Cindy Gibbons, Parks Canadako zuzendaria Igartubeitin

2011/05/16
Parks Canadako Cindy Gibbons zuzendaria, Delphina Mercer teknikaria eta beste zenbait lagun Igartubeiti Baserri Museoa bisitatu dute.

Parks Canada"ko urpeko arkeologoek 1978. urtean Pasaian eraikitako XVI. mendeko San Juan ontzia aurkitu zuten hondoratuta, Labradorreko Red Bay herrian.  Geroztik Kanadako gobernuko erakunde honen ikerlariek, lekuaren azterketa sakon baten ondorioz, bertan hondoraturiko euskal jatorrizko baleazale ontziteri aberats bat agerian utzi dute. Ontziteria hau lau baleontzi, hiru baletxalupa eta batel batez osatuta dago.

Ur-azpiko indusketa arkeologiko hau XVI. mendeko ontzigintzari buruzko garrantzitsuena da, eta hankaz gora jarri ditu ordurarte ezarritako teoria asko, bide batez nazioarteko adituei Gipuzkoaren eta Euskal Herriaren maila teknologiko gorenaz jabetzeko aukera emanez. Hainbestekoa izan da Red Bayko aurkikuntzen eragina itsaspeko arkeologian, San Juan baleontzi gipuzkoarraren irudia UNESCOren urpeko ondarearen ikurra dela gaur egun.
San Juan baleontziaren gipuzkoar jatorria dela-eta, Parks Canada eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultur sailaren artean lankidetza harreman bat bideratuta dago. Bestetik, INSUB Euskal Herriko urpeko arkeologia taldeak Red Bayko indusketan parte hartu zuen, eta zenbait arkeologo, etnografo eta ikerlari izan dira elkarlanean Parks Canadarekin.

Albaola Itsas Kultur Erakundeak, Itsasontzi Tradizionalen Ikerketa eta Eraikuntza Zentroan, Parks Canadaren gidaritzapean XVI. mendeko baletxaluparen bi erreplika eraiki zituen 2004 eta 2005. urtetan.
Horietako txalupa batekin, Albaolak 2006an Apaizac Obeto espedizioa gauzatu zuen Kanadako ekialdeko kostaldean. Espedizioak eragin mediatiko handia izan zuen Euskal Herrian eta Kanadan.

Oraingoan, Parks Canada erakundeko Cindy Gibbons zuzendaria eta Delphina Mercer teknikaria etorri zaizkigu Igartubeiti Baserri Museora bisitan. 

Talde argazkia Igartubeitin