Igartubeiti Baserri Museoak % 13 gehitu ditu bisitariak 2024an

2025/01/08
Goranzko joerari eutsi dio Igartubeitik Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko jende kopuruan Martxoa eta urria izan ziren museora bisitari gehien hurbildu ziren hilabeteak, Aste Santuaren eta Sagardo Astearen ondorioz

Igartubeiti Baserri Museoak 2024an 2023an baino % 13 bisitari gehiago izan zituen. Horrela, 2024a oso urte positiboa izan da berriro Igartubeitirentzat, 2023a itxi baitzuen publiko hazkunde handiarekin.

Urriko Sagardo Asteko bisitarien datuekin batera, igoera horren zati bat Aste Santuan izandako jende kopuruaren gorakadak eragin du.

Jatorriari dagokionez, gehien hazi den publikoa Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo etorri dena izan da, Estatutik etorritako % 30 pertsona gehiagok erabaki baitute aurten Igartubeiti baserri museoa bisitatzea. Atzetik, oso gertutik, atzerriko publikoa dago,  % 24 igo baita 2023tik.

Igartubeiti Baserri Museoak oso modu positiboan baloratzen ditu datu horiek, izan ere, publikoaren erantzun positiboa erakusten du zentroaren urteko programazioaren aurrean, eta museoa erreferentziazko zentro gisa sendotzen dute, bai tokian-tokian, bai lurraldeko beste toki batzuetatik etortzen den jendearentzat.

2025/2026 programazioaren aurrerapena

Igartubeiti baserri museoa programazio interesgarria prestatzen ari da 2025/2026 aldirako, PATRIM 4.0 Europako proiektuan, Kultura Ondarearen Berrikuntza eta Kudeaketa Sortzailerako Sare Piriniotarrean, parte hartzeak baldintzatuko duena.

INTERREG VI-A Espainia-Frantzia-Andorra Programak finantzatutako sare horren parte izateari esker, museoak kultur programazioa zabalduko du 2025.2026 aldian.

Eskaintza horren adibide da helduei zuzendutako "Jakintzen hibridazioa" tailerren eta jardueren programa. Programa horren helburua da jakintza tradizionalen transmisioari eta balioa emateari buruz hausnartzea, jasangarritasunari buruzko gaiez kontzientziatzea eta eskuzko lanarekin berriro konektatzera eta eskuekin sortzera motibatzea.

Ildo beretik, ahozko memoriaren eta hainbat tailerren bitartez, museoak "Lanbideak, lehen eta orain" proiektua garatzen jarraituko du Ezkio-Itsasoko eskolako ikasleekin.

Gainera, museoak lanean jarraitzen du touroperadore eta lurraldeko eragile ugariekin elkarlanean, jardueren eskaintza zabaltzeko eta publiko berrietara iristen jarraitzeko.