Gandeia taldearen kontzertua Igartubeiti baserriko dolarean

2020/09/07
Gandeia taldeak kontzertua eskainiko du Igartubeiti baserriko dolarean urriak 3an, arratsaldeko 18:00etatik aurrera. COVID19k eragindako edukiera murrizketak direla eta derrigorrezkoa da aurretik izena ematea telefonoz 943 72 51 07 edo idatziz igartubeiti@gipuzkoa.eus. Ezinbestekoa izango da eskuak gel hidroalkoholikoarekin garbitzea eta maskara erabiltzea. Derrigorrezkoa da kontzertua hasi baino ordu erdi lehenago, 17:30etan bertan izatea.

Amaia Cordobak, (pianoa), Yorrick Tromanek, (bibolina), Ion Irazokik, (txistua), Lorea  Lizarreta eta Oihana Santxotena dantzariak osatzen duten Gandia taldeak ondorengo  egitaraua eskainiko du: 

  • KONTRAPASA, José Olaizola (1883-1969)
  • TXORIAK, Aita Hilario Olazaran (1894-1973) /Mold: Lorenzo Ondarra (1931-2012)

                      -Urretxindorra
                      -Zozoa
                      -Txantxangorria
                      -Kukua

  • EZTAI TALDEA, Aita Donostia (1886-1956) /Mold: Lorenzo Ondarra
  • AGUR MARIA, José Olaizola
  • DONOSTIA, Pablo Sorozabal (1897-1988)-Tomás Garbizu (1901-1989)
  • POUPÉE VALSANTE, Fritz Kreisler (1874-1962)
  • MENDIKO SOINUAK, Jesús Guridi (1886-1961)
  • LE BASQUE-LA BISCAYENNE, Marin Marais (1656-1728)
  • HIRU ATALETAKO ALBORADA, Eduardo Gorosarri (1889-1947) / Mold: Ramón Lazkano (1968-)

                    -Kontrapasa
                    -Zortzikoa
                    -Idiarena

  • HIRU DANTZA, Aita Donostia /Mold: Lorenzo Ondarra

                    -Euskal Dantza
                    -Petit André Danse...
                    -Sagar Dantza

Ezohiko musika emanaldia da Gandeia taldeak aurkezten duena. Eta era berean oso gaztea, pasa den kurtsoan sortu baitzen, hasiera hasieratik inguruko kultur eragile eta hedabideengan interes handia sortuz. Ezohikoa da batez ere taldearen formazioari dagokionez: bibolinak, txistu-danbolinak eta pianoak osaturiko hirukotea da honakoa, seguru aski sekula izan den gisa honetako hirukote bakarra. Jotzaileen ibilbideak ere ezin litezke anitzagoak izan: Yorrick Troman paristarra musika sinfonikoaren munduan dabil burubelarri, egun Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren Lehenengo Concertinoa delarik. Amaia Cordoba erratzuarra goi mailako piano tituluduna eta musikologoa da eta Bigarren Hezkuntzako irakasle lanetan dabil. Eta Ion Irazoki beratarra Donostiako Udalaren Txistulari Taldeko partaidea dugu. Hiru instrumentu eta hiru musika ibilbide guztiz desberdin, baina euskal errepertorioarekiko interesak elkartuak: Aita Donostia, Aita Hilario Olazaran, Eduardo Gorosarri, José Olaizola… Bizkaian zein Gipuzkoan, Araban eta batez ere Nafarroan bilatu dituzte konpositoreak, bai eta berezko herri doinuak eta dantzak. Eta guztien artean doinu ederrenak eta berezienak aukeratu dituzte jotzaileek, bai eta beren tresnetara ekartzeko espresuki moldaketak prestatu ere.

Emanaldi freskoa, erritmo bizikoa eta bide batez, gure musika entzun eta gozatzeko aukera ematen duena osatu dute, tartean beste gisako konposizioak ere txertatuz, baina naturaltasun haundiz. Herri doinu eta dantzetan oinarritutako musika kultua da errepertorioaren funtsa, baina edozein motako entzulek, ganbara musikan adituak izan edo sekula halakorik entzun gabekoa izanik ere, errez eta gustora entzuteko moduan aurkeztuta. Tartean jotzaileek obren inguruko azalpen pedagogiko motzak ematen dituzte entzuleak kontzertuaren osotasuna hobeki ulertu eta gehiago gozatu ahal izateko.
Emanaldian zehar hirukote berezi honen aukera desberdinak jorratuko dituzte: txistu eta piano duoa, bibolin eta piano duoa, bibolin eta txistu duoa, eta batez ere, hirukote berezi honen talde elkarketak errepertorio honi ekarri diezazkiokeen onurak ahalik eta egokien landuz.
Emanaldia borobiltzeko, bi dantzarik parte hartzen dute espreski ikuskizun honetarako sorturiko koreografiekin.

 

 

 

Gandeia taldearen kontzertua Igartubeiti baserriko dolarean

Gandeia taldea