Gari Arambarri artistak "Hik egurre, nik teilatue" proiektua aurkeztu du Zerainen

2023/02/20
Proiektuaren abiapuntua, 70. hamarkadan gertatu zen baserrien okupazioa izango da. Belaunaldien arteko ezberdintasunak ere aztertuko ditu, gaur egungo gazteak baserriak okupatzeko prest dauden edo ez

Gari Arambarrik, Barne Begiradak kultur proiektuaren barruan Igartubeiti Baserri Museoak abian jarritako Ars Natura-n aukeratutako artistak, "Hik egurre, nik teilatue" proiektua aurkeztu du Zeraingo kultur etxean, Zerainlab elkartearen lankidetzarekin.

Aurkezpenean, Garik proiektuaren abiapuntua zein den azaldu du: "70. hamarkadan mugimendu autonomoei lotuta pertsona talde batzuk baserriak okupatzen hasi ziren. Nire interesa da ikustea gure baliabideetatik eta beste bizimodu alternatibo bat sortzeko desio horrek mugituta, ba nola egin daitezkeen horrelako proposamenak. Aztertu nahi dudana da eraikuntza hau nola ematen den bai materialeetatik, materialtasunetik ere bai eta horren inguruko ikerketa arte plastikoetatik ikusita. Belaunaldi arteko ezberdintasunak ere interesa zaizkit, gaur egungo gazteak prest dauden horrelako zerbait egitea."

Proiektuaren emaitzari dagokionez, Garik instalazio edo bideo bat izan daitekeela esan du. 

Gari Arambarri Arregui (Azkoitia, 1997). Bilbon bizi eta lan egiten du. Artearen Historian graduatua (2019) eta Arte garaikide teknologiko eta performatiboan masterra (2020), biak UPV/EHUn. Egoitzak egin ditu BilbaoArten, Tabakaleran, LABen Elkargunean eta Dinamoan. 2022an bakarkako lehen erakusketa egin zuen Koldo Mitxelena kulturunean, JAIren Tabakalerako ikasketa-programan parte hartu zuen eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso zuen arte plastikoak ekoizteko.

“Egoitza honekiko interesa duela lau urte hasi eta arrazoi akademikoengatik alde batera utzi nuen ikerketa-gai bati berriro ekitean sortzen da. Pertsonalki ukitzen nauen gaia da, ahozko memoriari dagokionez baliotsua dela uste dut, tokiko komunitatearekiko loturari dagokionez, eta leku bereko belaunaldi guztiei dei egiten die, hain zuzen ere, denboran zehar-izaera duelako”.

Egoitza artistikoan zehar, Zeraingo publikoari zuzendutako tailer bat, egindako proiektuaren pic-nic performance bat eta egoitzan garatutako sormen prozesuaren aurkezpen bat egingo da ”Ber (topaketak). Artea, lurraldea eta landa-eremuak” izeneko topaketan, martxoan Igartubeitin egingo dena.

Igartubeiti Baserri Museoak abian jartzen duen programa Next Generation funtsen bidez Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planeko hiriguneetan kultura-eskaintza zabaltzeko eta dibertsifikatzeko laguntzen bidez finantzatzen da.

Barne Begiradak. Sorkuntza garaikidea landatartasunetik proiektuari buruz
Barne Begiradak Igartubeiti Baserri Museoaren lan ildo bat da, 2013an hasitako ondare eta arte arloaren artean. Gizarte berrikuntzaren eta praktika artistiko garaikideen bidez landa ingurunean bizitzeko moduak ikertzea planteatzen du.

2013tik, Igartubeiti Baserri Museoak lan-ildo hori garatu du, besteak beste, urteko kultur programazioan ildo artistiko bat txertatuz, egoitza artistikoak sortuz edo sorkuntza garaikidea eginez. Lan-eremu horri jarraipena eman nahi dio Igartubeitik bere ibilbidean zehar.

2023an bultzada berri bat lortu zuen, Next Generation funtsen bidez Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planeko hiriguneetan kultura-eskaintza zabaltzeko eta dibertsifikatzeko laguntzei esker.

Proiektuaren inguruko informazio gehiago.