Euskaldunak eta itsasoa hitzaldia
Mark Kurlansky (Hartford, Connecticut, USA), nazioartean ezaguna den kazetari eta idazle amerikarrak, uztailak 3an, ostegunean, Euskaldunak eta itsasoa hitzaldia eskainiko du Ondartxon (Pasaia), San Juan Baleontziaren proiektuaren testuinguruan. Hain justu, gila jartzearen ekitaldiarekin inauguratu zen ofizialki, San Juan Baleontziaren erreplikaren eraikuntza.
Itsasontzietako gila eta baserri dolareetako palanka-habea dira XVI. mendean egurrez egindako eraikuntza ikaragarrienak, gilaren luzera 14 metrotakoa da eta pagoarekin egina, Igartubeitiko dolarea berriz 12 metrotakoa da eta haritzezkoa da.
Hitzaldiari helduz, Mark Kurlansky nazioartean “best-seller” bihurtu zen eta hainbat hizkuntzatara itzuli duten Euskal Herriko historiari buruzko liburu baten egilea da, “The Basque History of the World” (1999) izeneko lanarena, alegia. Zentzu horretan, Kurlansky euskal itsas kulturaren hedatzaile ospetsu bat denez, Ondartxora egingo duen bisitak helburu bikoitza izango du: alde batetik, nazioarteko ikusleak bereganatu dituen euskaldunon baleontzi- eta arrantza-tradizioaren ikuspegiaz hitz egingo die bertaratzen direnei; bestetik, lehen urratsa izango da San Juan baleontziaren eraikuntza aberastu eta testuingurua emateko antolatuko diren kultur jardueren garapenean.
Mark Kurlanskyk eskainiko duen “Euskaldunak eta itsasoa” hitzaldia Donostia 2016k antolatu du Etxepare Institutuaren laguntzarekin, eta datorren ostegunean egingo da 19:00etan Ondartxon (Ondartxoko Pasealekua 1.a, behea, 20110 Pasaia-San Pedro). Sarrera librea izango da euskal kulturan itsas historiak izan duen garrantziari eta euskaldunok itsasoarekin izan dugun harremanari buruz gehiago jakin nahi duten guztientzat. Hitzaldia ingelesez emango da, eta aldi bereko itzulpen zerbitzua eskainiko da euskara eta gaztelerara. Horrez gain, bertaratzen direnek idazlearekin hitz egiteko aukera izango dute, amaitzen duenean irekiko den galdera-erantzunetarako txandan.