Igartubeiti Baserri Museoa landa-eremuetako kultura-proiektuen suspertze gune gisa nabarmentzen da, balantze oso positiboarekin amaitu den Barne Begiradak programari esker
- Igartubeiti Baserri Museoak aurrerapausu handia egin du programa honekin, eta jakintza tradizionalak eta jardun sortzaile garaikideak uztartzen diren suspertze proiektuen gune gisa nabarmendu da.
- Larunbatean, hilak 22, amaierako jai bat egingo da, Barne Begiradak programari buruzko dokumental labur baten proiekzioarekin eta Sara Azurzaren kontzertuarekin, baserriko dolarean.
- Benito Burgos, Marc Badal, Eva Caballero, Koldobika Jauregi, Laurita Siles eta Gari Aranbarri izan dira proiektuan parte hartu duteneko batzuk.
Balantze oso positiboarekin amaitzera doa Igartubeiti Baserri Museoak sustatu duen eta urtarrilaz geroztik Gabirin, Zerainen eta Ezkion burutu den Barne Begiradak kultura-proiektua. Kulturak landa-ingurunean aldaketa-dinamikak eta eraldaketa sozialak bultzatzeko duen gaitasunean sakondu du Barne Begiradak programak, eta mugarria izan da Igartubeitirako, inguruneko eragile, pertsona eta proiektuekin elkarlanean lan egiteko moduak indartu baititu. Era horretan, “jakintza tradizionalak eta jardun sortzaile garaikideak uztartzen diren proiektuen larrialdiko espazio eta, elementu eta baliabide endogenoetatik abiatuta, berrikuntza sozialerako agertoki” bihurtu da hiru hilabetez Baserri Museoa, eta zera adierazi dute arduradunek: “horixe da funtsezko helburuetako bat, eta horretan lanean jarraituko dugu”.
Guztira, sortzaileak eta ekoizleak kontuan hartuta, 30 eragilek hartu du parte, eta 240 lagun baino gehiago joan da proposatutako jardueretara. Lau ardatzetan banatu dira jarduerok: Ars Natura egoitza artistikoa, Gari Aranbarri protagonista izan duena; “Jakintzen hibridazioa” tailer esperimentalen zikloa; Ber(topaketak). Artea, lurraldea eta landa-eremuak” jardunaldiak, martxoaren 28an eta 29an egin zirenak, eta laster argitaratuko den argitalpen bat. Zerainlab elkartearen lankidetzarekin burutu dugu egonaldi artistikoa.
Larunbatean, apirilak 22, itxiera-jaia egingo da, eta han izango dira proiektuan protagonista izan direnetako batzuk. Prozesu osoari buruzko dokumental labur bat proiektatuko da, eta Sara Azurza abeslariaren emanaldiaz gozatzeko aukera izango da, baserriko dolarean. Amaitzeko, afari-merienda egingo da.
Hainbat hitzaldi eta tailer esperimentalek, eta egoitza artistiko batek osatu dute Barne Begiradak programa.
Otsailean egin zen “Jakintzen hibridazioa” tailer esperimentalen zikloa; edukiera osoa bete zen saio guztietan, eta kultura eta belaunaldi arteko partaidetza izan zuen. Tailer horiek Ezkio eta Gabiriako bizilagunak berrelkartzeko eta errealitate ezberdinak berrirakurtzeko modu baterako aukera eman dute, joskintza, zeramika, artea eta dantza bezalako jardun sortzaileen bitartez. Gainera, landa-ingurunearekin lotutako memoriarekin eta jakintza tradizionalekin lan egiteko eta naturarekiko eta lurrarekiko konexioaren garrantzia azpimarratzeko aukera ere eman dute.
Gari Aranbarri artistak hartu du parte Ars Natura egoitza artistikoan, eta materialtasunaren, espazioaren eta paisaiaren kontzeptuei heldu die, hegemoniaren aurkako bizitzeko moduak aztertuz. Hik egurre ta nik teilatue izenburuarekin, Gipuzkoako komunitateko hainbat bizi-esperientziari buruzko azterketa batetik abiatu da, 70eko hamarraldiko proposamen politiko erradikal batzuetan oinarrituta, eta gaur egunera arte etorri da, gertaera horien bilakaera ikusteko, Zerainen (Gipuzkoa) bertan behera utzitako baserri batzuetan kontzeptualizatuz. Inor bizi ez den baserri baten narriadura progresiboa irudikatzen duten irudi batzuetan oinarrituta, Les paysans se révolteront 1976 (Nekazariak matxinatu egingo dira 1976) dioen pintada bat ageri den Straub-Huilet zinemagileen Trop tot, trop tard (1982) filmeko pasarte batera garamatza obrak. “Komunitate oso aktiboa aurkitu dut Zerainen, herri hauen alde lan egiteko oso motibatuta dagoen komunitatea”, adierazi du artistak berak.
Martxoaren 28an eta 29an, Ber(topaketak). Artea, lurraldea eta landa-eremuak jardunaldiak egin ziren. Hainbat adituk hartu zuen parte, baita hainbat artistak ere, hala nola Benito Burgosek, Marc Badalek, Eva Caballerok, Koldobika Jauregik eta Laurita Silesek. Jardunaldi horietan agerian gelditu zen landa-eremuari dagokion ingurunea –‘mikro’ dimentsioa– esperimentaziorako eta kultura-jardunbide berritzaileak garatzeko espazio pribilegiatua dela, maila sozialean aldaketa-dinamika zabalagoak bultzatzeko gai dena.
Barne Begiradak egitasmoari buruz. Sorkuntza Garaikidea landa-eremutik
Igartubeiti Baserri Museoaren lan-ildo bat da Barne Begiradak, 2013an abiarazi zena, eta ondarearen eta artearen arloetan mugitzen dena. Gizarte-berrikuntzaren eta arte-jardunbide garaikideen bitartez, landa-ingurunean bizi izateko moduak arakatzea planteatzen du.
2013az geroztik, lan-ildo hau garatuz joan da Igartubeiti Baserri Museoa, haren urteko kultura-programazioan ildo artistiko bat, egoitza artistikoak eta sorkuntza garaikidea txertatuta, besteak beste. Igartubeitik bere ibilbidean jarraipena eman nahi dio lan-arlo horri.
2023an, beste bultzada bat eman dio egitasmoari, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruan, hiri-eremuetatik kanpoko kultura-eskaintza handitzeko eta dibertsifikatzeko laguntzen finantzazioari esker (Next Generation Funtsen bitartez).