Gau Beltza: nola eta zergatik ospatzen zen?
Gau honetan kalabazak jasotzen ziren, barnealdea hustutzen zitzaien giza aurpegiaren itxura emanez eta barnean kandela bat ipintzen zitzaien hauek argiztatzeko. Bestelako barazkiak ere erabiltzen ziren batzuetan, hala nola patatak edota arbiak. Nahiz eta gaur egun Ipar Amerikatik iritsi zazigun Halloween festaren antza har diezaiokegun, egia da XX. mendera arte ospatzen zen festa honek bestelako siniskera, balore eta esanahiak ezkutatzen dituela.
Kalabaza garaia udazken guztira luzatzen zenez, haurrek baratzetik kalabazak hartu eta sasoi guztian zehar sortzen zituzten argiztatutako kalabazak, bizilagunak beldurtzeko asmoarekin. Ospakizun honek, ordea, garrantzia berezi bat hartzen zuen egun konkretu batetan. Urriak 31ko eta azaroak 1 arteko gau horretan hildako senideen eta lagunen arimak etxera bueltatzen zirelako ustea zegoen, horregatik, argiztatutako kalabazak ipintzen ziren baserrien atarietan eta bide bazterretan, hauen helburua hildakoen arimei etxerako bidea erakustea baitzen. Arimekin loturiko ospakizun honek heriotzaren beste ikuspegi bat erakusten digu, non bizidunak hildakoekin elkartzeko aukera duten. Bestalde, praktika pagano honek bestelako baloreak ere erakusten dizkigu: hildakoen oroitzapenak eta memoriak zuen garrantzia, familiaren eta komunitatearen kohesioa eta gizakiak naturarekin zuen lotura, besteak beste.
Honez gain, baserrietan gaztainak eta kalabazak janez ere ospatzen zuten egun hau, eta zeinbait herritan neska-mutilak trapu zaharrez egindako jantziez estali eta baserriz baserri joaten ziren kantuan eta janari eskean. Ospakizun honekin ematen zioten hasiera negu luzeari euskal baserrietan, hau da, hauxe da neguko ziklo berriari ongietorria emateko egiten zen lehen jaia.
XX. mendera arte mantendu ziren ospakizun hauek, ondoren ia desagertzeko. Halere, badirudi zorionez magia hori ez zela guztiz desagertu eta hainbat herritan Gau Beltza berreskuratzen edo berrinterpretatzen ari direla azken urteotan.