Bizi Sagardoa

2013/04/19 sagardoa
Euskal Herriko Sagardoaren Kultura eta Turismoa Sustatzeko elkarte berria sortu da.

Euskal Herriko Sagardoaren Kultura eta Turismoa sustatzeko Elkarte berria sortu da gaur Donostiako Aquariumean, BIZI SAGARDOA izenarekin. Sagardoa eta turismoaren munduan lan egiten duten zenbait eragileek hartu dute parte ekiltaldi honetan, elkarlanerako elkarte berri bat sortzeko helburuarekin. Asmo horretan, eragile ugarik elkar hartu dute Elkarte berriaren sinadura ekitaldian, eta beren babesa ematera inguratu diren eragileak ere asko izan dira.

Bizi Sagardoa

Sagardogileen Elkarte desberdinek (gaur egun Federazioa osatzen dute) eta sagardoaren eta turismoaren inguruko zenbait eragilek bilerak hasi zituzten 2011n elkarlanerako bideak bilatzeko eta beharrezko ikusi da hori guztia bideratuko duen Elkarte berri bat sortzea. Elkarte berriak zabala izan nahi du eta sagardoaren eta turismoaren munduarekin zerikusia duten eragileentzat ateak zabalik izango ditu. Gaur Donostiako Aquariumean egindakoa bide luze baten lehen pausoa izatea aurreikusten da, eta proiektuak garatzen eta bidelagunak biltzen jarraituko du orain BIZI SAGARDOA elkarte berriak, sagardoaren kultura eta turismoa sustatzeko helburu garbiarekin. Bide hori sendoa izateko parte hartzea izango da elkarte honen oinarrietako bat, eragile guztien arteko parte hartzea. Harremanak estutu eta elkarlanerako guneak bilatzea izango du helburu, 2011n hasitako bideari jarraituz. Sinatzaileek garbi dute egun historikoa dela gaurkoa Euskal Herriko sagardoaren historian, inoiz ez baita lurralde desberdinetako hainbeste eragile lotuko dituen proiekturik gauzatu eta etorkizunean gehiago batzen joateako pausoak ematea espero da.


Sagardoa Euskal Herriko kulturaren parte izan da milaka urtean eta aberastasun hori balioztatu eta jendearen eskuetan jartzea izango da elkarte berriaren helburuetako bat. Horretarako, sagardogileen Elkarteek eta Federazioa ez ezik, udalek, garapen agentziek, museoek, bestelako elkarteek, fundazioek eta abar luze batek eman dute elkartzeko pausoa BIZI SAGARDOA elkartean.
Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroako 67 sagardotegik, bederatzi Udalek, fundazioek, museoek, zenbait enpresek eta beste zenbait eragilek sortu dute elkartea eta guztion artean talde sendo bat osatu dute aurrera egiteko.


Izan ere, sagardoaren sektorea hasia da jada turismoaren eta kulturaren inguruan lehen pausuak ematen. Bide horretan, sagardoaren eta gastronomiaren turismoan zenbait proiektu aurrera eramaten ari dira sagardotegiak, museoak, fundazioak, eta zenbait herri: turismo sektorera egokitu eta produktu turistikoak sortuz, inguruko baliabideekin elkarlanean beti ere.