Garia

2012/07/20 Baserria

XX. mendearen erdi aldera utzi zen garia ereiteari, elizaren opariak desagertu zirenean eta nekazariak orohar lurren jabe egin zirenean. Dena den, azken aldi honetan irakurri dudanez, zenbait tokitan lan hau berreskuratzen ari dira. Maria Luisa Intxaustik eta Julian Aranbarrik garia erein dute Sallobente/Ermuaran bailarako Ibarrenea baserrian. Orain dela 56 urte erein zuten azkenengoz.

Arabako Maroño herrian garia moztu zuten antzinako teknikak erabiliz, ondorengo bideoan ikus dezakezuenez.

Uztailaren 26an, berriz, garia joko dute.

Igartubeiti baserriko nekazaritza defizitarioa zen zerealetan, eta aldian aldian familiak Gaztelatik inportatutako alea edota itsasoz heldua eskuratu behar izaten zuen herriko plazan bere hornidurarako. XVII. mendean, Amerikatik ekarritako artoak gizakiaren dietan aldaketa handia eragin zuen. Artoaren etorrerarekin, berriz, garia ez zen guztiz desagertu. Aberastasuna neurtzeko unitatea garia zen, gari-irina zen artean preziatuena eta erraz bihurtzen zen merkatuan dukat edo diru jakina. Horregatik jabeek errenta gari-anegekin ordaintzea eskaintzen zuten beti. Sotoetan egindako garia ere jasotzen zen, bihitegi deitutako zurezko kutxazar batzuetan, alea hezetasunetik eta arratoietatik libre edukitzeko.

Nekazariek bi uzta erein behar zituzten era berean: bata taloa eta beraiek jaten zuten arto-ogia oreztatzeko artoa, eta bestea elizak eta maiztergoak ezarritako zergei aurre egiteko garia. Hirurogeiko hamarkadan Gipuzkoako zelaietan garia landatzeari utzi zitzaion.