Igartubeitiko baratzea abuztuan
Baratzea
Besteak beste honako hauek landatzeko garaia da: aza, azalorea, erromaneskua, brokolia, uraza, kukulua, eskarola, kardua, zerba, erremolatxa, borraja, arbia…
Uztaileko egun nahasien ostean, Igartubeitiko baratzea tamaina ederreko alberjinia edo berenjenekin iratzarri zaigu. Esaten dutenez, berenjenek baratzeko lanak ongi egin direla adierazten dute. Kalabazina ere ale ederrak ematen ari zaigu, usain eta kolore ezin hobea dute gainera.
Igartubeitiko kalabazina eta berenjena
Piperrentzako ere urte ederra izaten ari da aurtengoa. Bai “Gernika” eta baita “Gindila” barietatea ere, pipar eder askoak ematen ari dira, berde kolore sutsu batekin. Bestetik, letxugak hazi eta hazi ari dira. Batzuk burutu daitezen utzi dugu, letxugak hartu ditzakeen forma ezberdinak ikus ahal izateko eta hazia eskuratu ahal izateko datorren urterako. Bereizgarriena “hoja de roble” letxugarena da, bere kolore eta formarengatik bereizten da. Geure harridurarako, marrubiak ale berriak ematen hasi dira, uztaileko euriteen laguntzari esker.
Tipulei dagokienean berriz, den denak jaso ditugu dagoeneko. Eta honen ondoren lurra mugitu dugu hurrengo landaketetarako prest uzteko.
Baina baratzearen beste aldeaz ere hitz egin beharko da. Izan ere, bainek eman dute eman beharrekoa aurtengoz. Batetik zorriaren plagak landarea ahulduta utzi du, eta bestetik berriz uztaileko haizete handiek landarearen hosto guztiak hautsi eta ihartu ditu. Orain hurritz makilekin eginiko eraikuntza kendu eta lurra hurrengo landaketarako prestatu beharko dugu.
Bainak ekaitzaren ondoren
Ingurunea
Udaran ugariak izaten diren haizete handiek, kazkabarrak eta euriteek beraienak eta bi egin dituzte Igartubeitiko baratzean. Hala eta guztiz ere, ekaitzaren ostean hainbat lore eder erne zaizkigu.
Batetik, bazirudien pasio loreak ez zuela lore gehiagorik emango, baina inguruko arbustuen artetik, lotsati bada ere, agertu dira hainbat pasio lore. Berdina gertatu da elorri zuriarekin. Lore zuri ederrak loratu zaizkio, baratzeko berdetasunari zuri tonalitatea emanez.
Bestetik, fruta landare batzuk abuztua dotore asko hasi dute. Batetik baratzeko arbusto ezberdinetan kiribiltzen ari den mahatsondoak mahats ale ederrak eman ditu. Oraintxe bertan gorritzen ari dira gainera. Oraindik mikatz samarrak dauden arren, laster jateko moduan egongo dira. Bestetik basaranak abuztua indartsu hasi duela esan liteke. Izan ere, bere aldaxka bakoitza basaranez beteta daude, eta gainera begirada oro harrapatzeko moduko kolorea dute. Baina lasai, irailera arte ezingo baitugu patxaranik egin.
Mahats eta basaran aleak
Anekdota moduan, begiradarik finenak, historian zehar zeresana eman duen fruitu basatia begiztatzeko aukera du Igartubeitin, hagiñaren fruitua. Fruitu txiki gorri bat da, eta adi adi begiratu behar da ikus ahal izateko. Hainbat iturrik diotenaren arabera, fruitu hau sorginek erabiltzen zuten beraien akelarretan. Izan ere, fruitu honek propietate aluzinogenoak ditu eta kantitate handietan jaten bada heriotza ere sor dezake. Akelarretan erabiltzen zenaren ustearekin, XVI, XVII eta XVIII. mendeetan instituzio eta autoritate ezberdinek hagiñak errotik mozteko agindua eman zuten, honela sorginak eta sorginkeriak kontrolatu ahal izateko.
Haginaren fruitua
Baratzearen eta ingurunearen zaintza Jakoba Errekondorekin kolaborazioan:
-
Beroaldi handien ondoren baratzea gogotik ureztatu. Ureztatzeko onena goizeko eta iluntzeko freskurak dira. Beroaldi handienean ureztatzen badugu baratzea, barazkiak “egosteko” arriskua baitago.
-
Ureztatzeko, baratze ondoan bidoi bat izatea ez da kalterako izango. Hau euri urarekin betetzen joan dadin eta tarteka asun-belarra gehitzen badiogu are onuragarriagoa izango da gure ureztapena.
-
Xaboia, tabakoa eta azeri buztanarekin egindako nahaskia barazkien hostoetan eman zorriaren aurka.
-
Baratzeko belarrak kendu eta tarteka lurra arrotu atxurrarekin, urak errazago zirkula dezan.
-
Barraskilo eta bareak “kontrolatzeko” truku txiki bat: neguan piztu dugun beheko suaren hautsa zabaldu baratze ertzetan. Edota ontzi/botila ipurdiak lurrean sartu urez eta garagardoz beteta, barraskiloak eta bareak erakarriko ditu eta.
-
Belazeak eta soropilak moztu eta ongarritzeko garaia da.
-
Tomateak kimatu
-
Fruta arbolen udako inausketa egin.
-
Piper eta tomateek altuera hartu badute parrak erantsi eta gogor lotu. Hurritzarekin eginak badira hobe.