hondarra gehitu lurrari, harrotzeko. Aurretik ongarria bota badiogu utzi pare bat aste gutxienez eta gero zabaldu karea.
- Orbel garaia amaitzear da. Bildu konposta egiteko, azpitarako...
- Hazitarako utzi ditugun fruituak ongi zabaldu eta lehortzen utzi.
- Udaran ernetu diren erraboilak landatu:dalia, kana,begonia…
- Inausketa eta txertaketak egiteko azken txanpa.
- Hostoa galtzen duten zuhaitz, zuhaixka eta abar landatzen hasi. Izotza baldin bada ez egin landaketarik.
- Fruta arboletan ustelduta geratu diren fruituak kendu eta erre. Bestela neguan gaitza zuhaitzean geratzen da eta udaberrian erasoko dio.