Igartubeiti maiatzean

2019/04/30
Maiatza urteko ardatza. Baina hotzetik badoa honela dio esaerak “maiatza hotz urtea zorrotz, maiatz hotz ez aho eta ez bihotz”. Lurra prest izan behar dugu dagoeneko, landaketa ugarienak egiteko sasoia orain baita, bai udarari begira bai udazkenari begira. Bestalde, apirilean hasitako loraldia modu ikusgarrian azaleratuko zaigu. Horrexegatik esan ohi da maiatza Euskal Herrietan urteko hilabeterik ederrena izan ohi dela. Larre eta soroak ere belarrez mukuru izango ditugu, ganadua larratzeko garaia beraz. Ez dago aitzakiarik, lurra ari da bere lana egiten, eta guk ere gauza berbera egin beharko dugu.

BARAZTEA

Udaberriaren indarra gorenean daukagu, eta hori dela eta maiatza baratzeko lanetarako garai ederra eta beharrezkoa dugu. Udaberriko aldi hotzetik irten bezain laster baserria egutegiari aurreratu eta negura begira jarri ohi da. Neguan zerbait jan nahi bada maiatzetik hasi behar lanean. Beraz hilabete honetan negurako uzta erein beharko da.

Horietako bat, bai elikadura aldetik baita historikoki zein sozialki garrantzia handia izan duen tuberkulua dugu: patata. Dakigunez, patataren jatorria amerikarra da, eta bertatik zabaldu zen mundu osora. Euskal Herrira  XVI. mendean sartu zen baina hasiera batean lorategietan apaingarri gisara edo ukuiluetan ganaduarentzako jatena bezala erabili zen, eta XVIII. mende amaieran hasiko da euskal herriko jendartea patataz elikatzen. Gaur egun Araba ezagutzen den arren patata laborearen lurrik ezagunena bezala, hasiera batean ez zen horrela izan. Irlandatik ekarri zen Hondarribiako portura eta dokumentu historikoen arabera, Gipuzkoan, Bergaran egin ziren patata landatzeko lehen esperimentuak, Rafael Garitano Aldaeta apaizaren gidaritzapean. Eta ondoren handik Legazpi, Gabiria, Begoña, Bilbo eta Araba aldera zabaldu zela aipatzen da. Patata lehenik eta behin etxeko jakia izan zen komertzializaziora bideratutako produktu bat baino. XIX. mendeko Europako laborarien elikaduran artoarekin batera ezinbesteko jakia izan zen.

Patata tuberkulu bat da. Hain zuzen ere sustraietako zati horretan erreserbak pilatuko ditu eta guk horiexek jango ditugu. Otsaila aldean erein daiteke, horrela udaberrian, maiatza eta ekainean guri-guriak jateko. Baina neguari begira, apirila-maiatzean ereiten da. Patatari luberria edo lur berria gustatzen zaio, lehen aldiz lantzen den lurra. Hau zaila denez, lurra ongarri askorekin gozatuko dugu, ximaurra, luarra, errautsa... aberasteko. Bero askorik ez zaio gustatzen, beraz leku freskoa aukeratuko dugu landatzeko, gutxi gora behera 15-23 gradu artean egotea litzateke egokiena.

Landatzerako garaian, lurra ongi harrotu eta erretena bat egin. Ximaurra jarri azpian eta gainean patata. Ereiteko dauzkagun patatatxoak handiak edo ernamuin asko badituzte moztu eta zatitxotan erein. Ilara batetik bestera 60 zm inguru utzi eta patatatik patatara 30 zm. Ondoren ongi estali lurrarekin.  Landarea hazten denean, kontu handiz lurra jorratu eta landarearen inguruan pilatu behar da, honela azpiko tuberkulua ez da lurrazalera aterako.

Uzta jasotzeko berriz, landarea berdean dagoenean lurpea miatu eta patata loditu den ikusteko. Horrela bada atera eta jan, berritan gozoago egoten baita. Baina neguari begira gehixeago itxarongo dugu, landarea lehortu eta ihartu arte. Lurretik ateratakoan eguzkitan utzi ordu batzuk eta honela itsatsitako lurra errazago kenduko zaio. Ondoren haize berritzen den toki ilun batean gorde, ongi zabalduta eta freskuran.

Martxo amaieran ereindako lihoa erne da.

Bestetik ez dugu ahaztu behar baserriko eguneroko bizitzan garrantzia handia izan duten bi zerealek ere maiatzean zeresana dutela: gariak eta artoak hain zuzen ere.

Batetik udazken neguan ereindako garia, dena ondo joan bada nekazariaren atseginerako landarea helduta beharko luke dagoeneko, halaxe baitio esaerak: “txikie banitzen-haundie banitzen maiatzen buru nintzen”. Hori horrela izanik, maiatzean berde berdetan dagoen garia uda aldera soro ori bilakatuko da. Bestalde maiatzean beste labore bat ereiteko garaia da, hau ere udazken eta neguari begira beharrezkoa baserriko sukalde eta ukuiluan: artoa. Esaerak dioenez elorri zuria loratzen denean artoa ereiteko lanak egin behar dira. Beraz zerbaitegatik esango da “maiatza urteko ardatza", orain eginiko lanek bideratuko baitute negua.

INGURUA

Maiatzean inguruko zuhaitz eta landareen zikloak aurrera darrai. Hilabete honetan gainera izerdialdiak bere indarrik gorenera iritsiko da, elorri zuria esaterako lore zuri ederrez janzten hasiko da. Baina loreez gain lehen fruituak ikusten hasiko gara, gereziak esaterako. Baina horretarako erleen lana ezinbestekoa dugu, polinizazioaren bitartez lortuko baititugu ondoren fruituak. Lehenengo sagar aleak ere orain ikusiko ditugu.

Igartubeitiko sagastiak loretan

Baina maiatzeko izerdiaren indarra ez dugu lore eta zuhaitzen hosto berdeetan soilik nabarituko. Larreei begiratzen badiegu belaze eder askoak ikusiko ditugu, belarrez mukuru. Garai bakoitzak egin beharreko lanak markatzen ditu, eta maiatzeko belardien gorakada seinale ona izaten zen ukuiluraturiko edo baserri inguruko ganaduarentzako. Izan ere maiatza inguruan ireki izan dira mendietako goi larreak. Belaze eta larre hauek baserriko ekonomiaren osagai garrantzitsua izan dira. Baina honek atzetik natur baliabide hauek erabili ahal izateko antolaketa baten beharra zegoen. Izan ere goi lurretako larre hauek herri lurrak edota bestela herri ezberdinen artean erabiltzen ziren lurrak izaten ziren, “lur komunalak” bezala ezagutuak. Artzain eta ganadu zaleez gain basozain, ikazkin eta nekazariek ere nahiko zuten lur horien erabilpen bat egin, eta beraz derrigorrean zegoen natur baliabide horren arautze bat egin beharra, askotan istilu eta haserreen sorburu izaten zena.

Goi larre hauetan larratzen ziren eta diren abereak ardiak eta behiak izaten ziren. Behiei abelgorriak deitu izan zaie. Ile gorrixka dutenez abere+gorri-tik letorke. Esaten denez abelgorri hauek, betizu arraza bezala ezagutzen direnak aspaldi Auñamendietan larratzen zuten behi basatietan dute jatorria abelgorriek. Artzantza edo ardia berriz ez da jatorriz Euskal Herrikoa, neolitoaren amaiera aldera, duela 5000 urte iritsi zen larre  hauetara. Mendi inguruetan ikusi daitezkeen trikuharri eta dolmenak artzain zahar hauek eraikiak dira, beraien bizitzaren inguruko azken lorratzak. Gaur egun maiatzean goi larreetarako ateak irekitzen direnean duela 5000 urte egiten zuten bide berbera urratzen da. Udara goi larreetan igarotzen zuten eta negu aldean berriz kosta aldera edo Erribera aldera joaten ziren. Artzain hauek irekiriko bidezidor hauek dira esaterako erromatarrek berrerabiliko dituzten igarobideak. Aipatu beharrik ez dago honek paisaia jakin bat sortzea eragin duela.

Honela beraz, maiatz aldera larretokiak zabaltzen zirenean, baserritar eta artzainek beren abereak bildu eta mendialderako bideei ekingo zien. Honen aurretik ordea bazegoen egin behar garrantzitsu bat: abere bakoitzari dunba, zintzarri edo arran handi bat jartzen zitzaion. Errementariari eskatzen zitzaion lana zen, hots edo musika jakin bat izaten zuten, mendian nun zebiltzan jakin ahal izateko.  Gainera aipatzen denez, larre tokietara abiatzen zirenean ganadua hazita, burua tente zutela eta dunbak indar handiz astinduz joaten omen ziren, bazka leku ederraren esperantzak alaiturik. Honela beraz, otsaila aldean zanpantzarren dunbek adierazitako udaberriaren etorrera maiatzeko ganaduen zintzarri hotsek osatuko dute, sinbolismoa errepikatuz.

Beraz, udazkenera arteko lana izango zuten goi lurretako larreetan behizain edo ardizain. Egun eta lan horren erakusle ditugu artzain etxolaren inguruetan ikusi daitezkeen lizarrak. Etxea tximista eta ekaitzetatik babesteko landatzen ziren, eta udarako egun beroetan gerizpe ederrak izateko. Gainera, maiatzean lizarrak duen izerdialdia baliatuz lizar adartxo bat hartu eta halako txistu edo txilibitu txikiak egiten zituzten, ordu luzeak musikaz laguntzeko.

Baina dena ez zen patxada eta txistu soinua izango, buruhausteak ere izango zituzten lantzean behin. Behi edo ardiak ihesi joan eta haien bila joan beharra esaterako. Baina neke eta ikara gehien sortzen zuena, nahiz eta gaur guri urruneko kontakizunak iruditu, otsoa izaten zen. Tolosan, 1596ko  maiatzaren 18an adostutako da horren erakusle: otsoa ehizatzen zuenari 15 dukat eta 7 erreal ordainduko zitzaion. Nahiz eta otsoaren kontuak gaur egun arrotzak iruditu, joan den mendearen hasieran ikusi omen zuten Oñatin azken otsoa Aloña mendiaren magaletan. XIX. gizaldi amaierako baserritarrek aipatzen zutenez trenaren etorrerak galduarazi omen zuen otsoa; garaiak aldatzen ari zirenaren erakusle da iritzi edo pentsakizun hau, teknologia eta bizimodu berriek baserritar haiengan eragin zituen sentsazio, emozio eta bizipenen adierazgarri.