Ekaina eder, uda halaber
Ekaina landaketak egiteko erabiliko dugu, lehen aipatu dugun bezala, lurra berotzen ari da eta horregatik egin behar ditugu orain landaketa gehienak: piperrak, babarruna eta artoa (erein), zerbak, tomateak eta lekak, adibidez.
Jarraian lekaren historia ezagutzen hasiko gara. Antzina Erdialdeko Amerikan eta Hego Amerikan ereiten zen. Gaur egun, ia mundu osoan lantzen da. Europarrek Amerikaren konkistan aurkitu zituzten babarrun berdeak, eta laster sartu zituzten Europako sukaldaritzan, eta XIX. mendearen amaieran lekale bezala merkaturatzen hasi ziren.
Ba al dakizue lekaleei beste modu batera nola deitzen zaien? Eltzekariak edo egoskariak deitzen zaie. Sinonimoek iradokitzen duten moduan, ale lehor hauek askotan eltze edo lapikoan prestatzen dira, egosita.
Lekak, leguminosa gehienek bezala, sustraietan dituen noduluei esker, lurrean finkatzen dute airean den nitrogenoa; beraz, garrantzitsua da kontuan hartzea non landatuko dugun, ez baitu ongarri organiko handirik behar.
Klima heze eta leuna eskatzen duen landarea da. Kontuz ibili behar da fungikoen, mildiuen edota euli zuria bezalako intsektuen erasoekin. Gomendagarria da prebentziozko tratamenduak egitea, baina kontuan izan behar dugu zer produktu erabiltzen ditugun eta zer eragin izan dezaketen. Onddoak eta beste zenbait gaitz ekiditeko beharrezkoa da landarea eta lurra ondo ezagutzea, baita ere monokultiboak ekidin eta errotazioa erabiltzea laborantza teknika bezala. Errotazioari begirada jarriz gero, dituen onurak ugariak izan dira. Ez soilik lurraren orekari dagokionez, baita ere elikadurari dagokionez. Historian zehar errotazioak elikadura hobea eta orekatuagoa ere eman die nekazariei, urte berean labore ezberdinak baitzituzten horrela.