Igartubeitiko baratza ekologikoa ekainean
Betiko moldeari jarraituz, gure baratza bi zatitan banatu dugu oraingo honetan ere: XVII. mendeko baratza eta XXI. mendeko baratza.
Lehenengoan bi zereal desberdin landatu ditugu, duela 500 urteko Igartubeitin garrantzia handienetarikoa zutenak: garia eta artoa. Bi hauek behar beharrezkoak ziren baserritarren eguneroko bizitzan, euren elikaduraren oinarri ziren eta. Garia neguan landatu genuen, artoa duela hilabete baino zertxobait lehenago. Hauekin batera azak ere sartu ditugu ekainean.
Baratzaren bigarren zatiak gaur egungo ortuen antza dauka. Uda honetarako bertan landatu ditugu ekainean zehar piperra, kuiatxoa, Ibarrako piparra, uraza, alberjinia, zerba, leka eta porrua. Hauek dira gure sukaldeetan prestatzen ditugun ohiko barazkietako batzuk.
Ekainean ere izan dugu lehenengo fruituak jasotzeko aukera. Ia bat-batean ateratzen joan dira gereziak gereziondoetan zuhaitzek gainezka egin arte, udaberriko lore ederren ostean. Baratze inguruko heskaia osatzen duenez gero, gereziondoa Euskal Herriko baserri inguruetan erraz aurki dezakegun fruta arbola da. Honekin batera poliki poliki agertzen hasi dira sagar eta udareak, pixkanaka hazten doaz, iraila eta urrian zehar jaso ahal izateko.
Ekaina bukaeran lizarrak hartzen du protagonismoa baratzean. San Juan bezperan, ekainaren 23an, lizarraren adar bat hartu eta baserri atarian jartzen da, etxea ekaitz eta suteetatik babesteko. Era berean, aurreko urtean jarritako lizar adartxoa San Juan suan erre behar da. Edo erramu egunez bedeinkatutako sortarekin batera eta beste zenbait lorerekin, su eman eta honen kea etxe guztian barreiatu; bedeinkatu eta babestuta gelditu dadin.