Ekaina Igartubeitin

2019/06/04
Honela dio esaerak: “Ekaina, Eguzki-gaina”. Eguzki ordu gehien dituen hilabetea da ekaina, eta eguzkiak abenduan hasi zuen zikloa hilabete honetan osatuko du, biziberritu eta berriro hasteko. Landa eremuetako sineskeria zaharren arabera hilabete magikoa da ekaina, eta honek natura etenik gabe biziberrituko du, misterioz beterik. Baina hala ere baratzean eta ingurunean lurra lantzen jarraitu beharko da, lurrak emango baitigu bizigaia.

BARATZEA

Ekaineko lana ezinbestekoa izango dugu gure baratzean, udarako landaketa maiatza erditik aurrera eta ekaina hasieran egingo baititugu, eguzkiaren laguntza paregabearekin. Landaketarako aukera asko ditugu hilabete honetan, letxugak, piperrak kuiatxoak… Horien artean, ordea bada bat lur eta eguraldi hauetara urteetan zehar ezin hobeto egokitu dena: lekak.

Lekak  “bainak” bezala ere ezagutuak, babarrunaren familia berekoak dira. Hauen jatorria antzinakoa da,  k.a. 5000. urtean hasi baitzen leken laborantza. Batzuek diotenez Amerikako landare bat litzateke eta beste batzuek diotenez berriz Asia aldekoa. Dena den, Euskal Herrira XVI. mendean Ameriketan egindako espedizio eta konkistetatik iritsi zela esan daiteke. Nahiz eta nahiko azkar errotu, bere kontsumoa XIX. mendera arte ez zen erabat zabaldu. Gaur egun berriz, lur  honetara ederki egokitutako landarea da, eta udarako baratzeetan sarri aurkituko dugun laborea da.

Lekak Igartubeitin

Kolore eta forma askotako lekak daude, lore zuria, gorria… dutenak edo batzuk fruitu luzeagoa eta besteek zapalagoa dutenak. Bestetik bi multzo bereizi ditzakegu: arbatu behar direnak edo asko luzatzen direnak eta motzak. Arbatu beharrekoak hiru metroko luzera  hartu dezakete eta beraz oinarri edo makilaren bat (parda) jarri behar zaio. Eta bestea berriz leka motza, edo ez dena horrenbeste luzatzen eta beraz ez dago arbatu beharrik.

Leka landatzerako garaian gauzatxo bat kontutan izan behar dugu, oso garrantzitsua: nitrogenoa. Izan ere, lekadun guztiek bezala, beraien sustraietan dituzten bakterioek aireko nitrogenoa hartu eta lurrera eramaten dute. Ondorioz lekentzako lurra prestatzerakoan ez erabili simaurrik edo ez behintzat askorik. Bestalde lurrarekin jarraituz, karea botatzea gomendagarria da. Izan ere ura behar du baina ez oso lur itoa, eta ondorioz kareak ura errazago filtra dadin lagunduko digu lurra arrotuz. Aldi berean eguzkia gustatzen zaio, zurtoinean bete betean jotzen badio askoz hobe.

Apiril edo martxoan erein daiteke eta landatu berriz maiatza erditik aurrera, beraz ekaina hasiera ez da garai txarra horretarako. Errenkada luzeka egingo ditugu lehendabizi. Leka asko luzatzen denez, ilara batetik bestera 70 zm-ko tartea utziko dugu eta landare batetik bestera berriz 50 zm-ko tartetxoa. Landatu orduko makila luzeak jartzea ongi etorriko da, leka bere bueltan bildu dadin. Erlojuaren aurkako noranzkoan biltzen da.  Landatu berritan barraskilo eta bareekin kontuz ibili behar da. Eta hazten doanean berriz ongi begiratu ea hostoetan zorri beltza duen. Hala bada ura, xaboia eta tabakoaren nahasketa eman hostoetan.

Leka hurritz makilan kiribilduta

Uztari dagokionean berriz, udara aldean jasotzen hasi gaitezke uztaila erditik aurrera edo eta udazkenera arte ematen jarraituko digu. Aleak asko handitu eta zakartu aurretik bildu. Horrela gehiago ematen jarraituko baitu. Uzta ona izan bada, aspertu arterako lekak izango ditugu.

INGURUNEA

Gure inguruneak ere etenik gabe dihardu lanean, maiatzeko eta ekaineko indarraldia baliatuz zenbait fruitu agertu zaizkigu eta beste zenbait dastatzen hasteko moduan ere bagaude.

Esaterako lehenengo sagar aleak agertu zaizkigu. Adar punta bakoitzean ale asko dituela ikusten badugu bakantzea gomendagarria da. Honela, sagarrondoak energia gehiegirik ez galtzea lortuko dugu, hurrengo urteetarako uztari begira.  Oraindik ordea sagarrak jasotzeko goiz samar izango da nahiz eta barietateren bat jasotzeko moduan egongo garen ekaina amaieran, “goiz-sagarrak” deiturikoak, esaterako San Juan sagarra.

Lehenengo sagar aleak.

Baina jateko moduan aurkituko dugun fruitua ordea beste bat da, gerezia, gereziondoaren fruitua. Zuhaitzetan gorri-gorri ikusiko dugu, gure ahogozagarri. Baserri inguruetan gereziondoa aurkitzea oso ohikoa da, heskaia natural bezala ere erabili izan da eta. Edozein lur motatan bizi daiteke, baina lur sakon eta hezeak gustukoago ditu. Gereziak jan nah baditugu beharrezkoa dugu txertaketa egitea. Bestela zuhaitz basati bezala geratuko litzateke  eta oso ale txikiak emango dizkigu. Batez ere frutagintzarako landatzen da baina oso eraginkorra da erlezaintzarako, udaberriko lehen loraldia berea izaten delako. Eta bere zura ere preziatua da altzarigintzan.

Gereziak

Baina ekaineko kontuak ez dira hor amaitzen, ez horixe. Ekainean eguzkiak gaina jo eta udarari hasiera emango diogu, udako solstizio egunean edo San Juan gauean. Solstizio hitza latinezko “soles-stati” hitzetik dator. Hori dela eta suak eta argiak, urte osoan bezalaxe, egun honetan garrantzi berezia izango du. Eguzki-aldi osoa edo estazio aldaketa hori ospatzeko San juan sua egin izan da. Izan ere sua, etxekoa edo plazako San Juan sua, eguzkiaren luzapena zen, izaki bizidun bezala ulertu izan dena, hortik esate baterako “sua bizirik dago” edo "sua hil da” esamoldeak. Goizetan edo arratsetan eguzkia agurtzeko ohitura ere bazegoen.

Honela bada, eguzkialdiaren aldaketa honek gizakiarengan zirrara eta misterio ugari sortu izan ditu, eta gure inguruneak izaera magiko bat bereganatzen duela pentsatu izan da. Hori dela eta, ekaineko egun horietan gure iguruneko hainbat elementuk izaera berezia izango dute, eta baserriko bizitzarako baliabide material izateaz gain sinesmenei eta erritualei loturiko erabilera ugari izango dituzte.

Landareei lotutako ohiturei dagokienean esaterako, bat oso ezaguna lizarrarena da. Ekaineko solstizioko egunean lizarraren adartxo bat jartzen da etxeetako ateetan, edota baita haritzarena ere. Sinesmenen arabera, egun honetan biltzen ziren eguzkiloreak ere, hauek ateetan jarriz etxea babestu zezaten.  Sendabelarrak biltzeko eguna ere izaten zen, urte guztirako ukenduak egiteko, esaterako “sanjuanera” deritzona.

 Eguzki lorea Igartubeitiko atean

Landareez gain ere bazen  beste elementu bat aparteko garrantzia duena egun honetan eta batez ere garbitasunari begira: ura. Iturburuetara edota ibaietara joateko ohitura zegoen gorputza eta arima garbitzeko asmoarekin, urak egun horretan zituen baliabide magikoak baliatuz. San Juan egunsentiko ihintzetan oinutsik ibiltzeak ere onura ona zekartzala sinestu izan da.

Eta nola ez, eguzkiari eta solstizioari lotuta sua egun honen erdigunean egongo da. Herriko plazetan, hiriko auzoetan, baserri guneetan… sua pizteko ohitura dago. Izan ere suak garbitu egiten duenaren sinesmena zegoen, espiritu txarrak uxatu eta norbera babestuz. Horretarako ordea San juan suaren gainetik salto egin behar…

Badaezpada,  sinesmenek diote ekaineko solstizio gauean iturritxo baten ondoan kaxatxo txiki bat uzteko irekita. Gauean galtzagorriak bertara sartzen omen dira eta hurrengo goizean itxi eta behar denerako laguntza ona eskaintzen omen dute. Badakizue…

 .