Igartubeiti Women's Legacy europar proiektuarekin lankidetzan

2022/02/14
Topaketa eta gogoeta jardunaldi bat antolatu dugu genero-dimentsioak ondare-espazioetan duen tratamenduari buruz, Bizkaiko Foru Aldundiak, Euskal Herriko Unibertsitatearekin eta UIKrekin lankidetzan, Women 's Legacy proiektu europarraren barruan antolatutako Kultura ondarea eta genero ikuspegia ikastaroaren esparruan

Iban azalpenak ematen Igartubeitin

 

 

 

 

 

 

Otsailaren 10ean egindako jardunaldiaren aurkezpenean, Iban Maíz Igartubeitiko Eduki Arduradunak ikastaroko ikasleekin partekatu du museoan generoaren gaia nola lantzen eta planteatzen dugun.

Igartubeititik uste dugu transmititzen eta proiektatzen dugun kontakizunak erronka globalei heldu behar diela, hala nola genero-ikuspegiari, gogoeta kritikoa egiteko eta bisitariekin partekatzeko, baserriaren inguruan eraikitzen joan diren iruditeria, narratiba eta eredu kontzeptualen, idealizazio kultural eta politikoen aurrean sortzen zaizkigun erronkak, galderak eta zalantzak partekatzeko.

Ildo horretan, Ibanek Igartubeiti Baserri Museoak bere 20 urteko ibilbidean proiektatu dituen lan-ildoak eta helburu orokorrak aurkeztu zituen ondare immaterialaren, sorkuntza artistikoaren eta hezkuntzaren esparruan, besteak beste, egoitza artistikoa eta [Lurraldeak] erakusketa eta Baserritik proiektu digitala aipatuz.

Interpretazio Zentroa eta baserria bisitatzen hasi aurretik, Mari José Torrecillak, Boinas La Encartada Museoko historialari, arkeologo eta teknikariak, Igartubeiti baserriaren zaharberritze lanetan parte hartu zuenak, eta ikastaroaren antolatzaileetako batek, adierazi du 90eko hamarkadan, hasiera-hasieratik kontuan hartu zela generoa baserria patrimonializatzeko eta musealizatzeko orduan, museoaren edukien diseinuan. Igartubeiti zaharberritzeko lanetan, aztertutako dokumentazioetan emakumeen presentziarekin topo egin zuten. Eta erabaki zen interpretazio zentroaren erakusketa iraunkorrean, baserriaren aurkezpena eta testuingurua egiterakoan, emakume baserritarraren irudia egon behar zela, Kortaberriako Kattalinen bitartez, XVII. mendeko Igartubeiti baserriaren oinordekoa.

Iraitz Agirre Igartubeitin

 

 

 

 

 

 

Kaferako etenaldi txiki baten ondoren, Iraitz Agirre antropologoak, kultur ondarearekin eta mugimendu feministarekin lotutako gaietan espezializatuak, emakumeen ondarean barrena egindako bidaia batean murgildu gaitu, eta oso baliagarria izango zaigu oraina modu kritikoan ulertzeko.

Saioa eztabaidatuz amaitu da, parte-hartzaileen iritziak bateratuz.

Eskerrak eman nahi dizkiegu antolatzaileei eta, bereziki, Mari Jose Torrecillari, ikasturte honetako ikasleekin gure esperientzia partekatzeko eta, zalantzarik gabe, museo gisa genero-ikuspegia hobetzen jarraituko duten ekarpenak jasotzeko eman diguten aukeragatik.