Elur motak

2021/01/11
Elur bakarra, txuria dagoela iruditzen zaigun arren, Pello Zabalak bere "Natura labur mintzo" izeneko liburuan biltzen dituen elur klaseak bildu ditugu oraingoan

Groenlandian, 60tik gora elur jenero bereizten omen dituzte, hemen ez hainbeste baina badira bai:

  • Elur bustia, euriarekin nahasian, maluta egin gabe, trinkotu gabe datorrenean. Iparraldean, elur urtua ari duela esaten dute. 
  • Elur-euria, beheraka agudo eta xuxen jausten delako, pisutsu, euritsu edo urtua. 
  • Elur-gesala, elur-baltsa, elur-kresala uzten du elur-euriak lurrera iristean. 
  • Elur bustiarekin ez da elur-maindire edo elur-izararik ezartzen. 
  • Elurra elurxeago denean, jardun-ahala, elur-lapar edo elur-nabar gelditzen da, elur-lapatsa, ezartzen hasi ez hasi, laster xurituko lukeena. 
  • Elurttiki xume eta xeheari modu askotara deitzen zaio: elur-hautsa, elurxe, elurxehe, elur pikor, pikorta, elurxintxar, elurgillo, elurpirrin, elurtxingo, elur-txipitx, elur-geldo, elur-irin, elur-izpi, elur-gazura, elur-kixika, elur-zirin....
  • Elur-gazura, herenegungoa. 
  • Elurra gorputz hartuta datorrenean, elur-malko, elur-malo, deitu izan zaio, malo-malo edo mara-mara ari duela adieraziz. Hortik elur-maluta eta elur-mallo edo elur-mulleta ere. 
  • Elkarri lapata, pega-pega, multzotuta datorrenean, elur-moltso, elur-hosto, elur zafla, hauek jada puska handiak direnean, mataza baten irudian, hortik elur-matazea deitzearena, batez ere elur-erauntsi formala eta itxia ari duenean. 
  • Dena urtzen hasten denean, elur-kresala geldituko da, elurra mehetu eta gesaltzen denean, eta plisti-plasta ibiltzeko tamainako elur-salda bihurtuko da.