Galbahe beka sortu da, Igartubeiti Baserri Museoaren ekimena, San Telmo Museoarekin lankidetzan, ondare etnografikoa ikertu eta zabaltzeko
Igartubeiti Baserri Museoak, San Telmo Museoarekin lankidetzan eta Gordailuaren (Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa) aholkularitzarekin batera, etnografia ondarea ikertzeko eta zabaltzeko Galbahe ikerketa eta dibulgazio bekaren lehen edizioa aurkeztu du. Beka bi erakundeen bilduma etnografikoetan oinarrituko da, euskal landa-gizartea aztertzeko diziplinarteko berrinterpretazioa edo elkarrizketa proposatzeko. Galbahek sei hilabeteko iraupena izango du eta ekaina eta azaroa bitartean garatuko da.
Deialdiaren helburua ondare etnografikoari buruzko dibulgazio-proiektuak garatzen laguntzea da, ondare horren gizarteratzea sustatzeko. Bekak, alde batetik, euskal kulturaren aztarna materialak berrinterpretatzen eta begirada eta diskurtso berriak formulatzen baita ondare eta herentzia hori zabaltzen ere lagundu nahi du.
Parte hartzeko baldintzak
Deialdia Gipuzkoan erroldatutako adinez nagusi diren eta Gizarte Zientzia eta Humanitateetako unibertsitate-ikasketak dituzten banakako pertsonei edo lantaldeei zuzenduta dago.
Ikerketa egiteko formatua irekia da, interesdunek beren proposamena aurkeztuko dute formatu irekian: argitalpena, erakusketa, topaketak, eztabaidak, etab. Proiektua euskaraz egingo da eta, nahi izanez gero, gaztelaniara ere itzuliko da. Egiten diren lanek originalak eta argitaragabeak izan beharko dute.
Galbahe bekaren ikerketa bi museoetako bilduma etnografikoetan oinarritu beharko da: Igartubeiti Baserri Museoa eta San Telmo Museoa.
Galbahe ikerketa bekaren oinarriak
Igartubeiti Baserri Museoko bildumei buruzko informazioa
Parte hartzeko, eskatutako dokumentazioa posta elektronikoz bidali beharko da, apirilaren 25a baino lehen. Bekaren ebazpena 2025eko maiatzaren 16tik aurrera jakinaraziko da.
Interesatuek igartubeiti@gipuzkoa.eus helbidera jo dezakete zalantzak argitzeko.
HARREMANETARAKO DATUAK ETA INFORMAZIO GEHIAGO:
IGARTUBEITI BASERRI MUSEOA
Harremanetarako pertsona: Kizkitza Ugarteburu
Ezkio bidea z/g 20709 EZKIO (Gipuzkoa)
+34 943 72 29 78
igartubeiti@gipuzkoa.eus
www.igartubeitibaserria.eus