Igartubeitiko baratzea eta bere ingurunea maiatzean
BARATZEA
Batetik, negu sasoian ereindako ilarrak sasoi betean izango ditugu maiatzean. Gogoratu sare moduko bat behar duela, landare igokaria baita. Beraz, piskanaka piskanaka ilar uzta jasotzeari ekin beharko diogu lehenik, ondoren hurrengo landaketak egiteko lekua izan dezagun. Ilarrarekin batera, baratzeko fruitu miresgarri batek ere ezinbestean bereganatuko du gure arreta, marrubiak, maiatzean jateko moduan izaten baita, xamurra eta bizi-bizia.
Igartubeitiko marrubiak
Hala, ikusi dugu, maiatzak badakar aurretik egindako lanaren obaria. Baina udaran ere uzta ederrik jaso nahi bada, eskuak zikintzen jarraitu beharko dugu.
Horretan gaudela, negu garaian sabela ederki beteko digun lekale bat erein dezakegu, babarruna (phaesolus vulgaris). Euskal Herrian, baba gorria edo indiaba/indoaba bezala ezagutzen da, XVI. mendean ekarri bait zuten Ameriketatik.
Babarrunarekin, kontutan izan, lekaduna dela. Beraz sustraietan berak sortuko duen nitrogenoa dela eta, simaurra zabaltzerakoan argi ibili, ez da komeni gehiegi botatzea. Honi loturik, baserrietan babarruna ez da bakarrik erein izan, beti beste landare baten konpainian egon izan da, artoa. Izan ere, elkar laguntzen dute, halako “sinbiosi bat eratuz”. Batetik, babarrunak sortutako nitrogenoa artoak aprobetxatzen du, eta babarruna berriz artoaren zuztarrean zehar kiribiltzen da.
Euskal Herri kantauriarrean dugun klima epela ederki datorkio, eta eguzkia ere gustatzen zaio, batez ere zurtoinetan, eta hotza dagoen tokietan ez da behar bezala haziko. Ez zaio komeni ordea, lur idorra, baina gurea bezalako lur buztintsuetan aurrez karea zabaltzea ez da gaizki etorriko, aurtengo urte honetan batez ere.
Hazia ereiteko garaian, errenkada batetik bestera 70 zm uztea komeni da, baldin eta artorik jarri behar ez badugu, izan ere kasu horretan makila, parda edo sarea jarri beharko diogu eta. Lurrean zuloa egingo dugu eta zulo bakoitzean 6 bat ale jarri. Zulotik zulora 50zm-ko tartea utzi. Tarteka lurra arrotu, behin landarea hazi denean ura hobeto mugitzeko eta sustraietara bero gehiago iristeko.
Lurra landaketetarako prest
Baina, udarari begira, zerbait freskoa ere beharko dugu. Nahi duenak, Meloia landatu dezake, baina Euskal Herria ez da inondik ere baratze-fruitu honentzako lurrik egokiena, baduzue erronka!
Meloi barietate eta aldaera ugari ditugu, baita forma eta kolore aldetik ere. Jatorriari dagokionean, ez dago oso argi baina diotenez, jatorria Hego Afrikan edota Asia inguruan du, eta ondoren mediterraneo osoan zehar zabalduz.
Fruta-landare hau bero zalea da, eta eguzkia maite du, 30 C-ko temperatura gustatzen zaiolarik, eta hotzak bere hazkundea gelditzen du. Meloia ereingo dugun lurrean kare ugari zabalduko dugu, ez baitzaio lur buztintsua askorik gustatzen, lur harroa behar du. Beraz ongarria eta simaurra beldurrik gabe zabaldu.
Meloiaren hazia ereingo dugu, apiril amaieran edo maiatzean, lurra bero dagoenean. Hazia erein aurretik, egun batez uretan beratzen eduki. Lurrean mendixka bat egin eta ongarria eta orbela bota, eta bertan erein 3 edo 4 hazi. Kontuz, meloiak lur sail handia behar du, asko hedatzen baita. Landarea hazten denean, nahi izanez gero inguruan lastoa zabaldu. Horrela ez zaio belarrik haziko eta ur gehiago izango du. Kimatuz gero, hosto batzuk kenduz gero fruitu hobeak ekarriko ditu. Fruitua hosto emeak ematen du.
Uzta, gutxi gora behera uztaila erditik aurrera jasoko dugu, beroak eta eguraldiak laguntzen badute. Baina, fruitua erabat helduta dagoenean jaso behar da. Txortenaren inguruan hatzarekin zapaldu eta biguina dagoela somatzen badugu jasotzeko moduan dago. Edota txortena eta hostoa lehortzen hasten direnean jasotzeko garaian gaude.
INGURUNEA
Apirilean aipatu genuen loraldiak, jarraipena du maiatzean. Ez da makala izango gure inguruuek hartuko dituzten kolore, usain eta melodiak. Zorroztu ditzagun zentzumenak, ea zer topatzen dugun…
Erlea azaren loratan
Loraldiarekin hasita, zenbait fruta arbola loraldi bete betean daude eta beste batzuk berriz indartzen. Gereziondoak esaterako, gure ingruetan loratzen diren lehenetarikoak dira, eta Igartubeitin ere halaxe gertatu da. Gainera, laister emango dituzte gerezi aleak, amitsuak eta gozo gozoak. Hala ere beste batean hitz egingo dugu gereziondoaz.
Gereziondoa Igartubeitiri begira
Izan ere, Igartubeitin oso garrantzitsua dugun fruta arbola bat ere loratzen ari zaigu: sagarrondoa. Sagardo-ziklo osoaren unerik berezienetakoa da hauxe. Neguko deskantsuaren ondotik, loraldia hasi baitute. Eta lore hauetatik etorriko dira ondoren sagardoa egiteko erabiliko ditugun sagarrak. Garai honetatik aurrera ordea, ez da komeni hotz handirik egiterik, gainera negua luze joan dela kontutan hartuta, ezta euri askorik egiterik ere. Izan ere, loreen arteko polinizazioak ekarriko du gure sagar uzta, eta hau, %80an erleek egiten dute. Eta beraz, hotza eta euri eguraldai bada, erleen lana zaildu egingo da, eta uzta oker lezake. Gainera kontutan izan behar da, aurreko urtea, sagar urtea izan dela, eta ondorioz sagarrondoek iazko gain-jarduera hori pairatzeko arriskua dutela aurtengo urtean. Hori dela eta, maiatza amaieratik aurrera, lehen sagarrak agertzen direnean bakantzeko lanak egitea gomendatzen da. Hau da, sagar ale txikienak kentzea, hartara sagarrondoak datorren uzta-aldirako indarra gordeko du. Beraz, hasi gaitezen sagarrondoak mimatzen. Eta ahaztu gabe, sagardoa bteilaratu ez baduzue, oraintxe duzue azken txanpa, berandu ez bada… Ilbeheran egiten baduzue hobe, sagardoa lasaiago egoten da, bestela negarrez hasiko baita… Igartubeitin jada egin dugu.
Sagarrondoaren lorea
Bestetik berriz, nahi izanez gero zuhaitz berezi bat landatu daiteke. Jatorriz ez da inguru hauetakoa, baina gure baserriekin lotura du, historiako atal bat dela eta: Palmondoa da zuhaitz hau. Oraintxe izaten da palmondoa landatzeko garaia, argi ordu gehiago dagoelarik eta eguzkiak lurra berotzen duelarik. Hasierako 3-4 urteetan, bere sustraiak lurrera ondo errotu daitezen hesola batzuekin lagunduko dugu eta ongarria botako diogu ondo haiz dadin. Baina, nondik dator baserriaren eta palmondoaren arteko lotura?
Horretarako, baserrietan historikoki egon den oinordekotza sistemara jo behar da batetik eta industrializazio eta gerra garaietara bestetik. Izan ere, oinordekotzari dagokionean, baserrietan seme-alaba bakarrak jasotzen zuen baserria eta berari zegozkion ondasun guztiak. Kasu gehienetan, ez beti, seme zaharrenak jasotzen zuen, “maiorazgoa”, zen hau. Bada, beste anai arrebek baserria utzi behar izaten zuten. Kasu askotan beste baserriren batera ezkondu edo morroi joan ohi ziren, itsasora marinel, bizitza erlijiosoari ekiten zioten, soldadu ere bai beste batzuk, ameriketara artzain edota garaian garaiko industrietara beste batzuk. Honi, gerra garaiak ere gehitu behar zaizkio, ondorioetako bat izan baitzen askok eta askok baserria utzi eta atzerrira joan behar izatea, “euskal diaspora” bezala ezagutua. Testuinguru zabal honetan, asko dira baserria utzi eta ameriketara joan zirenak, batzuk artzain, besteak industriara edota bestelako merkatuetara… Horietako batzuk “indianoak” bezala ezagutu izan dira. Izan ere, askok, ameriketako egonaldian aberastasun ugari bildu zituzten eta itzultzerakoan, aberastasunaz gain, palmondoak ere ekarri zituzten, beraien jaiotetxeetan edota eraikitako “indianoaren etxean” jartzeko. Atzerrian izandako ospearen adierazle bezala.
Baratzearen eta ingurunearen zaintza Jakoba Errekondorekin kolaborazioan
-
Landaketak egin aurretik lurra prestatu.
-
Hazitegiko landare-barazkiak baratzean landatzen ahsteko garaia
-
Landareak babesetik atera eguzkitara.
-
Loreontzietan ditugun landareak ongarritu.
-
Landare usaindunak landatu edo erein.
-
Udaran loretuko diren erraboilak eta landareak erein: gladioloa, kana, begonia...
-
Landatu gabeko lurrak simaurrez estali, beldurrik gabe edota karetu.
-
Belazeak eta soroak ez badituzu ongarritu orain egin.
-
Sutako hautsa, kare hautsa edo hondarra gehitu lurrari, harrotzeko. Aurretik ongarria bota badiogu utzi pare bat aste gutxienez eta gero zabaldu karea.
-
Orbel garaia amaitzear da. Bildu konposta egiteko, azpitarako...
-
Fruta arbolak zaindu: bakanketak egin eta behar bada baita tratamenduak ere.