Goiberriren spota Igartubeitin grabatua
Datorren asteazkenetik aurrera euskarazko astekari bat izango dugu irakurtzeko, Goiberri, ostiralero ostiralero. Goierriko euskarazko komunikabide bakarra izango da, Goierriko Hitza egunkariaren lan-taldea izango dute bidelagun.
Aldizkari berriak Goierri ulertzeko beste ikuspuntu bat eskaini nahi die irakurleei, ikuspuntu berri bat. Eta edukiak lantzeko garaian, gaurkotasuna izango da GoiBerri astekariaren ikur nagusietako bat, Goierriko Hitzak asteartetik ostiralera eskaini dezakeen informazioaren osagarri. Begiratu berria izango du, berritua, bakarra, bateratua.
Gazteei begirako atal finko bat izango du, historia eta ibilbideak txandatuko dituen atal bat ere landuko du, eta baita Goierrin bizi diren atzerritarren eta atzerrian bizi diren goierritarren istorioak jasoko dituena ere, besteak beste. Iritziko atalak ere garrantzi handia izango du astekari berrian, eta eskualdean ezagunak diren herritar sorta batek kolaborazioak egingo ditu. Horrez gain, asteko gai nagusia eta elkarrizketa nagusia ere izango ditu.
Kanpainarako prestatu duten spota Igartubeiti Baserrian grabatu zuten urtarrilaren 12an. Telebistan eta Interneten zabalduko duten spotak Maria Antonia Hortiguela aktore zumarragarra du protagonista, Irri Makila antzerki taldeko kidea.