Erlezaintza

2015/07/06
Puri purian eta kezkatzen gaituen gaia jorratu dugu aurtengo Baserri Eguneko 7. edizioan, erlezaintza, hain zuzen.

Jarduera Erlezaintza erakusketaren azalpenekin hasi dugu. Aikur Museoko Josune Epeldek garai batean eta gaur egun erlezaintzan erabiltzen diren objektuak zertarako erabitzen diren azaldu du, erleek egiten duten lana azpimarratuz. Erleek miloika urteetan loreekin batera eboluzionatu dute, landare loredunak erleen beharra dute beraien ugalketarako. Eztia egiten duten erleak izan dira eraginkorrenak, kopuru handian daudelako eta eztia biltzen dutelako. Erleei ez zaie aitortzen duten eragina, landareetan, baita ekoizten dituzten produktuetan ere.

Azalpenen ondoren, polena eta hiru ezti mota ezberdinak dastatzeko aukera izan dugu.

Kandela tailerrean, parte hartzaileek argizariarekin kandelak eginez gozatu ahal izan dute eta egindako kandela etxera eraman.

Egoitz Galartzak, Gipuzkoako Erlezain Elkarteko albaitariak liztor beltzaren kezkari buruz solasaldia eskaini du. Momentuz, oraindik ez daude liztorrik erlauntzetan, ez dute kalterik egin. Hala ere, udaberri honetan inoiz baino liztor erregin gehiago harrapatu dituzte erlezainek ipinitako tranpetan. Hori dela eta, espero da udaran eta udazkenean aurreko urteetan baino liztor habi gehiago egotea. Liztor beltza kaltegarria da erleez elikatzen delako beraien umeei jaten emateko. Habia liztor habiez beteta dagoenean, erleek ez dute nahi izaten erlauntzetatik ateratzea eta ondorioz ez dago polen sarrerarik. 2010ean topatu zen lehen liztor beltza Gipuzkoan lehen aldiz, ondoren Bizkaiko kostaldera, Arabara eta Nafarrora hedatuz. Dirudienez Txinatik iritsi zen itsasontzi batean Bordeleko portura 2004ean eta bertatik hedatzen hasi zen. Liztor beltza oso azkar ugaltzen da, bere hedapen eta ugaltzeko gaitasuna ikaragarria da. Erregin batetik 200 erle berri sor daitezke. Bertako liztorra ere badugu, kalterik egiten ez duena eta oso ezezaguna dena. Gipuzkoako Erlezain Elkartetik ez dute erremedio eraginkorrik liztorraren aurka aritzeko. Hala ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak protokolo bat du martxan eta berau mantentzea da elkarteak eskatzen duena. Bide batez, elkartetik udalerri guztiek protokolo honetan parte hartzeko gomendioa luzatzen dute. Dena den, bestelako neurriak hartzea beharrezkoa dela deritzote, erleek bizirauteko aukera izan dezatela nahiz eta liztor beltza bertan izan.

Jarduera mokadutxoa janez amaitu dugu.

Erlezaintza

Ezti eta polen dastaketa