Igartubeiti Baserri Museoak % 27 bisitari gehiago izan ditu 2023an

2024/01/03
Ezkioko zentroak pandemiaren aurreko bisitari kopurua gainditu du. Barne Begiradak proiektuari esker Igartubeitik % 40 gehitu zuen bere publikoa urtarriletik martxora

Igartubeiti Baserri Museoak 2023an 2022an baino % 26,7 bisita gehiago izan zituen. Horrela, 2023a oso urte positiboa izan da Igartubeitirentzat, pandemiaren aurreko bisitarien kopuruak berreskuratu eta gainditu ondoren, % 30ean gaindituz.

Sagardoaren Asteko bisitarien datuekin batera, gehikuntza horren parte bat 2023ko lehen lauhilekoan izandako jende kopuruaren gorakadari zor zaio, % 41 2022koaren aldean, Barne Begiradak proiektuaren programazioaren ondorioz.

Igartubeiti Baserri Museoak oso modu positiboan baloratzen ditu datu horiek, urteko programazio askotarikoaren aurrean publikoaren erantzun positiboa erakusten baitu.
2023ko programazioa Barne Begiradak. Sorkuntza garaikidea landatartasunetik proiektuarekin hasi zen. 240 parte-hartzaile baino gehiagok eta 30 eragile sortzailek hartu dute parte. Barne Begiradak kulturak landa ingurunean aldaketa eta eraldaketa sozialeko dinamikak bultzatzeko duen ahalmenean sakondu du, eta mugarri izan da Igartubeitirentzat, bere inguruko eragile, pertsona eta proiektuekin elkarlanean aritzeko moduak indartu baititu.

Atzerriko bisitarien bikoitza
Jatorri geografikoari dagokionez, nabarmentzekoa da atzerriko bisitarien gorakada udako hilabeteetan, bikoiztu egin baita 2022ko datuekin alderatuta. Atzerritik eta Euskaditik etorritako bisitariak mantendu eta % 3 gehitu dira Estatutik etorritakoak; horien artean, Kataluniatik, Madrildik eta Valentziatik etorritakoak nabarmentzen dira.

Udan, Euskadi Gastronomikak antolatutako "Mundua lau zaporetan margotuta” erakusketa inauguratu zen, eta hainbat jarduera antolatu dira, hala nola dastatze-bisitak. Erakusketa Interpretazio Zentroan ikus daiteke oraindik.

Igartubeitiko ekitaldi nagusia, jende gehien bildu zuena, urrian ospatu zen, "Sagardoaren astea". 7 egunez, pertsona asko etorri ziren Ezkioko baserrirra, taldean edo familietan, bertako dolarea martxan ikusteaz, kirikoketaz eta antzerkiaz gozatzera.

Azkenik, "SagarTxotx!" jarduerak sendotzen jarraitzen du museoaren antolaketaren barne. Igartubeitiko dolarearen sekretuak ezagutzea eta sagar zukua modu tradizionalean egitea da jarduera honen helburua, ondoren gazta pintxo batekin dastatzeko. Asteazkenero eskaintzen da eta bertako zein atzerriko jendeak gehien eskatu duen jardueretako bat izan da.

2024ko programazioaren aurrerapena
2024rako programazioari dagokionez, Igartubeiti Baserri Museoak jakintza tradizionalak modu praktikoan biziberritzeko programazioa eskaintzen jarraituko du.

Besteak beste, helduentzako tailerren eta jardueren "Eskutik eskura" programa nabarmentzen da. Programa horren helburua jakintza tradizionalekin erlazionatutako gaiei buruz hausnartzea, jasangarritasunari buruzko gaietan kontzientziatzea eta eskuekin sortzeko motibatzea da.

Ildo beretik, ahozko memoriaren eta hainbat tailerren bidez, Igartubeitik "Ogibideak, lehen eta orain" proiektua burutuko du, Ezkio-Itsasoko eskolako ikasleekin, eta horrela, 2024an lurraldeko tokiko komunitatearen dinamizatzaile izaten jarraituko du.