Giro bikaina barrikote eta bertso saioan
Arratsaldeko 18:30etan eman zitzaion hasiera Martxoan Bertsoko bigarren kanporaketari. Lekaixoka (Aitor Lizarazu "Ginz", Martin Berrizbeitia, Mikel Mendiaraz), Gabiri X (Aratz Igartzabal “Potto”, Endika Igartzabal eta Mikel Asurabarrena) eta Potato (Felipe Zelaieta, Rikardo, Asier Otamendi) taldeak izan ziren kantuan, Gorka Azkaratek jarritako gaiei erantzuna emanaz. Saio oso azkarra eta bizia izan da Igartubeitikoa, eta bertan bildutako bertsozale adituenen aburuz maila oso handikoa, bertsolariek pentsatzeko ia batere denborarik hartu gabe kantatu dute uneoro eta hori asko eskertzen du entzuleak. Gabiriko Potto, Endika eta Mikel izan ziren nagusi Igartubeitin, eta ostiraleko zein larunbateko kanporaketak aintzat harturik eurak izan dira, gainera, punturik gehien lortu duten taldea. Beraz, finalean egoteko aukera handiak dauzkate.
Sailkapen orokorra, saio baten faltan, honela dago:
1- Gabiri X (Potto, Mikel Asurabarrena, Endika): 154.74 puntu
2- Xatortorrak (Manex Mantxola, Andoni Biain, Beñat Hatxen): 147.57 puntu
3- Gabiri Y (Jokin Murua, Aitzol Iturbe, Jon Iturriotz): 147.13 puntu
4- Lekaixoka (Ginz, Mikel Mendiaraz, Martin Berrizbeitia): 142.36 puntu
5- Potato (Otamendi, Rikardo, Serapio): 142.23 puntu
6- Juliaz (Julen Agirreburualde, Ulises Galdos, Gorka Azkarate): 131.08 puntu
7- Atzeko kaleko mutilak (Santesteban, Sasieta, Elgarresta): 123.86 puntu
Igartubeitiko saioaren ostean, ohi bezala, Barrikote festari eman zitzaion paso. Aurtengoan, “Santa Lutzi People” gazte taldeak izan du txotxa irekitzeko ohorea. Talde honek, “Beldur Barik” bideo lehiaketara lan bat aurkeztu zuen emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasuna aldarrikatuz, eta bigarren saria lortu zuten lehiaketa horretan. Omenaldi txiki bat egin zaie eta euren bideo saritua proiektatu da. Behin txotxa irekitakoan, Elortza anaien trikiti doinuek bete zuten Igartubeiti eta festak jarraipena izan zuen, sagardoa eta jatekoa lagun.
Txotxa ireki aurretik, Asier Sasietak prestatutako bertso eder hauek kantatu ziren:
Gure herrian gazte talde bat
langile ta fina dago,
sexu arteko bereizketari
bota diona ordago,
egin dezuen bidearekin
gu harro gaude zeharo,
garai berria helduko dela
horixe dugu itxaro,
martxoak 8 izango dena
beste egun bat gehiago.
Aitorrentzako baloia eta
Anerentzako panpina,
Maiderrek niki arrosa jantzi
eta Enekok urdina,
oraindik ere sarri ikusten
degu eskema berdina
gure gizarte hau aldatzeko
kapaz ginake jakina,
geroni geure etxeetatik
hortan hasiko bagina.