Barrikote: sagardo kulturaren festa

2024/02/21
Barrikotea ospatuko dugu Igartubeitin, martxoaren 16an. Festa arratsaldeko 16:30etan hasiko da, eta 19:00ak arte luzatuko da programazioaren barruan antolatu ditugun jarduera anitzekin

Barrikote 2024

Martxoaren 16an, larunbatean, arratsaldeko lau eta erdietatik aurrera, Ezkioko Igartubeiti Baserri Museoak Barrikote festaren XX. edizioa ospatuko du. Sagardogintzako lan guztiak amaitzen direnean antolatzen den ohitura zaharrenetarikoa da festa hau, ziklo oso baten emaitza. Jardunaldi hau ospatzeko askotariko eskaintza gastrokulturala antolatu dugu, mota guztietako publikoentzat eskainia. Sarrera 3 eurokoa izango da (doakoa sei urtetik beherako haurrentzat).

Programazioari 16:30etan emango diogu hasiera. "Sagardotegiko jolasak!" familientzako tailerraren bitartez, parte hartzaileek, garai bateko sagardotegietan bezala, boloetan eta tokan jolasteko aukera izango dute. 

Ondoren, 17:30etan, Barrikotea irekiko da. Txotxa kirikoketa eta trikitixa emanaldiekin egongo da girotuta. Musika saioekin batera, Zeraingo Oiharte baserriko sagardoa eta bertako produktuekin eginiko afari-meriendaz gozatzeko aukera izango dugu. 

Barrikote2024_Programa

Barrikotearen historia
Igartubeitiko barrikotea prozesu luze baten, ziklo baten emaitza da. Antzina, lan guztiak amaitzen zirenean, upel bat muztioz betetzen zuten. Bi aste beranduago bizilagunen arteko festa bat antolatzen zuten Barrikotea dastatzeko. Baserri Museoan, sagardoa dastatu aurretik lan ezberdinak burutu behar izan dira, besteak beste, sagarrondoak zaindu, sagar uzta bildu, dolarean zanpatu eta muztioa kupeletan irakin.

Izen emateak
Jarduera honetarako aurrez eman behar da izena, online, igartubeiti@gipuzkoa.eus-en edo 943 72 29 78 telefonoan.