Bi kalitatezko zigilu sagardoarentzat:Gorenak eta Eusko Label

2011/03/11 sagardoa
Gipuzkoako hamahiru sagardotegik Sagardo Mahaia Elkarteak bultzatako "Gorenak" kalitatezko zigilu pribatuko lehendabiziko sagardo botilak aurkeztu dituzte Hernaniko Zelaia sagardotegian. Beste gipuzkoar, bizkaitar eta arabar sagardogile talde batek, Eusko Label zigiluaren alde egin du eta udaberrian dastatu ahal izango da sagardo hau.

Gorenak zigiluko sagardotegiak tamaina ertain edo handikoak dira, Gipuzkoa osoan ezkoizten den sagardoaren %50ren arduradunak dira eta txotxetik baino gehiago botilatik bizi diren sagardotegiak dira. Alorrene (Astigarraga), Altzueta (Hernani), Barkaiztegi (Martutene), Begiristain (Ikaztegieta), EgiLuze (Errenteria), Gartziategi (Astigarraga), Gaztañaga (Andoain), Gurutzeta (Astigarraga), Isastegi (Aldaba Txiki, Tolosa), Olaizola (Hernani), Sarasola (Asteasu), Zapiain (Astigarraga) eta Zelaia (Hernani) dira.

Sagardo Mahaia Elkarteko bozeramaileek diotenez, kalitatezko zigilu pribatu honen helburua sagardozaleari sagardorik onena bermatzea eta sagardoaren sektorea indartzea dira. Horretarako, sagastien eta sagardoaren lanketarako neurriak eta bertako sagarraren aldeko konpromezu argi eta sendoak hartu dituzte. Besteak beste, bertan ekoiztutako sagar homologatu guztia erosteko konpromezua, sagardogileen sagar premiak asetu arte.
Bestalde, sagardoaren elaborazio prozesu osoa kontuan hartzen duen araudi bat sortu eta ezarri dute, sagastietatik hasi eta sagardoa ontziratu artekoa: kalitatezko sagarrak, dentsitate kontrola, PH-aren analitika, azidotasun aldakorraren kontrola... Araudi hori zorrotz bete beharko dute Sagardo Mahaiaren ziurtagiria lortu nahi duten sagardogile guztiek.

“Gorenak” kalitatezko zigilua, sagardo botilaren goikaldean jartzen den urre koloreko zuhaitz baten marrazkia daraman kolore beltzeko estalki batekin bereizten da. “Gorenak” hitza tamaina handian azaltzen da eta honako leloa letra txikiagoan: 'Euskal Herriko Sagardo Gorenak.

Gorenak logoa

Eusko Label zigiluko sagardoa ehuneko ehunean bertako sagarrarekin egindakoa izango da eta 2011ean 800.000 litro inguru sagardo aterako dira merkatura. 

Eusko Labelean izena eman duten sagardotegiak 29 dira, 19 Gipuzkoan, 9 Bizkaian eta 1 Araban. Horietatik aurten 20k egingo dute sagardoa, 14 Gipuzkoakoak eta 6 Bizkaikoak. Gainerakoak hurrengo urtean hastea espero da interesa erakusten ari diren gainerako sagardotegiekin batera. Aurten sagardoa egingo duten sagardotegiak hauek dira: Gipuzkoan, Aburuza, Aginaga, Añota, Astarbe, Baleio, Bereziartua, Eula, Iparragirre, Lizeaga, Ola,Petritegi, Rezola, Saizar eta Urbitarte; eta Bizkaian: Axpe, Etxebarria, Kandi, Laneko, Malgarrazaga eta Uxarte.

Kalitatea Fundazioak, inspekzio eta kontrolak egingo ditu araudiak ezartzen duenaren haritik sagastian, instalazioetan eta elaborazio prozesuan. Ondoren, azterketa fisiko-kimikoak egingo ditu laborategi batean, sagardoak araudiak biltzen dituen kalitate parametroak betetzen dituela ziurtatzeko. Bukatzeko, enologo, teknikari, sumelier, sagardogileek osatutako Kalifikazio Komiteak, sagardoen analisi sentsoriala burutuko du, Eusko Labelerako onartuak diren edo ez baieztatuz.

 

Eusko Labeleko sagardoa

Eta zuk zer eritzi duzu bi sagardo zigilu hauei buruz?