Emakumearen papera XVI. mendean
Prentsan Toti Martinez de Lezeari eta Jose Antonio Azpiazuri egindako bi elkarrizketa irakurtzerakoan, gai hau jorratzea pentsatu dugu.
Toti Martinez de Lezeak Mareas, Ttarttalok argitaratutako liburua plazaratu du, bertan, fikziozko 35 kontakizun biltzen ditu, euskal kostaldeko emakumeen baztertutako memoria berreskuratzeko asmoz.
Totik bere lan berri honetan emakume ostalarien, morroien, kontrabandisten, enpresarien, petrikiloen, kontakatiluen, emaginen, erromintxelen, batelarien eta kortsarioen garai desberdinetan girotutako 35 istorio biltzen ditu. Istorio batzuk benetazko gertakizunetan oinarrituak dira, adibidez, bi ahizpak Zumaian itsasontzi bat nola ontziratu zuten edo Isabel de Lobiano mutrikuarrak amodioagatik elizari aurre nola egin zion XVI. mendean.
Totiren iritziz, emakumeak inoiz ez du botererik izan, ezta Euskal Herrian ere.
Jose Antonio Azpiazu irakasle eta dokumentalistak idatzi zuen lehen liburua Mujeres vascas izan zen, dokumentu askotan agertzen ziren emakumeen gertakariak argitaratuz. XVI. mendeko idatzi eta dokumentuetan asko azaltzen da emakumezkoa, negozio-jabe bezala ere eta batez ere lihoaren inguruan. Emakumeak presentzia juridikorik ez zuen garai hartan, edozertarako gizonaren baimena edo sinadura behar zuenean, emakume ezkongabeek izugarrizko protagonismoa hartu zuten lihoa landuz. Eskribatu eta notarioengana kontratuak egitera joaten ari zirenean lortu zuten emakumeek askatasun juridikoa. Emakume ezkonduak eta mojak burua estalita zeramaten, burua beatila-rekin estaltzen zuten. Ohitura hau Penintsula guztian zabaldu zuten. Burukoak bi adar zituztenez, elizak sinbolo faliko bezala ikusi zuen, hala ere, euskal emakumeak beatila erabiltzen jarraitu zuen.
Armada Garaiezinaren porrotaren ondoren, merkataritzak porrot egin zuenean, Trentoko Kontzilioarekin, emakumeek askatasun juridikoa galdu egin zuten.