Baserrietan garo usaina izaten zenekoa

2020/09/03
Irailak ere badakar bere mintzoa. Eta baserri munduan historian zehar hilabete honen soinua azkar asko entzungo zuen baserritarrak. Gurdia prest eta igitaia eta sega zorrotz, garotara joateko garaia izan ohi zen iraila. Gaur gaurkoz garorik ez, baina bestelako ongarriketak behintzat egiten hasteko garaia litzateke iraila.

BARATZEA

Gure baratzeko lurrak udazken eta neguko landareez estali aurretik, iraileko lehen asteetan udarako azken uztak jasotzeko azken abagunea izango dugu: tomate, piper, kuiatxo… Eta hauen alboan berriz jada artoa eta babarruna arro agertuko dira, udazkenean baratzeko jaun eta jabe izango dira eta besteak beste. Eta hauekin batera udazkenean zehar beste uztaren bat jaso nahi bada, orain landatu aza, azalora, azelga edota porruak. 

Sagarraren denbora ere badator, eta berarekin batera baita mahatsarena ere. Hala dio esaerak: “iraila hasteko euria, mahatsaren edaria”. Izan ere ez da ahaztu behar, antzina dolareetan udazkeneko hilabeteetan sagardoa egiteaz gain mahatsarekin ardo eta txakolin andana ere egiten zela bazter hauetan. 

Iraila hilabetearen  nondik norakoei dagokienean, antzina, Romuloren garaiko Erroman  7. hilabetea izaki “september” izena eman zitzaion. Latinetik datorren hitz hau, gaztelanian bere horretan geratu da, “septiembre”, nahiz eta beste erromatar enperadore batek 9. hilabetera pasa zuen. Euskaraz ordea beste izen batzuk hartu ditu, zenbakiei erreparatu ordez gure ingurunearekiko izan dugun harremanaren adierazle lirateke izen horiek, historiaren lekuko alegia. Gogoratu, izena duen oro da! Oro har iraila da hilabete hau izendatzeko erabiltzen den izendagaia. 

Ez da harritzekoa. Burutu beharreko lanen ondorioa dela esan daiteke. Izan ere, iratzea (hortik letorke iraila, iratzearen hilabetea) edo garoa jasotzeko hilabetea izan da. Zergatik edo zertarako? Baserriko ekonomiaren beharrizanak asetzeko baliabide izan delako. Garoa  inaurkina egiteko biltzen zen. Neguari begira, ukuiluan abereen oheak edo azpiak egiteko alegia. 

Argazkia: Mikel Mandiola

Baina ez da hor amaitzen garoaren ibilbidea. Inaurkin horiek, abereen gorotzekin nahasturik, aberastasuna zen baserriarentzat. Ongi lehorturik belaze eta baratzean banatzeko erabiltzen zen ongarri modura. Beraz irailean mendi magaletan bildutako garoa berriro ere lurrera itzultzen zen. Honela garoaren ezaugarri ezberdinei esker (magnesioa besteak beste) lurra mineral ezberdinez ornitzen zuten baserritarrek, ondoren lur horretan barazki ezberdinak landatu edo erein ahal izateko. Zientzialariak ote gure baserritarrak? 

Ekintza xumea dirudi, baina pentsatuz gero arlo ezberdinen arteko loturak aurki daitezke. Hau da, oro har ekintza ekonomiko gisara hartu zitekeen. Inguruneak eskainitako baliabide baten ustiaketa alegia. Gainera berau, modu ordenatu batean egiten zen, antzina neurri ezberdinez araututa baitzegoen garo edo iratze biltzea.  Beraz arlo ekonomikoa lurraren kudeaketaren arloari eta jabegoaren auziari ere lotzen zaio, komunalen afera alegia.

Baliabide horri ondoren baserriko lan-”produkzioari” zegokionean erabilera bat ematen zitzaion, ganaduaren inaurkina edo oheak egitearena alegia, bestelako baliabide edo produkturik erosi beharrik gabe,  edo neurri handi batean ekidinez. 

Eta ekintza horretan sortuko zen hondakina bera ere baliagarri izango zuten.  Kasu honetan “hondakin” hitza edo kontzeptua ez da egokiena, edo behintzat ez genuke “albo kalte” bezala ulertu behar, hau da produkzio kate horretan eragin dugun erabilerarik gabeko hondakin bezala. Ez horixe. Hondakin hori ximaurra da, baserritarrarentzat prozesu honetan lortuko zuen baliabiderik aberatsena eta maitatuena alegia. Ximaurra ongarri bezala, berriro ere soroan zabalduko da, lurrari lehen hartua berriro itzuliz. Azkenik beraz, ekologiaren alorra ere lotzen zaio. Eta noski ezin daiteke ahaztu garoa kultur ondare bezala, hau da garoaren atzean dagoen historia biltzen eta irudikatzen duen imaginarioko elementu bezala alegia. 

Hau da, elementu jakin batetik abiatuz, garoa, agerian jartzen da “ekonomia primitibo” edota “autosufizientziarako ekonomia” bezala definitu izan den horrek, gaur gaurkoz  indarrean dauden ekonomia zirkularra edota erresilientzia bezalako teorizazioen ezaugarriak betetzen zituela. Eta aldi berean, ekonomia auzi autonomo bezala pentsatu eta ulertu ordez, bizitzako alor ezberdinak elkar lotuta daudenaren eredu xume bezain adierazgarria dugu garoarena. 

Argazkia: Mikel Mandiola

Txomin Agirrek idatzitako Garoa liburua ere  aipatzekoa da, gai honi gagozkiolarik. Baserri mundu “egonkorra” desorekatzen hasten denean idatzitako eleberria da. Mundu tradizionala eta modernitatearen talka bezala ulertu litekeena, eraldaketa historiko, kultural eta sozialaren isla baserri mundura eraman da alegia.  Gaur egun ere oraindik orain indarrean dirauen eztabaida dela ere esan liteke. Globalizazioaren gailurrean bizi garen honetan, lekuan lekuko ezaugarri eta historia partikularren bizirautea zalantzan edo behintzat eraldaketan dagoen honetan, nolakoak izango dira gure baserriak eta beren lana eta irudikatzen duten iruditeria etorkizunean?  Beraien historiari uko egin gabe nola egokitu globalizazioaren eta erronka berriak dituen gizarte honetara? Baserriak nahi ditugu, baina horretarako ez al dira baserritarrak behar?

HISTORIAK ETA PAISAIAK BAT EGITEN DUTENEAN

Garoaren inguruan ikusitakoarekin, historiako gertakariek baserritarren bizimoduan eta lan baldintzetan ere eragiten dutela ondorioztatu daiteke. Eta gertaera hauen inguruko informazioa inguratzen gaituen paisaian eman diren aldaketetan irakur daiteke.  Erlazio kate bat bezala ulertu daiteke eta. 

Zergatik  diogu hau? Garoaren kasuan esate baterako oso nabarmena izan delako gertaera historikoen eta baserritarrek paisaia edo natur baliabideak kudeatzeko izan duten moduen arteko erlazioa eta talka. Komunalen galerak eta industrializazioaren gizarteak exijituriko eskariek garoaren lanen akabera ekarri baitzuen, besteak beste.

Garoaren ornidura ez zen nahi bezala eta nahi adinakoa izaten, neurri zorrotzez egituratuta zegoen lana zen. Izan ere, norbere sailetan behar bezain beste biltzeko aukerarik ez bazuten, herri lur edo “komunaletatik” atera behar izaten zuten garoa. Eta esan bezala horretarako bete-behar eta neurri zehatzak zituzten, komunal horien parte zirenek derrigorrez bete behar zituztenak. Gainera, garoarena ez zen kasu bakarra. Baserriko ekonomia asebetetzeko baserritarrak herri lur haietatik baliabide ugari behar zituen: egurra, fruituak, ganaduarentzako belazeak, etab. Lan honek paisaia modu batekoa edo bestekoa izatea ere eragin du.

Beraz, herri lur horien kudeaketan gertatzen ziren eraldaketek eragin zuzena zuten baserritarrarengan, nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzaren jardueretan eta paisaian. Gerra Karlistek euskal nekazalgoan izan zuten eragina nabarmena da. Batez ere lur komunalei dagokienean. 

Karlistaldien aurretik jada, 1808-ko ekainean  Gipuzkoako juntak, Independentzia Gerraren ondorioak zirela eta komunalen salerosketa baimendu zuen. Eta ondorengo Gudu Karlistek eta etorri ziren lege liberalek komunalen desamortizazioa deiturikoa bultzatu zuten.  Salerosketa horietan ordea baserritar gutxik hartu zuten parte. Kasu gehienetan jauntxoak eta herriko boterea eta administraritza eramaten zuten funtzionario publikoak izan ziren lur horien jabe egin zirenak. Horren aurrean baserritarren kexa eta matxinadak ez ziren makalak izan. Baserriaren ekonomiarako beharrezkoak zituzten mendi lur, baso eta belazerik gabe geratu ziren baserritarrak, horiek eskuratzeko botere borrokan urrun baitzeuden, nahiz eta lur sail horien zaintza eta kudeaketa beraiek burutu. 

Honela lur komunalik gabe geratuz joan ziren nekazariak. Jabego berriek,  erosi berri zituzten lursailak mugatzeko lehen ez zegoen tokian itxiturak ezarri zituzten. Ondorioz antzinako komunaletarako sarbideak itxita zituzten baserritarrek. Basoen soiltze prozesua ere oso indartsua izan zen, jabego berriek inbertitutako kapitala berreskuratzeko helburua baitzuten eta gerrako beharrak eta gastuek egur eskaria handitu zuten.

Gabiriako baserritarra 1960 (Gure Gipuzkoa)

Oso adierazgarriak dira egoera honen inguruan Olaberriako bikarioak orduko Diputatu nagusiari idatzitakoa, Arantza Otaegik bere “Guerra y crisis de la hacienda local” lanean jaso zuena:

“En muchos pueblos, especialmente en pequeños, tres o cuatro Zorriprestus, Beti-Alcates, prepotentes, caciques, se han hecho estos años pasados marqueses de repente, indianos sin que ninguna flota se les haya venido de América con lo que han usurpado o robado de los bienes concejiles”.

Komunalen inguruko afera honi, gerrek baserriarengan ezarritako gainkarga gehitu behar zaio. Alde batetik baserritarrak gerrara soldadu gisara joateko behartuak izan ziren. Baserritarren uzta armadak konfiskatzen zuen, ganaduarekin batera. Eta erresistentziaren ordainak kalte handiagoa zekarren: baserria kiskaltzea.

Honela beraz, paisaiak ere gertaera historikoen berri ematen digu. Antzinako mendeetan gertatu denaren ondorioa da gaurko paisaia. Eta biharkoa gaurko gertaeren ondorio da dagoeneko.