Gau magikoa

2024/06/21
Udako solstizio egunean edo San Juan gauean, eguzkiak gaina joko du eta udarari hasiera emango diogu

Solstizio hitza latinezko “soles-stati” hitzetik dator. Hori dela eta suak eta argiak, urte osoan bezalaxe, egun honetan garrantzi berezia izango du. Eguzki-aldi osoa edo estazio aldaketa hori ospatzeko San juan sua egin izan da. Izan ere sua, etxekoa edo plazako San Juan sua, eguzkiaren luzapena zen, izaki bizidun bezala ulertu izan dena, hortik esate baterako “sua bizirik dago” edo "sua hil da” esamoldeak. Goizetan edo arratsetan eguzkia agurtzeko ohitura ere bazegoen.

Honela bada, eguzkialdiaren aldaketa honek gizakiarengan zirrara eta misterio ugari sortu izan ditu, eta gure inguruneak izaera magiko bat bereganatzen duela pentsatu izan da. Hori dela eta, ekaineko egun horietan gure iguruneko hainbat elementuk izaera berezia izango dute, eta baserriko bizitzarako baliabide material izateaz gain sinesmenei eta erritualei loturiko erabilera ugari izango dituzte.

Landareei lotutako ohiturei dagokienean esaterako, bat oso ezaguna lizarrarena da. Ekaineko solstizioko egunean lizarraren adartxo bat jartzen da etxeetako ateetan, edota baita haritzarena ere. Sinesmenen arabera, egun honetan biltzen ziren eguzkiloreak ere, hauek ateetan jarriz etxea babestu zezaten. Sendabelarrak biltzeko eguna ere izaten zen, urte guztirako ukenduak egiteko, esaterako “sanjuanera” deritzona.

Eguzkilorea

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Landareez gain ere bazen beste elementu bat aparteko garrantzia duena egun honetan eta batez ere garbitasunari begira: ura. Iturburuetara edota ibaietara joateko ohitura zegoen gorputza eta arima garbitzeko asmoarekin, urak egun horretan zituen baliabide magikoak baliatuz. San Juan egunsentiko ihintzetan oinutsik ibiltzeak ere onura ona zekartzala sinestu izan da.

Eta nola ez, eguzkiari eta solstizioari lotuta sua egun honen erdigunean egongo da. Herriko plazetan, hiriko auzoetan, baserri guneetan… sua pizteko ohitura dago. Izan ere suak garbitu egiten duenaren sinesmena zegoen, espiritu txarrak uxatu eta norbera babestuz. Horretarako ordea San juan suaren gainetik salto egin behar…

Badaezpada, sinesmenek diote ekaineko solstizio gauean iturritxo baten ondoan kaxatxo txiki bat uzteko irekita. Gauean galtzagorriak bertara sartzen omen dira eta hurrengo goizean itxi eta behar denerako laguntza ona eskaintzen omen dute. Badakizue…