Igartubeiti Euskadiko Enogastronomia Museo eta Guneen Sareko kide

2015/11/02
Igartubeiti Baserri Museoa "Euskadiko Enogastronomia Museo eta Guneen Sare"ko kide da, ekimena bultzatu duen Basquetour- Turismoaren Euskal Agentziari esker, D’Elikatuz Zentroarekin, Gaztaren Interpretazio Zentruarekin, Gorrotxategi Konfiteri Museoarekin, Sagardoetxea Euskal Sagardoaren Museoarekin, Txakolingunearekin eta Villa-Lucía Ardoaren Gune Tematikoarekin batera. Euskadiko gastronomian eta ardoetan interesa duten bisitariei eskaintza aberatsagoa, dinamikoagoa, betea eta prestatua emateko asmoa du sare honek

Euskal hiru lurraldeetako zazpi museo eta interpretazio zentru biltzen dituen sare hau pasa den urriaren 5ean aurkeztu zen Donostian. Sare honek, ardoa, txakolina, sagardoa, gazta eta txokolatea, gastronomi produktu hauen atzean ezkutatzen diren esentziak eta ohiturak bisitariei igortzeko zenbait kultur zein gastronomi egitasmo landuko ditu. Horretarako, museo bakoitzean sarearen inguruko informazioa hedatzeko liburuxkaz osatutako totem-ak ipini ditugu. Bestalde, museo eta interpretazio zentru bakoitzaren bisita birtuala ere ikusgai dago, QR kodeen bitartez.

 

 

 

 

Museo edo gune hauetara egin daitezkeen bisitak upetegietako, txakolindegietako, gaztandegietako bisitekin, sagardotegietako bazkari edo afariekin, azokekin, dastaketekin eta Idiazabal gazta, sagardoa, ardoa eta txokolatea egiteko tailerrekin bateratu daitezke.  

Abenduko zubian Gasteizko Ardoaraban izango gara, museo bakoitzak tailer ezberdinak eskainiz familientzat.  

Momentu honetan 2016rako plangintza lantzen ari gara guztion artean. 

Igartubeiti Euskadiko Enogastronomia Museo eta Guneen Sareko kide

Euskadiko Enogastronomia Museo eta Guneen Sarea