Ehungintza eta jasangarritasuna ardatz duten bi tailer Igartubeitin, Museoen Nazioarteko Eguna ospatzeko
Igartubeiti baserri museoak ICOMek antolatutako Museoen Nazioarteko Egunarekin bat egiten du, “Museoen boterea" leloari jarraituz, ehungintza izango du ardatz, museoarentzako gai nagusietako baten, jasangarritasunaren, ikuspegitik gizartea eraldatzeko praktika gisa.
Horretarako, bi jarduera antolatu ditu, lihoa ehun bihurtzeko prozesuaren lan gogorra erakusteko eta jantziak berrerabiltzen laguntzeko.
"Oihala ehuntzea, hori bai li(h)oaI!" familientzako tailerrean parte hartzaileek ehungintza lanbidea, lihoaren landarea ehun bihurtzeko prozesua eta oihal baten oinarrizko egitura ezagutuko dute. Bakoitzak bere oihala ehungailuan sortuko du.
Maiatzaren 21ean, 16:30etik aurrera.
Ez da gelditzen tokirik familientzako tailer honetan parte hartzeko.
Ehungintza eta jasangarritasuna gaiei helduz, publiko helduari zuzendutako "Upcycling: Bizitza berri bat eman zure arropari" izeneko tailerra eskainiko du Igartubeitik, maiatzak 22an, 11:30etatik aurrera, Leire Santillan moda diseinatzailearen eskutik. Leirek moda jasangarriari buruzko aurkezpena eskainiko du tailerrari hasiera emateko eta ondoren parte hartzaileek etxetik ekarritako arropa konpontzeko, apaintzeko edo transformatzeko aukera izango dute,
Tailerrak edukiera mugatua izango du. Aldez aurretik izena eman behar da igartubeiti@gipuzkoa.eus helbidean, baita 943 72 29 78/72 51 07 telefono zenbakietan ere.
Doako sarrerak maiatzak 18an
Maiatzak 18an, asteazkenean, ate irekien jardunaldiak egingo dira, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara, sarrerak doakoak izango dira.
Museoen Nazioarteko Egunaren helburua da museoek kultura trukatzeko, kulturak aberasteko eta herrien arteko elkar ulertzea, lankidetza eta bakea garatzeko duten garrantziaz jabetzea. Maiatzaren 18an edo egun horren inguruan antolatuak, duela 40 urte baino gehiagotik.
Igartubeitik Museoen Nazioarteko Eguna ospatzen du bere lan-ildoari jarraituz, kultura-herentzia helaraziz egungo ikuspegi batetik. Gizarte-eraldaketa jasangarria sustatuz, kultura-ondarearen hezkuntza- eta gizarte-ikuspegi batetik.