Igartubeiti ekainean

2018/06/03
“Ekaina eguzki gaina” dio esaerak. Ekainarekin batera iritsiko zaizkigu gure bazter orotara udara datorrenaren oihartzunak. Baratzeetan landareak eguzkiari begira eta aitzurrak lurra laztantzen. Abereak eta artzainak goi lurretan. Inguruko larreetan belar moztuaren usaina. Eta hiri eta herriak arrats eta iluntze epelez gozatzen. Eta nola ez, udarari ongi etorria emateko solstizio eguna, su-gau magikoa, udaberriko indarrak bildu ondoren gure ingurunea indar-berriturik jaioko zaigu.

BARATZEA

Ekaineko egunak ezin hobeak dira gure baratzeetarako. Batetik falta zaizkigun azken landatze lanak egiteko, udararako uztari begira, eta bestetik landareek urteko egunik luzeenak direla ederki asko sentituko dutelako. Eta eguzki ordu hauek indarra emango die hazteko, ondoren udarako sasoi beteetan uzta eman ahal izateko.

Sendabelarrak loretan

Baratzeari pizgarria emango dion barazki aski ezagun bat landatzeko garaian gaude, piperra. Jatorriz amerikarra, mota askotako barietateak dauzkagu: pikiloa, morroa, Gernika, Ezpeleta, Ibarra….

Lur aberatsa behar du, ongi ongarritu behar da, lehortuta eta xehe-xehe dagoen ongarriarekin, errautsa ere gustora hartuko du. Eguzkia eta beroa behar du, etengabe. Gaueko tenperatuta 15C-tik jaisten bada, loraldia moztuko zaio. Erruz ureztatu beharko dugu egun amaieran.

Oraintxe da landaketa egiteko momentua, errenkadetan, lurrean zulotxo bat eginez. Gutxi gora behera, ilara batetik bestera eta landaretik landarera 40cm-ko tartetxoa utziko dugu. Ondoren, hazten doan heinean, lurra jorratzea eta beti ere ipurditik ureztatzea oso garrantzitsua da.

Uztail erditik aurrera lehen piperra jasotzeko moduan izango gara. Biltzeko garaian komenigarria da guraizeekin moztea. Ez itxaron asko heldu arte, azal mehea dutenean gustua ere freskoagoa izaten bait dute. Hotzak hasten diren garaian lorea galtzen hasiko da. Jasotzeko moduan dauden piperrak bildu eta landarea, sustrai eta guzti lurretik atera eta eguzkiak joko dion tokiren batean buruz behera jarri. Honela, piperrak bertan helduko dira eta. Beste aukera bat izan daiteke, piper batzuk sokatxo baten bidez txortenetik lotu eta etxe atarian, leihoren batean… zintzilikatu lehortu daitezen. Ondoren xehatu eta pipar-hauts bezala erabiltzeko.

Piperrak landatuta

Landareak sasoi betean egotea ezinbestekoa da, beraz, kontu eta mimo handiz zaindu beharko ditugu. Horretarako gure inguruetan ia nahi adina izango dugun aspaldiko lagun bat erabili dezakegu: asuna. Nitrogeno zalea da, eta gizakia edo abereak ibili diren leku-bazterretan ugari izaten da.

Baratzean, asun-salda eginda erabiltzen da gehien bat. Barazean euri ura bildu, metalezkoa ez den ontzi batean. 10 litro euri uretan kilo bat asun jarriko dugu, 12 egunez beratzen. Egunero indar handiz mugituko dugu ura. Baina erabiltzerako orduan, asun salda litro bakoitzari 9 litro ur normal gehituko diogu, eta ondoren landareetan zabaldu, hosto eta sustraietan. Honek batetik intsektuak usatzeko balioko digu (zorriaren edo gorrinaren kontra) eta era berean, gaitzak harrapatutako landareak indarberritzeko ere. Edozein landare landatzerakoan, sustraiak ur-salda honekin bustiz gero ere lurrera errazago itsatsiko dira eta hasierako hazkunderako indarra emango dio. Edo orokorrean, ureztatzeko ere erabili daiteke, burdina eta potasioa dituenez ongarria da landarearentzako. Eta satorren bat baldin badabil gure belazeetan, bere galerietan asuna jarri eta ur hau zabaltzen badugu, azkar asko uxatuko dugu.

Eta bestalde giza osasunaren zaintzarako ere erabilpen ugari ditu: zirkulaziorako asun hostoekin igurtzi minberatuta daukagun gorputz atala (zirkulazioa aktibatzen du, globulu gorriak ugalduz), edota infusioan hartuta odolean daukagun azukre maila jaisten laguntzen du (egunero litro bat inguru edan behar da). Edo elikagai bezala ere erabili izan da baserrietan, esaterako patatekin egosita edo asun-tortila eginda.

INGURUNEA

Lehenengo fruituak jasotzen hasiko gara. Beti, ia ustekabean harrapatzen gaituen fruitu eder, goxo, kolore argiko eta mamitsu batek protagonismo berezia dauka, gerezia. gereziondoaren fruitua. Oso zuhaitz dotorea da, luzeska eta sendoa, hosto zabal berdeez jantzia. Euskal Herri osoan zehar zabaldua dago, goi mendietan izan ezik. Izan ere, nahiz eta lur ezberdinetara egokitzeko gai den, nahiago ditu lur sakon eta hezeak. Oso ohikoa da baserri inguruetan ikustea. Izan ere, baratze inguruko heskaia osatzen zuten fruitu arboletako bat izan ohi zen gereziondoa. Fruitua jangarria izateaz gain, bere txurtentxoarekin egindako infusioa giltzurrunak garbitzeko ona dela esaten da. Aldi berean, gereziondoa oso baliagarria da erlezaintzarako eta bere zura altzarigintzarako.

Gereziak Igartubeiti aurrean

Ekainean aurrera goazela, egun seinalatu batean, gure inguruneko elementu orok izate magiko bat bereganatuko du, ekainaren 23ko gauean hain zuzen ere, San Juan bezperan edo Udako Solstizo egunean. Beraz, zentzumenak tentuz erabili gau horretan, gure baso, mendi, ibai, itsaso eta haranak misterioz beteko baitira.

Euskal Herriko nekazal gizarteak egun honetan erritual eta ospakizun ezberdinak burutzen zituela, eta sinesmenez beterik zegoela. Horretarako inguruneko zuhaitz, landare, lore eta abar erabiltzen ziren, udako solstizoko gauean indar eta botere bereziak zituztela pentsatzen baitzen. Eta ondorioz, suak, urak eta landarediak garrantzi berezia hartzen du. Ez da harritzekoa, pentsamendu honen izarea. Beraien eskuz landutako lurrek emango zutena ongi etorri zedin naturako botereak gurtzea besterik ez zuten, beraiek egin beharreko guztia eginda baitzuten.

Egun honetan, su berezi bat piztuko dute han han-hemenka barreiatutako hiri, herri eta auzoetan, udarari ongi etorria eginez, eguzkia bere puntu gorenera igo dela eta urteko egunik luzeena eta gaurik motzena dela adieraziz. Batzuen arabera, ekaina “ekhi-gaina” hitzetik etor liteke. Sua gurtzen da, argia, beroa, eta izpiritu eta arriskuen aurrean babesa eman ziezaien. Suak izaera sakratua du, ilunari eta honek zekarren “gaizkiari” aurre egiteko, ongiari eta argiari bide emanez. Sua prestatzeko, zuhaitz jakin bat mozten zen, San Juan tantaia bezala ezagutua, lizarra, pagoa urkia edo makala izan zitekeen. San juan suaren errautsak ondoren zela eta baratzeetan zabaltzen ziren.

Zuhaitzei gagozkiolarik, zenbait landarek garrantzia hartuko dute egun honetan. Horietako bat lizarra da. Hau ere, zuhaitz sakratua izan da antzinako euskal gizartearentzat. San Juan bezperako egunez, lizarraren adartxo bat hartu eta etxeko atean jarri behar da, honela etxea tximista, sute eta ekaitzetatik babesten zuten. Baina ez da hor amaitzen. Aurreko urteko lizar adartxoa gorde eta San Juan suan erre behar da. Edo erramu egunez bedeinkatutako sortarekin batera eta beste zenbait lorerekin, su eman eta honen kea etxe guztian barreiatu; bedeinkatu eta babestuta gelditu dadin. Aldi berean, San Juan bezperan eta San Juan egunez, sendabelarrak biltzera irteten ziren herrietako emakumeak inguruko larre, mendi eta basoetara. Izan ere, egun horietan bildutako sendabelarrek printzipio magikoak izaten omen dituzte, eta ondorioz baliagarri izango ziren lan eta bizimodu gogorraren oinazeei aurre egiteko. Horietako ukendu bat “Sanjuanera” bezala ezagutzen da, 10 sendabelarretik gora dituena: erromeroa, azeribuztana, berbena, pasmobelarra, intsusa, kalendula, intxaurrondoaren hostoak, basa-arrosaren petaloak... Eta eritasun ugaritarako erabiltzen zen.

Lizarra Igartubeiti aurrean

Eta amaitzeko, gure ingurunean, garrantzia handia duen eta identitate elementu ere baden beste elementu batek ere izaera berezia hartzen du: ura. Udako solztizio garaian, urak printzipio eta indar bereziak bereganatzen ditu, bizidun ororentzat sendagarri, pizgarri eta garbitzaile izango da.   Hori dela eta artzainek beren artaldea mendi inguruko iturbururen batera eraman ohi zuten, animaliak ur horrekin garbitu eta gaitzetatik libratzeko. Edota egun horretan bildutako san juan lorea ere iturrietako uretan jartzen ziren. Baita baratzeko landareak ur horrekin ureztatu ere. Egun honetan, uraren inguruan egiten den errituala ez da soilik baliagarria abere eta landareentzat, baita gizakiarentzat ere. Honela, haur jaioberri, gaixotasunen bat dutenak, aurdun daudenak… edo edonor, San Juanetako urarekin garbitzen badira biziberriturik geratzen direla sinesten da. Adibidez, San Juan bezperako gauez erreka eta ibaietan sartzeko ohitura zegoen, edo iturrietan aurpegia garbitzekoa. Edota bestalde, San Juan goizez, ihintzetan oinutsik ibiltzen ziren beste batzuk, urte guztian gaisotasunik ez harrapatzeko.

Beraz, udara datorren honetan, gure inguruneko elementu ezberdinak indar eta karga sinbolikoz betetzen joango dira. Badaezpada kasu piskat egin landare, iturri eta san juanetako suei...

Baratzearen eta ingurunearen zaintza Jakoba Errekondorekin kolaborazioan

  • Landaketak egin aurretik lurra prestatu.

  • Hazitegiko landare-barazkiak baratzean landatu.

  • Landareak babesetik atera eguzkitara.

  • Loreontzietan ditugun landareak ongarritu.

  • Landare usaindunak landatu.

  • Udaran loretuko diren erraboilak eta landareak erein: gladioloa, kana, begonia...

  • Landatu gabeko lurrak simaurrez estali.

  • Belazeetako belarrak moztu eta ontzen edo lehortzen utzi.

  • Sutako hautsa, kare hautsa edo hondarra gehitu lurrari, harrotzeko. Aurretik ongarria bota badiogu utzi pare bat aste gutxienez eta gero zabaldu karea.

  • Orbel garaia amaitzear da. Bildu konposta egiteko, azpitarako...

  • Fruta arbolak zaindu: bakanketak egin eta behar bada baita tratamenduak ere.

  • Udako inausketa egin.