Gipuzkoako baserrien arkitekturari buruzko argitalpen berria
Liburu honek baserriak Gipuzkoan izan duen bilakaerari buruzko laburpen oso bat eskaintzen du, XIII. mendeko orube sakabanatuei buruzko lehen erreferentzia dokumentaletatik hasi eta XX. mendearen hasieran eraikitako azken aleetara arte.
1978an hasitako lan luze baten ondorioz, azterketa landa-lan sakon batean eta artxibo-lan batean oinarritzen da, baserriaren arkitektura definitzen duten hiru elementu nagusietan (kanpoko inguratzailea, erabileren egitura eta banaketa) historian zehar erabilitako eraikuntza-teknika desberdinak dokumentatu nahian. Teknika horiek sakon ezagutzeak aukera eman dio
egileari baserriak tipologien arabera sailkatzeko eta haien jatorriari eta bilakaera historikoari buruzko esparru orokor bat eginez, ikuspegi orokor berri bat aurkeztuz eta ikerketa-ildo berriak irekitzen dituzten hipotesiak proposatuz.
Orube sakabanatuetan oinarritutako populatze-sistema bat dagoela dokumentatuta dago Gipuzkoan XII. mendearen amaieratik, baina orain arteko baserri zaharrenak XV. mendearen hasieran eraikitako dolare-etxeak dira. Ordurako zehaztuta zeuden ondorengo mendeetan erabiliko ziren zurgintzako eta hargintzako teknika gehienak. Teknika horietako askok kanpoko jatorria badute ere, gehienetan tokiko soluzioetan aplikatzen dira.
Terminologiari dagokionez, dokumentu historikoetan erabilitakoa berreskuratu da. Euskarazko terminoak nabarmentzen dira, ondare historiko eta linguistiko garrantzitsua osatzeaz gain, haien jatorriari eta ondorengo bilakaerari buruzko informazio baliotsua ematen baitute.
Egilea
Luis Alberdi Sudupe arkitektoa da. Bere jarduera profesionala eraikuntza berrian zein birgaitzean garatzen du. Baserrien eremuan, Akuazelai (Zestoa), Apaiziartza (Lezo), Aizpurua (Donostia), Murgiaran (Mutiloa), Sariaundi (Usurbil) eta Lertxundi (Usurbil) zaharberritu ditu.
Egilearen esanetan "Liburu honen helburua Gipuzkoako baserriko arkitekturak izandako bilakaera historikoaren ikuspegi orokorra ematea da.Tokiko eremu batean lan egiten duten eta beren datuak ordenatzeko esparru bat behar duten ikertzaileei, baserrietan esku-hartze arkitektoniko edo arkeologikoetan parte hartzen duten eta informazio orokorra behar duten teknikariei eta gure ondarea estimatzen duten eta ezagutza zabaldu nahi duten edo, besterik gabe, zoritxarrez desagertuta dauden hainbeste baserriren argazkiak eta marrazkiak ikusiz gozatu nahi duten pertsonei zuzenduta dago ".