Baserritarren ekimenak koronabirusaren aurrean

2020/04/08
Egoera berezi honen aurrean Euskal Herriko bazter ezberdinetako baserritarrak irtenbide eta ekimen ezberdinak bilatzen ari dira beraien lanak aurrera atera eta herritarrei bertako elikagaiak eskaintzen jarraitzeko. Horregatik, Igartubeiti Baserri Museotik baserritarren lanari aitortza egin nahi diogu, aldiro aldiro gure webgunean beraien ekimenen berri emanez.

Landa eremutik zetorren haizeak dagoeneko bazekartzan hainbat oihu urrun baserritarren aldarrikapen eta hausnarketekin. Eta osasun larrialdi honek mahai gainean jarri du gure egunerokoan nekazalgoak duen garrantzia.

XIX. mendean zientzia sozial eta ekonomiako pentsalarien arabera nekazalgoa edo baserritarra historiako gertakizunetatik at zegoen talde soizal bat zen, “historiarik gabeko” jendea zen. Garai hartako pentsalari batek esate baterako, Friedrich Engelsek, honela definitu zituen: “historiako gertakari handiak bere albotik iagarotzen dira, beraiek ohartu gabe. Zenbaitetan gertakarien inertziak mugiaratzen ditu, horien jatorriaz kontziente izan gabe.”

Ikuspegi honen arabera, baserritarrek ez dute  historiako gertakairetan ardura garrantzitsurik izan. Bere bizitzeko modua eta bere kultura dela eta, historiarik gabeko jendetzat hartu izan dira, agente pasibo hutsak alegia. 

Baina bizi dugun egoeraren aurrean, Igartubeiti Baserri Museotik planteatzen dugu ea baserritarraren definizio eta ikuspegi hau egokia edota zilegi ote den. Osasun krisi honen aurrean, zeinak aldi berean bizitzako beste zenbait alorri ere eragin dion, zaintza edota elikadura esate baterako, baserritar ezberdinek han hemenka ekimen ezberdinak aurkeztu dituzte. Eta esan liteke planteamendu hauek  ardura eta antolaketa maila handia erakusten dutela. Eta honek aldi berean baserritarrekiko egon den ideia edo irudia birplanteatzeko beharra azalerazi du. Izan ere muturreko egoeren aurrean lekuan lekuko landa eremuetatik irtenbide eta alternatibak badirela baieztatu da. Eta Igartubeititik lan horien berri eman nahi dugu.

Baserriak historian zehar bere bizimoduari eragin izan dioten arazo edo zailtasunenei, izan ekologikoak, sozialak edo ekonomikoak,  aurre egiten jakin izan du, askotan modu artistiko eta irudimentsuan gainera, egoera berri horietara ekokitzeko baliabide eta lanabes berriak sortuz. 

Carlo Levi idazle Italiarrak horren adibide txiki bat utzi zigun bere “Cristo se detuvo en Éboli” liburuan. Bertan XX. mendeko lehen hamarkadetan Gagliano herrixkako (Italia) nekazariek bizi zuten egoeraren berri ematen digu. Osasun zerbitzu eskasek eta mediko faltak eragin da nekazari ugari hil ziren herrian. Honek eragindako ezinegonaren aurrean antzerki herrikoi bat antolatu zuten. Antzerkiaren bidez arazoa plazaratu eta irtenbide bat bilatzea zen helburua. 

Orain modan dagoen “erresilientziaren” ideia litzateke. FAO-k (Elikaduraren eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeko Organizazioa) honela definitzen du ideia hau: “Pertsonek, komunitateek eta sistemek muturreko egoeren edo krisien aurrean kalteetatik  babesteko eta ondoren indar berriturik irteteko duten ahalmena”. Esan liteke ideia hau baserriaren izaeraren parte dela. Historian zehar baserria erlazio sare sozial sendoez inguraturik egon da, honelako egoeren aurrean aktibatzen zena, edota besterik gabeko egunereoko baserriko lanak burutzeko baliatu izan dena (erein, uzta jaso…). Auzolanaren ideia honek, bere kontradikzio eta mugekin, oraindik orain indarrean dirau, bizi dugun egoera honen aurrean baserritarrek horixe erakutsi digute behintzat. 

 Hori dela eta, Igartubeiti Baserri Museotik ekimen hauen berri eman nahi dugu. Honela baserritarren lana eta ardura argitara emanez  eta aitortuz.