Bitxigintza berria ondare etnografikotik abiatuta

2023/10/18
Igartubeiti Baserri Museoan bitxigintza eta laia, euskal ondarearen pieza esanguratsua ardatz duten jarduerak izango dira Ondarearen europako jardunaldien barne. Erakusketa, hitzaldia eta familientzako tailerra izango dira. Aranzadi Zientzia Elkarteko Etnografia Laborategiak eta Bideberri BHIko Bitxigintza Diseinuko Goi Mailako Zikloak antolatuta

Ondare etnografikoa, gure baserrietako tresna zaharrak eta aintzinako objektuak inspirazio iturri bihurtuko ditugu. Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Bideberri BHIko Bitxigintza Diseinuko Goi Mailako Zikloko ikasleak elkarlanean ondare etnografikoan oinarritutako bitxiak sortu dituzte, eta sorkuntzak hitzaldi eta erakusketa baten bidez erakutsiko dira. Hitzaldia urriaren 28an, goizeko 11:00etan izango da Igartubeiti Baserri Museoan. Eta erakusketa, azaroaren 6ra bitartean izango da ikusgai, Igartubeitin.

Etnografiaz gain, bitxigintza prozesuaz eta artisautza lanaz ere hitz egingo dute Marta Fernandezek, Bideberri BHIko Bitxigintza Diseinuko Goi Mailako Zikloko irakasleak eta Maite Errarte, Aranzadi Zientzia Elkarteko Etnografia Laborategiko historialariak.

“Egizu zure bitxia laiekin!” familientzako tailerra, berriz, urriaren 28an, 16:30etatik 18:00etara izango da Igartubeiti Baserri Museoan.

Laia Euskal Herriko oin-golde motako laborantza tresna da, bi eskuekin erabilia, erabiltzen zutenei laiariak deitzen zitzaien.

Famili tailer honetan egurrezko laiak erabiliko ditugu bitxiak sortzeko. Euskal ondarearen pieza esanguratsu hau Marta Fernandez bitxigilearen eskutik eraldatuko dugu, ondarea guarkotasunera ekarriz.

Ekintza Bideberri BHIko bitxigintza artistikoko ikasleen laien bitxi formako interpretazio garaikidearen erakusketarekin bat doa.

Prezioa, 3€. Kopuru mugatuak.

Tailerrean parte hartzeko izena eman behar da: online, 943 72 29 78 / igartubeiti@gipuzkoa.eus.